Ingurumeneko Departamentuak Debabarrenako Eskualdea lagundu du Energiaren Eskualdeko Behatokiaren abiaraztean
Ingurumeneko Departamentuak Debabarrenako Eskualdea lagundu du Energiaren Eskualdeko Behatokiaren abiaraztean
Ingurumeneko Departamentuak Debabarrenako Eskualdea lagundu du Energiaren Eskualdeko Behatokiaren abiaraztean
Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokia gaur aurkeztu da eta aurkezpenean izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaria, Mónica Pedreira, eta Debabarreneko alkate eta udal ordezkariak
Ingurumeneko Departamentuak eta Debegesak 2016an eta 2017an sinatutako hitzarmenei esker, 117.500 euroko ekarpena egin du Aldundiak.
Debabarreneko Gipuzkoako Udalek – Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze –, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri dute martxan. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntza jaso du.
Aurkezpen ekitaldia gaur egin da Debegesaren egoitzan eta bertan izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendaria, Monica Pedreira. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Debegesako zuzendari nagusiak, Juan Angel Balbase eta Debabarreneko sei udaletako alkate eta ordezkarik: Pedro Bengoetxea, Debako alkatea; Jose Angel Lizardi, Mutrikuko alkatea; Sonia Garcia, Mendaroko alkatea; Iker Aldazabal, Soraluzeko alkatea; Jon Iraola, Eibarko Ingurumeneko zinegotzia eta Josu Arraiz, Elgoibarko alkateordea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, 2016. urtean sinatu zuen Debegesa eskualdeko garapen agentziarekin lehendabiziko hitzarmena; eskualdeko Energia Plana bultzatu, dinamizatu eta garatzeko ekintzak gauzatzeko. 2016an eta 2017an sinatutako hitzarmenei esker, 117.500 euroko ekarpena egin du Aldundiak.
Energiaren Eskualdeko Behatokia Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritzen den plataforma berritzailea da; horniduren kudeaketa eta udal instalazioen energia kontsumoen azterketa egitea ahalbidetzen du (argiteria publikoa, eskailera mekanikoak, udal eraikinak…). Kudeaketa erreminta honekin jasangarritasunaren aldeko urratsak eman eta aurrezpena eta eraginkortasun ekonomikoa (€), energetikoa (kWh) eta ingurumenekoa (CO2 tonak) neurtu ahal izango dira.
Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokiak eskualdeko sei herri gipuzkoarrei emango die zerbitzua (73.000 biztanle): Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze. Sei udalerrietan energiaren kudeaketarako SIE software bat ezarri da (Energia Informazioaren Sistema) eta honek ahalbidetuko du udaleko energiaren fakturazio egokia kontrolatzea, hornidura energetikoen kontratazioa hobetzea, eta udalerrietako eraikin eta argiztapen publikoko koadro guztiak erregistratzea eta horien portaera aztertzea, eskualderako plataforma bakar batean. Energiaren kudeaketarako erreminta berria ezartzearekin batera, sei udalerrietako teknikariei zuzendutako prestakuntza saioak egin dira.
Inbertsiorik egin beharrik gabeko neurriak soilik hartuz, Behatokiak 74.073 euroko aurrezpen potentziala detektatu du, energia faktura osoaren %4,3. Aurrezpena energia erreaktiboa zuzenduz, hornidura eta potentziak optimizatuz eta zenbait hornidura utziz lortuko litzateke. Zuzenketa hauetako batzuk egin dira jada eta beste batzuk martxan daude.
Behatokiak, halaber, bizileku- eta zerbitzu sektorearen energia kontsumoen eta berotegi-efektuko gasen isurien datuak erakusten ditu. Datu hauek Udalsarea21-eko energia eta klimarekin lotutako jasangarritasun indikadoreak erabiliz kalkulatu dira.
Energiaren Behatokia ezarri duen Euskadiko bigarren eskualdea da Debabarrena. Energiaren kudeaketarako proiektu berritzaile hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin da.
Eskualdetako Energia Planak
Ingurumeneko Zuzendariak adierazi du bere Departamentua tokiko eta eskualdeko erakundeekin batera lan egiten ari dela energiaren arloko estrategia bateratua sustatzeko, populazioaren eta herritarren ikuspuntutik. Helburua da mendetasun eta pobrezia energetikoa murriztea eta energia-eredu iraunkorrerako trantsizioari hasiera ematea.
Elkarlan horri esker, eskualdeetako ekonomia-garatzeko agentzien bultzadari eta koordinazioari esker, eta udalen, landa-garapeneko agentzien eta zenbait elkarteren lankidetzari esker, une honetan Gipuzkoako bost eskualdek (guztira 48 udalerrik) prest dituzte jada energiaren alorreko haien ekintza-planak. Hartara, herritarren artean nagusi den energiaren gero eta prezio handiagoaren ondoriozko kezkari erantzun nahi diote, baita energia berriztagarriak garatzeko eta mendetasun energetikoa murrizteko interes handiari ere.
“Helburua da plan horietan oinarrituta herritarrok erakunde publikoen laguntzarekin hasiera ematea mendetasun eta pobrezia energetikoa ahalik eta gehien murrizteko elkarrekin egin behar dugun bide luzeari”, azaldu du Pedreirak.
Planek mendetasun eta pobrezia energetikoa murrizteko ekintza-planen katalogo aberatsa jaso dute, eta herritarrekin lotura estua duten ekimenak bildu dituzte. Ekintza-plan horietan ingurumen-alderdia tokiko ekonomiaren dinamizazioarekin eta behar sozialekin uztartzen da, betiere eskualde horiek energiaren alorrean efiziente bihurtzeko.
Ingurumeneko Departamentuak diruz lagunduko ditu eskualdeetan energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzea helburu duten azterketak eta planak.Zehazki, diruz lagunduko ditu: eraikin publikoetan energia-efizientzia hobetzeko azterketak eta planak; energia berriztagarrietan oinarritutako energia-produkzioko instalazioak ezartzeko azterketak eta planak; energia berriztagarriekin elikatzen diren barrutiko bero-sareak eta elektrizitate sareak ezartzeko azterketak eta planak; eta eskualdeek garatu nahi dituzten pobrezia energetikoa murrizteko (zuzentzeko eta prebenitzeko) azterketak eta planak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena baliagarria izango da, halaber, ziurtatzeko eskualdeetako bakoitzean energiaren alorreko teknikari bat izango dela, eskualdeko Energia Plana sustatzea eta dinamizatzea bere gain hartuko duena
1723