Ingurumen Departamentuak Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen diagnostikoa egin du
Ingurumen Departamentuak Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen diagnostikoa egin du
Diagnostiko honen helburua da gure ekosistemak lehengoratzeko eta babesteko jarduerak planifikatzea.
Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen Sareak 541 km2 hartzen ditu, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren % 25 inguru; eta lurraldean dauden paisaia mota handi guztiak biltzen ditu, hala nola kostaldekoak, mendikoak, landa eta hiri inguruneetakoak eta ur gezako sistemetakoak. Guztira 104 elementu mugatu dira.
Ingurumeneko webgunean GIS bisore bat ipiniko da, funtzionaltasun ekologikoan eta zerbitzu ekosistemikoetan oinarritutako irizpide teknikoen arabera mugatuta, eskualdeko lurralde antolamenduetan (LPP) eta hirigintza plangintzetan kontutan izan dadin.
Lan ildo berri hori "Gipuzkoa Klima 2050" estrategian jasota dago, eta biodibertsitatearen galera tasa kezkagarriari aurre egiteko bere garaian onartutako Europako zuzentarauei erantzuten die, horixe baita aurre egin behar diogun ingurumen krisi nagusietako bat.
Jose Ignacio Asensio: "Azpiegitura berdeak funtsezkoak dira gure ekosistemen jarraitutasun ekologikoa bermatzeko, eta klima aldaketaren aurkako borrokan zeregin garrantzitsua betetzen dute, CO2 hustubide nagusiak baitira". “Gure ongizatea, osasuna eta ekonomia ekosistemen kontserbazio egoeren mendean daude”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak lan ildo berri bati ekin dio Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen Sarea mugatzeko, horrela, biodibertsitatearen galeraren krisiari aurre egiteko eta gure ekosistemak lehengoratzeko eta babesteko jarduerak planifikatzeko. Lehen urrats gisa, sare hori planifikatzeko diagnostikoa egin da, eta gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute Jose Ignacio Asensio eta Monica Pedreira Ingurumeneko foru diputatuak eta zuzendariak.
Europako Ingurumen Agentziak (AEMA) 2020an Europako ingurumen egoerari buruz argitaratutako azken txostenaren arabera, ingurumena inflexio puntu batean dago, eta premiazko plangintza ekintza bat behar du lau ingurumen krisi handiei aurre egiteko: klima aldaketa, biodibertsitatearen galera, natura baliabideen gehiegizko ustiapena eta kutsadura. Txostenean adierazten denez, milioi bat animalia eta landare espezie desagertzeko arriskuan daude datozen hamarkadetan, eta biodibertsitatearen krisi global horrek ondorio suntsitzaileak ditu naturan eta ekosistemetan, degradatu egiten baititu, eta horrek eragin negatiboa du berotze globalean, CO2 hustubide nagusiak baitira. Egoera hori ikusirik, Europako Batzordeak lehorreko eta itsasoko eremuen % 30 babesteko helburua ezarri du.
Ildo horretan, Ingurumen Departamentuak lurraldeko azpiegitura berdea planifikatu eta hobetu nahi du, hiru helburu nagusirekin: klima aldaketaren aurrean lurraldeak duen erresilientzia hobetzea eta haren egokitzapena sustatzea; lurraldearen konektibitate ekologikoa bermatzea; eta pertsonek natura ingurunearekin harremanak izan ditzaten erraztasunak ematea.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, "azpiegitura berdeak funtsezkoak dira gure ekosistemen jarraitutasun ekologikoa bermatzeko, eta klima aldaketaren aurkako borrokan zeregin garrantzitsua betetzen dute, CO2 hustubide nagusiak baitira". Foru diputatuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela gure lurraldea zatikatzen duten eten ekologikoak identifikatzea, degradatutako ekosistemen egoera hobetzea eta gure biodibertsitatea zaintzea. "Kapital naturala garapen jasangarriaren oinarria da; gure ongizatea, osasuna eta ekonomia ekosistemen kontserbazio egoeraren mende daude". Europako Batzordeak emandako datuen arabera, munduko BPGaren erdia inguru naturari lotuta dago.
Egindako diagnostikoaren arabera, Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen Sareak 541 km2 hartzen ditu, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren % 25 inguru; eta lurraldean dauden paisaia mota handi guztiak biltzen ditu, hala nola kostaldekoak, mendikoak, landa eta hiri inguruneetakoak eta ur gezako sistemetakoak Guztira 104 elementu mugatu dira. Lan horretan, metodologia propio bat sortu da etenak identifikatzeko eta azpiegitura berdeen sareko elementu guztiak babesteko beharrezkoak diren ingurumena lehengoratzeko, birnaturalizatzeko edo desfragmentatzeko jarduketak definitzeko.
Ingurumeneko webgunean GIS bisore bat ipiniko da, funtzionaltasun ekologikoan eta zerbitzu ekosistemikoetan oinarritutako irizpide teknikoen arabera mugatuta, eskualdeko lurralde antolamenduetan (LPP) eta hirigintza plangintzetan kontutan izan dadin.
Hobekuntza arlo horiek identifikatu ondoren, egin beharreko jarduketak lehenetsiko dira, eskualde mailako azterlanak eta inbertsioak egingo dira Debabarrena eskualdeko pilotajearekin hasita, Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen Plan bat egingo da haien jarraitutasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko jarduketak eta inbertsioak definitzeko, eta udalerriei laguntza emango zaie Azpiegitura Berdea hobetzeko jarduketetan.
Ildo horretan, dagoeneko laguntza eman zaie Gipuzkoako udalei, guztira 58.000 euro, tokiko azpiegitura berdea hobetzeko dirulaguntzetan. Dirulaguntzak Altzo, Olaberria, Orendain, Itsasondo, Usurbil, Asteasu, Eibar, Baliarrain, Deba eta Ordiziako azpiegitura berdea hobetzeko erabili dira. Era berean, LIFE Urban Klimaren esparruan, hobetzeko jarduketen inbentario bat egin da, eta laster aurkeztuko da.
Azpiegitura berdeak garatzeko ildo berri hori klima aldaketaren aurka borrokatzeko Gipuzkoako 'Gipuzkoa Klima 2050' estrategiaren barruan dago. Estrategia horrek jarduketa ildo espezifiko bat du, Gipuzkoan azpiegitura berdeen sare bat sustatzea eta lurraldea desfragmentatzea helburu duena. Bi helburu ditu: alde batetik, degradatutako eremuak lehengoratzea eta naturalizatzea, lurraldearen erresilientziari eusteko; eta, bestetik, hiriko azpiegitura berdeak sustatzea, landa eremukoen osagarri gisa, klima aldaketara egokitzeko neurri gisa.
1551