Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko eta Mugikortasuneko Departamentuek bizikleten elektrifikaziorako Gipuzkoako proiektu aitzindaria aurkeztu dute Zumarragan

Ingurumeneko eta Mugikortasuneko Departamentuek bizikleten elektrifikaziorako Gipuzkoako proiektu aitzindaria aurkeztu dute Zumarragan

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak gaur aurkeztu dute bizikletak elektrifikatzeko eta Zumarragan kargagailu elektrikoak jartzeko proiektu pilotua, udalerriko energia-komunitatearen (TEK) bidez energia berdea eta berriztagarria hornitzeko.

Electrificación ciclista Zumarraga

José Ignacio Asensio: “Energia garbia eta mugikortasuna energia-trantsizio bidezkorako funtsezko elementuak dira, eta garapen jasangarriko eredu berriak sustatzea da Gipuzkoaren lehentasuna. Gure lurraldean, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio-iturri nagusia garraioa da. Eragileen eta Departamentuen arteko lankidetza ezinbestekoa da trantsizio ekologikoan aurrera egiteko eta herritarrak onurarik handiena lortzeko”.

Rafaela Romero: “Errealitateen politika aplikatzen dugu. Kasu honetan, 34.000 euroko ekarpena egingo da Mugikortasun Departamentutik. Elektrifikazioari esker, aurrera egiten da mugikortasun irisgarri eta berdintasunezkoan, eta, gainera, gero eta pisu handiagoa du erabilera horrek, eguneroko beste mugikortasun-modu batzuetarako ere erabil baitaiteke, hala nola, lan-arloko kudeaketak, kudeaketa profesionalak edo pertsonalak, bidegorriak eta bide berdeak lotuz. Pertsonak elkartzeko lekuak lotzen ditugulako”.

Mikel Serrano: “Zumarragako Udalak mugikortasunari eta iraunkortasunari buruz hartutako konpromisoaren adibide garbia da ekintza hau, eta gure proiektu propioa da, Zumarragako Mankomunitatera hedatu duguna”. “Geltoki Intermodalaren zerbitzuarekin bat egiten duen beste zerbitzu bat da, eskualdeko mugikortasunaren egituraketaren ardatza, non trena, autobusa, taxia, autoa eta bizikletarekin uztartzen diren. Zumarragako TEKa gainerako herritarrei zabaltzen dien proiektu bat, Euskadiko autokontsumoko lehen energia-komunitatearen partaide eta onuradun eginez”.

Zumarragako udalerria aitzindaria izan da trantsizio energetikoaren arloan Gipuzkoan, lehen komunitate energetikoa (TEK) sortu baitzuen Udalaren eta Foru Aldundiaren lankidetzari esker. Gaur, José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Rafaela Romero Mugikortasuneko foru diputatuak, Mikel Serrano herriko alkatearekin batera, Zumarragan bizikletan kit elektrikoak instalatzeko proiektu pilotua aurkeztu dute, kargagailu elektrikoen estazioak ere barne direla. Akzesorioak jartzeaz arduratzen den Zatika enpresako ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

Energia eta mugikortasuna funtsezko bi elementu dira gure lurraldeak bidezko energiarantz trantsizioa egin dezan: bi helburu garrantzitsuenak dira, haiek baitute eragin handiena Gipuzkoako berotegi efektuko gasen (BEG) isurietan. Gipuzkoako Ingurumen Departamentuak argitaratutako Gipuzkoako berotegi efektuko gasen 2020ko txostenaren arabera, garraioa da isurietan eragin handiena duen sektorea (guztizkoaren % 43,3); energia sektorea, berriz, isurketen % 26ren erantzule da.

