Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Egunean Ingurumeneko Departamentuak haurrei zuzendutako tailerrak antolatu ditu
Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Egunean Ingurumeneko Departamentuak haurrei zuzendutako tailerrak antolatu ditu
Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Egunean Ingurumeneko Departamentuak haurrei zuzendutako tailerrak antolatu ditu
Jose Ignacio Asensio: “Zure esku dago, gure esku dago. Lurra babestu dezagun eta Aldaketa Klimatikoari aurre egin diezaiogun”
Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna ospatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Garbera Merkatal Zentroarekin batera, Klima Aldaketari buruzko sentsibilizazio eta kontzientziazio tailerrak antolatu ditu Lehen Hezkuntzako haurrentzat.
Tailerren helburu nagusia da ikasleak txikitatik ingurumenaren alorrean hezi eta sentsibilizatzea mundu mailan zein tokian tokiko esparruan, eta ingurumena zaindu eta mantentzeko kontzientzia sortzea haur eta helduen artean. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiak guztioi eragiten gaituen errealitatea nabarmendu nahi izan du, Aldaketa Klimatikoarena, mezu argi baten bitartez: “Pentsatu mundu mailan eta ekin tokian toki”.
Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko Diputatua, haurrentzako sentsibilizazio tailerren aurkezpenean izan da eta adierazi du Aldaketa Klimatikoak erantzun zehatzak eta arintze zein egokitzapen neurriak estamentu guztien partetik behar dituela eta haurrek zeresan handia dutela. “Gure ardura eta betebeharra da modu jasangarri eta arduratsuan haurrei planetaren bizikide izaten erakustea, hau izango baita hurrengo belaunaldien legatua”, baieztatu du Diputatuak.
Horretarako, Garbera Merkatal Zentroan Aldaketa Klimatikoan eragina duten lau gai nagusiei buruzko tailerrak prestatu dira: energia, mugikortasuna, hondakinak eta elikadura. Leonardo di Caprio protagonista duen “Before the Flood” (Uholdearen aurretik) filmaren tailerra ikusi dute ere eta azkenik, Aldaketa Klimatikoari buruzko gogoeta egin dute. Gaurko eta biharko egunetan zehar Gipuzkoako eskoletako 3., 4., 5., eta 6. Lehen Hezkuntza mailako 300 ikaslek parte hartuko dute tailerretan.
Mugikortasun tailerra bizikletaren erabilpen egokian oinarrituko da; hondakinen tailerrak berriz, hondakinen prebentzioa izango du ardatz; energiaren tailerrak, etxeko aurrezte energetikoan izango du funtsa praktikara eraman daitezkeen adibideak jarriz; eta azkenik, elikaduraren tailerrak bertako produktuen kontsumoa ingurumenari begira aukera jasangarri eta hoberena dela azpimarratuko du. Hau guztia modu dibertigarri eta atseginean.
“Guztiok planeta babestuko bagenu, hurrengo belaunaldiek kalitatezko planeta edukiko lukete. Lurra mantendu ahal izateko, gure egunerokotasunean hainbat ohitura erraz barneratu behar ditugu. Izan ere, ekintza txikiak eginez Aldaketa Klimatikoari aurre egin diezaiokegu“, azaldu du Asensiok.
Data honek Nazio Batuen Batzarrak Ingurumenari buruz Stockholmon, Suedian, 1972ko ekainean egindako Deklarazioan du jatorria. Bertan, ingurumena zaintzearen garrantzia nabarmendu zen eta gure ingurunea hobetu eta mantentzeko arau komunak ezartzeko beharraz ohartu ziren.
2182