Ingurumeneko Departamentuak eta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Ekonomia Zirkularreko Gela sortu dute
Ingurumeneko Departamentuak eta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Ekonomia Zirkularreko Gela sortu dute
Ingurumeneko Departamentuak eta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Ekonomia Zirkularreko Gela sortu dute
Gela honek, unibertsitatearen, enpresen eta beste eragile batzuen arteko lankidetza-proiektuak sortu eta garatzea ahalbidetuko du.
José Ignacio Asensio: “Ekonomia berdea sektore estrategikoa da Gipuzkoaren ekonomia eta etorkizuna berreskuratzeko, eta erakundeen, unibertsitateen eta enpresen elkarlana beharrezkoa da”. “Ekonomia zirkularrak birziklatze-sektoreko enplegua bikoiztu dezake, eta 2030 baino lehen 10.000 lanpostu lor ditzake”.
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak, Xabier Ostolaza UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Cristina Peña, ikasgelako zuzendaria eta aipatutako Eskolako irakasle eta ikertzaileak, gaur goizean ezagutzera eman dute Ekonomia Zirkularreko Gela, irailetik aurrera 20/21 ikasturterako Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan martxan egongo dena. Gelaren helburua da lurraldeko enpresetan ekonomia zirkularraren garapena kudeatzeko gai diren profesionalak prestatzea eta ikerketa proiektu bateratuen lankidetza bultzatzea.
José Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, “ekonomia zirkularrak aukera handia eskaintzen du birziklapenaren sektorea garatzeko, bere tamaina bikoiztu eta 2030 baino lehen 10.000 enplegu lor baititzake”. Gipuzkoa ekonomia berde eta zirkularrean kokatu dadin, ezinbestekoa da unibertsitatearen eta enpresen arteko loturak ezartzea, ezagutzen transferentzia bultzatzea eta lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzen duten errealitate bihur daitezkeen proiektuak bultzatzea.
Alde horretatik, Asensiok azpimarratu du “ekonomia berdea funtsezko sektorea da etorkizunerako, bai suspertze ekonomikoari aurre egiteko, bai Europatik bultzatutako proiektuetan posizionatzeko eta parte hartzeko”.
Ekimen hau Klima Aldaketaren Aurkako Gipuzkoako Estrategiaren helburuetako bat da, eta ekonomia zirkularra unibertsitatearen errealitatera hurbiltzea du helburu. Gela honetan lankidetza, prestakuntza, ikerketa, bilera eta irakaskuntza proiektuak garatuko dira ekonomia zirkularraren arloan. Prestatzen ari diren pertsonei zirkulartasun-irizpideak emateaz gain (gerora, praktika profesionaletan aplikatu ahal izango dituzte irizpide horiek), I+G+B ikertzen, garatzen eta Gipuzkoako birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren sektoreetako gaurkotasun-gaiak aurreratzen jarraitzeko lankidetza-proiektuak sortzea eta garatzea erraztuko du gelak.
Xabier Ostolaza Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak adierazi duenez, “gure Eskolan gela hori abian jartzeak balio erantsia emango dio gure ikastegian ikasleek jasotzen duten prestakuntzari. Gure industria-graduek, Ingeniaritza Elektrikoak, Mekanikak, Elektronikak eta Automatikak, eta Gradu Bikoitzak eskaintzen dituzten gaitasunak ezin hobeki egokitzen dira Fabrikazio Aurreratuaren eta Energiaren arloei lotutako lan-lerroekin; espezializazio-arlo horiek lehentasuna dute EAEn. Era berean, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eraikuntza-arloko profesionalak trebatzen dira, Ingeniaritza Zibileko eta Arkitektura Teknikoko graduen bidez.”. Cristina Peña aipatutako Eskolako irakasle eta ikertzaileak eta Gelako zuzendariak azpimarratu duenez, “bi arloetako profesionalak funtsezkoak dira baliabideak eta hondakinak kudeatzeko prozesu, teknologia, material eta sistemak garatzeko, eta, hartara, ekonomia iraunkorrari lotutako inpaktuak gutxitzeko”.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “goi-mailako hezkuntza funtsezkoa da ekonomia tradizionala ekonomia zirkular bihurtzeko. Orain prestatzen ari diren ikasleek, biharko egunean, gizartean eragina izango duten erabakiak hartuko dituzte, eta zirkulartasun-kontzeptuak beren prestakuntzan txertatzea ezinbestekoa da praktika horiek etorkizuneko profesionaletan aplikatu ahal izateko”.
Prestakuntzaren eta enpleguaren arteko lankidetza sustatzea ere “Espainia Zirkularra 2030” Ekonomia Zirkularraren Espainiako Estrategiaren gako estrategikoetako bat da. Estrategia horretan jasotzen da enplegurako prestakuntzarako politika bereziak garatuko direla, ekonomia zirkular baterako trantsizioaren ondorioz, etorkizuneko ekonomian izango duten garrantzia dela eta. Alde horretatik, I+G+B arloko Estatuko politika publikoak eratzearen garrantzia zehazten da, bai eta ekonomia zirkular baterako trantsizioari lotutako arazoak konpontzeko ekintzak eratzearen garrantzia ere, arreta berezia jarriz ikerketa- eta berrikuntza-jardueretan. Era berean, enpleguari eta prestakuntzari buruzko Ekintza Planaren barruan, azpimarratzen da ekonomia zirkular baterako trantsizioak gaitasun espezifikoak dituen eskulan kualifikatua beharko duela, lan-merkatuko aldaketetara egokitzeko eta enplegu-aukera berriak aprobetxatzeko gai dena. Horretarako, hezkuntza, enplegu eta prestakuntzako hainbat jarduketa eginen dira.
Ekonomia zirkularra eredu berri bat da, garapen ekonomikoa ingurumenerako modu iraunkorrean bilatzen duena. Duela urte batzuetatik hona, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak aurrera egin du ingurumena hobetzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko, hainbat ekintzaren bidez, hala nola, GK Recycling birziklatze-klusterra, GK Green Fashion moda jasangarriko klusterra edo unibertsitateekin I+G+B sustatzeko lankidetza-hitzarmenak. Asensio foru diputatuak azpimarratu duenez, “ekonomia zirkularra funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan. Indarrak batu eta hondakinak eta klima-aldaketa aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera bihurtu behar ditugu, Gipuzkoa jasangarriago batean”.
Gaur egun, ekonomia zirkularraren eta birziklapenaren sektoreak 5.000 lanpostu ditu, eta 500 milioi euro inguruko fakturazioa. José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azpimarratu duenez, “helburua da 2030erako kopuru horiek bikoiztea eta klima-aldaketaren aurkako borroka Gipuzkoarako aukera bihurtzea”.
2279