Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak “Gipuzkoa Naturaldia: 25 gai pil-pilean” liburua aurkeztu du CONAMAn

Ingurumeneko Departamentuak “Gipuzkoa Naturaldia: 25 gai pil-pilean” liburua aurkeztu du CONAMAn

Argitalpenak 25 adituk idatzitako artikuluak biltzen ditu.

2018/11/28

Jose Ignacio Asensio: “Liburu honek ingurumenaren arloan pil-pilean dauden 25 gai mahaigaineratzen ditu. Gai horiei guztiei konponbide bat ematea ezinbestekoa da planeta honen behar ekologikoekin bat egiten duen garapen eredu baten bidean aurrera egiteko”.

Argitalpenak 25 adituk idatzitako artikuluak biltzen ditu. Naturalistek, ingurumen arloko adituek, zientzialariek, filosofoek, kazetariek eta artistek osatzen dute 25 kideko taldea. Askotarikoak dira, baina bizitzarekiko eta ingurunearekiko errespetuak elkartzen ditu.

Liburua Madrilgo CONAMA Ingurumeneko Tokiko Kongresuan aurkeztu da. Ekitaldian izan dira egile horietako batzuk, hala nola Sebastián Álvaro, Joaquín Araújo, Pedro Cáceres, Carlos de Hita, Miguel Delibes eta José Antonio Marina.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok Gipuzkoa Naturaldia: 25 gai pil-pilean liburua aurkeztu du Madrilgo CONAMA Ingurumeneko kongresuan. Argitalpenak bi bloke nagusi ditu: lehena, adituek idatzitako ingurumenari buruzko 25 artikuluk osatzen dute; bigarren atalak, berriz, mugarriak, anekdotak eta argazki galeria bat biltzen ditu, Tolosa Naturaldia omentzeko eta oroitzeko asmoz. Asensiok azpimarratu duenez, liburuak ingurumenaren arloan pil-pilean dauden 25 gai mahaigaineratzen ditu: “Gai horiei guztiei konponbide bat ematea ezinbestekoa da planeta honen behar ekologikoekin bat egiten duen garapen eredu baten bidean aurrera egiteko”, adierazi du.

Aurkezpen ekitaldian izan dira egile horietako batzuk, hala nola Sebastián Álvaro, Pedro Cáceres, Joaquín Araújo, Carlos de Hita, Miguel Delibes eta José Antonio Marina. Halaber, nahi duenak liburua sinatzeko eskatu ahal izan die egileei.

Argitalpen honek Tolosa Naturaldiaren ondarea biltzen du gaur egun pil-pilean dauden 25 gairen bidez, eta argi uzten du natura osatzen duten gaiak gaurkotasunez beteak direla. Artikuluen egileak 25 aditu dira: naturalistak, ingurumen arloko adituak, zientzialariak, filosofoak, kazetariak eta artistak. Askotarikoak izan arren, bizitzarekiko eta ingurunearekiko errespetuak elkartzen duen aditu talde bat da honako hauek osatzen dutena: Iñaki Aizpuru, Sebastián Álvaro, Joaquín Araújo, Pedro Arrojo, Joseba Azkarraga, Luis Balairón, Pedro Cáceres, Mabel Cañada, Carlos de Hita, Teresa del Valle, Miguel Delibes, Arturo Elosegi, Javier García Breva, Nisa Goiburu, Jane Goodall, Asier Hilario, José Antonio Marina, Emilio Miguel Mitre, Daniel Pauly, Odile Rodríguez de la Fuente, Salvador Rueda, Margarita Salas, Jordi Sargatal, Manuel Toharia eta Adolfo Uriarte.

Asensiok azaldu duenez, Tolosa Naturaldia garapen jasangarria lortzeko egin beharreko aldaketez “hausnartzeko leku” izan da 25 urtez, eta gogorarazi du Ingurumeneko Departamentuak helburu estrategikotzat duela jasangarritasunerako heziketa. “Garapen jasangarriaren eredu berrirantz trantsizio sozioekologiko bat egin nahi badugu, guk geuk aldatu behar dugu; horretarako, beste norabide batean jarriko gaituzten balioetan hezi beharra dugu, baliabideen kontsumitzaile eta planeta hau osatzen duten beste espezieen bizilagun garen heinean”, adierazi du foru diputatuak.

Horrez gain, liburuak epilogo bat eta 25 kontakizun edo fabula ditu. Ezaugarri horiek balio erantsia ematen diote argitalpenari; izan ere, eduki guztiak (hizkera dibulgatzaile baina teknikoan emanak) hizkuntza liriko batekin lotzen dituzte, eta emozioei dei egiten. Kontakizunak Itziar Eizagirre ingurumen abokatu eta idazlearenak dira. Izatez, beste liburu bat da, sentiarazi eta pentsarazi nahi duten indarrez beteriko kontakizunak biltzen dituena. Kontakizun horietan irudimenaren eta fikzioaren hizkuntza unibertsala baliatzen da, hizkuntza bat, zeina lurraren jakitate oparoetan integratzen eta funtsatzen baita, bizitzarekiko loturan, horren forma anitzetan eta askotarikoetan. Artikulu bakoitzaren aurretik dator egile bakoitzarentzat bereziki sortutako kontakizuna.

Bestalde, liburuaren bertsio elektroniko bat ere sortu da (ePub formatuan), eta eskuragarri dago Ingurumen Zuzendaritzaren web orrian (www.gipuzkoaingurumena.eus).

  

1545