Ingurumeneko Departamentuak eta Surfrider Españak ibaietako hondakinen problematikan sakontzen dute
Ingurumeneko Departamentuak eta Surfrider Españak ibaietako hondakinen problematikan sakontzen dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 30.000 euro bideratuko ditu hainbat ekintza gauzatzeko, Surfrider España GKEarekin sinatutako hitzarmenean jasotzen direnak.
Gipuzkoako kostaldeko itsas zaborra biltzeko, prebenitzeko eta sentsibilizatzeko ohiko ekintzen berritasun gisa gaineratuko da aurten ibaietako hondakinen problematikari arreta jartzea.
José Ignacio Asensio: “Itsas hondakinen % 80 barrualdean sortzen dira, giza jardueraren ondorioz. Arazoaren sustraietara jo behar da, eta behin betiko heldu prebentzioari eta sentsibilizazioari”.
Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok eta Surfrider Españako legezko ordezkari Xavier Curtok lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, lanean jarraitzeko Gipuzkoako kostaldean eragiten duten itsas hondakinak aztertzen, baita arazoari buruz sentsibilizatzen eta herritarren artean ohitura onak sustatzen ere, Surfrider GKEaren bitartez.
José Ignacio Asensio foru diputatuak nabarmendu duenez, lankidetza horren helburu nagusia da “itsas zaborren problematikari buruz sentsibilizatzea, ohitura onen erabilera sustatzea itsas kutsaduraren inpaktua geldiarazteko, eta sinergia-ekintza bat sortzea Gipuzkoako erakunde, ikasle eta herritarren artean, problematikari konponbide bateratuak bilatzearren”.
Hitzarmen berri hori, zeinerako Ingurumeneko Departamentuak 30.000 euro erabiliko baititu, 3 ardatzen inguruan antolatuko da, zeintzuen artean berriro nabarmentzen baita "Kostaldea eta zu" zeharkako hezkuntza-proiektua, helburu duena herritarrei aukera ematea hobeto uler dezaten zer eginkizun duten itsas zaborren problematikan inplikatutako eragileek, eta elkarrekin lan egin dezaten horri buruzko sentsibilizazioan.
Bigarren ardatza OSPAR kanpainetan oinarrituko da, Gipuzkoako kostaldean hondakin bilketak egiteko, eta bildutako hondakinen katalogazioari buruz oinarri zientifikoko analisi bat egiteko; hartara, herritarrei hurbildu ahal izateko itsas zaborrarekin lotutako problematikari buruzko ezagutza, eta horren prebentzioan jarduteko. OSPAR programaren esparrupeko itsas zaborren monitorizazio zientifikoari dagokionez, aurten Murgita (Donostia), Orrua (Getaria) eta Alkolea (Mutriku) hondartzak monitorizatuko dira, boluntarioek parte hartuta aurtengo urtean zehar.
Azkenik, aurtengo berritasun gisa, hondartzen monitorizazioaz gain, Surfriderrek arreta jarriko dio itsas zaborrak ibaietan eta estuarioetan lantzeari, horiek baitira hondakinak itsasora iristeko bide nagusiak. Jendearentzat zabalik egongo diren bilketak antolatuko dira udaberrian eta udan, zeintzuetan boluntarioek modu aktiboan parte hartu ahal izango baitute Ocean Initiatives herritarren zientzia-programarekin.
Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, “itsas hondakinen % 80 barrualdean sortzen dira, giza jardueraren ondorioz. Arazoaren sustraietara jo behar da, eta behin betiko heldu prebentzioari eta sentsibilizazioari”.
Surfrider Españako ingurumen eta boluntariotza arduradun Maria Ballesterosen adierazpenen arabera, “2017tik 60 zabor bilketa baino gehiago ere egin ditugu, eta 1.500 boluntario baino gehiago lortu ditugu zuzenean. Gipuzkoako hondartzetako kutsadura-datuak lortu ditugu, eta aurkitu ditugu, batez ere, erabilera bakarreko ontziak, arrantzarekin lotutako hondakinak, poliestirenoa, eta beira”. Gehitu duenez, “ibaietan lan egiteak lagunduko digu iristen kostaldean bizi ez diren pertsonengana, itsas zaborrak hasten baitira itsasora iritsi baino askoz ere lehenago. Garrantzitsua da fokuan lan egitea eta ibaiekiko lotura hobeto ulertzea”.
Surfriderrek oinarritik kontzientziatzea ere landuko du, eta aurten Zumaiena Ikastetxera eta Mutriku BHIra itzuliko da ingurumen hezkuntzari buruzko hitzaldiak ematera, eta gero, itsas zaborrak biltzera, ikasgela bakoitzarekin, hango hondartzetan.
Bestalde, abenduaren 5erako aurreikusita dago Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatzea. Aukera paregabe bat da boluntarioen erakundeentzat eta boluntarioentzat berentzat, elkarrekin parte har dezaten beren ingurunean eragin positiboa duten proiektuetan.
1562