Ingurumena eta Gipuzkoako Elikagaien Bankua elkarlanean elikagaien xahuketari aurre egiteko
Ingurumena eta Gipuzkoako Elikagaien Bankua elkarlanean elikagaien xahuketari aurre egiteko
Ingurumeneko Departamentuak 200.000 euro emango ditu “Azken minutua” programarako.
Jose Ignacio Asensio: “Erakunde emaileen soberakinen bilketak elikagaien xahutzea ekiditen du, hondakinen sorrera eta isurketa murrizten ditu, eta helburu sozial garrantzitsua betetzen du, krisi-une hauetan garrantzi berezia duena”. “Covid19k eragindako egoerak zerbitzu hori indartzeko beharra nabarmentzen du, beharrak gehitu egingo direla aurreikusten baita”
José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak eta José Manuel Pineda Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Lehendakariak, hitzarmena sinatu dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian.
Hitzarmen hau sinatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak jarraituko du “Azken minutua” programari laguntzen. Horretara, 200.000 euroko gehienezko ekarpen ekonomiko bat egingo du “Azken minutua” programako elikagaiak biltzea, biltegiratzea eta banatzea finantzatzeko eta Elikagaien Bankuari baliabide material eta giza baliabide nahikoak emateko, hartara Gipuzkoako Lurralde Historikoan egun duen sarea aurrera eramateko.
Ingurumeneko diputatuak esan du ekintza horren bidez ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-abantaila nabarmenak lortzen direla, Gipuzkoako Foru Aldundiak lantzen dituen garapen iraunkorreko helburuei erantzunez. “Batetik, erakunde emaileen soberakinen bilketak elikagaien xahutzea ekiditen du, eta bestetik hondakinen sorrera eta isurketa murrizten ditu, eta helburu sozial garrantzitsua betetzen du, COVID19-k eragindako krisi-une hauetan garrantzi berezia duena” esan du Asensiok.
Jose Ignacio Asensiok gogora ekarri du janaria alferrik galtzean, kontsumitu gabeko elikagaia galdu ez ezik, «hura ekoizteko gastatu diren baliabide guztiak ere alferrik galtzen direla», esate baterako, lurraren erabilera, mantenugaiak, ura, eta elikagaiak ekoizteko, eraldatzeko eta garraiatzeko erabili den energia; halaber, berotegi efektuko gas-isurketak sortzen dira. «Ondorioz, elikagaiak alferrik galtzea arazo globaltzat hartu behar da, etikoki onartu ezina, sozialki bidegabea, eta ekonomia eta ingurumen aldetik eutsiezina», adierazi du Asensiok.
Gaur egungo kalkuluen arabera, giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat inguru xahutzen da mundu osoan, horrek dakarren kostu ekonomiko eta ingurumenekoarekin. Gipuzkoan, urtean 123.000 tona elikagai inguru xahutzen dira gure lurraldeko nekazaritzako elikagai katean (%23 xahuketari dagokionez eta %77 galerei dagokienez).
Hau horrela, eta xahuketa murrizteko heburuarekin, 2006. urteaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin elkarlanean dihardu “azken minutua” programa gauzatzeko. Programa honen bitartez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak merkaturatu ezin diren elikagai kontsumigarrien bilketa egiten du. Jangarriak diren elikagai horiek dohain ematen dituzte hainbat entitatek. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak elikagai horiek beharra duten pertsonekin lan egiten dituzten erakundeetara bideratzen ditu.
Elkarlan emankor horri esker, azken urteetan 1.000.000 kilo elikagai inguru bildu eta banatu dira urtero, gutxi gorabehera, Elikagaien Bankuak biltzen duen elikagai kopuru osoaren %35a. Familia gipuzkoar askoren beharrak arintzeaz gain, arazorik gabe kontsumi daitezkeen elikagaiak hondakin moduan kudeatzea saihestu da, hondakinen hierarkiaren lehen mailari balioa emanez: Prebentzioari.
Covid19-k eragindako egungo egoera honetan, ekimen honek are balio handiagoa hartzen du. Gaur egungo osasun-krisiaren ondoren, gizarte-krisi bat eta beharrak gehitzea aurreikusten da, eta, nahiz eta orain arte hornidura-faltarik egon ez den arren, etorkizunean hornidura-arazoak sor daitezke.
Jose Manuel Pineda Elikagaien Bankuko lehendakariak esan duenez, “COVID19 pandemiaren ondoren laguntza beharko duten pertsona gehiago egongo dira. Kalkuluen arabera, aurreko krisialdian iritsi ginen 24.500 lagunetara iritsi gaitezke. Gaur egun, 18.000 inguru hartzen ditugu. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak dei bat egin du ekimen solidario horretan lankidetza eta boluntarioak animatzeko.
1871