Proposamen pilotu honetan, beraz, bi ekimen jarriko dira martxan. Alde batetik, erabiltzaileen bizikletetan kit elektrikoak instalatuko dira, berrerabili eta bigarren bizitza bat emateko; bestetik, kargagailu elektrikoen hiru estazio jarriko dira udalerrian, 0 km-ko energia % 100 berriztagarriaren erabilera bermatzeko, Zumarragako energia komunitatearen (TEK) bidez.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, “gure lurraldeak eta gure udalerriek klima-aldaketari aurre egin ahal izateko, garapen iraunkorreko eredu berriak bultzatu behar ditugu, energia eta mugikortasuna funtsezko elementuak izan daitezen trantsizio energetiko bidezko baterako bidean”. Era berean, Asensiok azpimarratu duenez, “Gipuzkoaren lehentasuna da, garraioa baita berotegi-efektuko gasen isurien iturri nagusia gure lurraldean. Proiektu honen bidez beste urrats bat eman nahi dugu, trantsizio energetikoaren eta mugikortasun jasangarriaren politikak bateratuz”, amaitu du foru arduradunak.

Bestalde, Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak adierazi duenez, “errealitateen politika aplikatzen dugu. Kasu honetan, 34.000 euroko ekarpena egingo da Mugikortasun Departamentuko diru-kutxetatik. Elektrifikazioari esker, mugikortasun irisgarrian eta berdintasunezkoan aurrera egiten da, eta, gainera, indarra hartzen du mugikortasun utilitarioak, eguneroko beste mugikortasun mota batzuetarako erabiltzea ahalbidetzen duelako, hala nola, bidegorriak eta bide berdeak lotuz egiten diren lan gestio profesional edo pertsonaletarako. Guk pertsonak batzeko lekuak konektatzen ditugulako”.

Zumarragako alkateak, Mikel Serranok, azpimarratu duenez, “Zumarragako Udalak mugikortasunari eta iraunkortasunari buruz hartutako konpromisoaren adibide garbia da, eta gure proiektu propioa da, Zumarragako Mankomunitatera hedatu duguna”. Era berean, Serranok nabarmendu duenez, “Geltoki Intermodalaren zerbitzuarekin bat egiten duen beste zerbitzu bat da, eskualdeko mugikortasunaren egituraketaren ardatza, non trena, autobusa, taxia, autoa eta bizikletarekin uztartzen diren. Zumarragako TEKa gainerako herritarrei zabaltzen dien proiektu bat, Euskadiko autokontsumoko lehen energia-komunitatearen partaide eta onuradun eginez”.

Bizikletan kit elektrikoak instalatzea
Aurreikuspenen arabera, proba pilotu honek iraungo duen hilabetean eskualdeko 65-75 erabiltzailek elektrifikatu ahal izango dituzte beren bizikletak, Zumarragako Zatika tailerrean. Horretarako, MUGI garraio txartel pertsonalarekin identifikatuta egon beharko du erabiltzaileak eta aurretik hitzordua eskatu beharko du tailerrean. Era berean, tailerrak hiru kit modelo izango ditu, erabiltzailearen bizikleta motarako egokiena instalatzeko. 

Erabiltzaileak 50 euroko zati proportzional bat ordaindu beharko du, bizikleten elektrifikazioarekin konprometituta dagoen erakusgarri. Bizikleten elektrifikazioaren gainerako kostua Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak eta Zumarragako Udalak hartuko dute beren gain: lehenak 34.000 euroko inbertsio ekonomiko bat egingo du horretarako, eta bigarrenak 15.000 euroko ekarpena.

Bizikleten kit elektrikoek aukera ematen dute bizikleta konbentzionala berrerabili eta bizikleta elektriko bihurtzeko (pedalei eragiteko laguntza duen bizikleta edo e-bike). Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioak 0,25 kW-ko gehieneko potentzia eta 25 km/h-ko gehieneko abiadura ditu ezarrita.

Kargagailu elektrikoak dituzten estazioak jartzea
Bizikletak elektrifikatzeko proiektuaren osagarri, kargagailu elektrikoak dituzten estazioak jarriko dira udalerrian. Horretarako, hiru kargagune jarriko dira Zumarragako hainbat gunetan. Herriko energia komunitateetatik gertu egongo dira. Horrekin batera, premium kargagune batzuk ere jarriko dira, bizikletarako erremintak izango dituztenak.

Ekimenaren helburua da bizikletak kargatzeko energia % 100ean berriztagarria eta 0 kilometrokoa izan dadila, udalerriko energia komunitateak hornitua izanik. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak 15.000 euro bideratuko ditu guztira horretara.

Zumarraga, 2023ko martxoaren 21a

  

3330