Inklusibitatea eta euskal kultura, biak batera Usurbilgo gune sozioekonomiko berrian
Inklusibitatea eta euskal kultura, biak batera Usurbilgo gune sozioekonomiko berrian
Hutsik dagoen Michelingo lurzorua eskuratu ondoren, bertan kokatuko dituzte Gureak-ek eta Elkar Fundazioak euren jarduera nagusiak epe motzean
Elkar eta Gureak euskal enpresek Usurbilen garatuko duten proiektu sozioekonomikoak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren babesa jaso du, “Gipuzkoarentzat ikur izango diren bi proiektu ezinbestekok bat egiten dutelako eta gauzatze bidean daudelako”. Hain zuzen, babes hori irudikatzeko, elkarrekin egin dute agerraldia gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian bertan, Markel Olano ahaldun nagusiak, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakariak eta Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakariak.
Markel Olanoren esanetan, Gureak eta Elkarren eskutik, Gipuzkoarako estrategikoak diren bi gaik bat egingo dute proiektu honetan: desgaitasuna duten pertsonen lan munduratzeak eta euskarazko sorkuntzak. Izan ere, Olanok nabarmendu duenez, Gureak-ek “lan izugarria egiten du gizarteko kolektibo ahulenetako batzuen inklusioa bermatzeko”, eta Elkar, berriz, “euskararen erabilera sustatzeko lan kolektiboan ezinbesteko aktorea” da, “profesionaltasuna eta militantzia uztartuz, euskal sorkuntzaren zabalkundeari egitura sendo eta berritzaile bat eskainiz”. “Auzolana da Gipuzkoako ezaugarrietako bat, eta hori funtsezkoa izan da lankidetza honetan”, adierazi du Olanok, zeinaren ustez proiektu “ilusionagarri” hau “erreferente” bihurtuko den “bai lurraldearentzat, baita Euskal Herri osoarentzat ere” arlo sozioekonomiko eta kulturalean.
Xabier Arregi Usurbilgo alkateak nabarmendu du, bere aldetik, Usurbilgo Udalarentzat lehentasunezkoa dela herriaren balioen araberako garapen sozioekonomikoa sustatzea, eta, hortaz, proiektu hau ez dela ekimen isolatua: “Helburu sozialeko ekonomiak lehenesten ditugu, pertsonen ongizatea kokatuz garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa. Hau da, guztion onerako den ekonomia dugu ipar”. Zentzu horretan, alkateak nabarmendu du “nekez” aurki zezaketela bazkide hoberik garapen eredu horretan, Gureak eta Elkar Usurbilgo herriaren baloreekin bat egiten duten eragile ekonomikoak baitira. “Gure herri-ikuskerarekin eta herri-proiektuarekin bete-betean egiten du proiektuak. Gainera, ziur gaude Elkarren eta Gureak-en ezarpenak eragin positiboa izango duela Usurbilentzat eta eskualdearentzat, baita bertako hainbat sektore eta enpresarentzat ere”. Izan ere, alkatearen irudiko, proiektu honekin aukera berriak irekiko dira, sinergia berriak eta elkarlan-dinamika sozioekonomiko berriak. “Horixe da gure asmoa. Etorkizun hurbilean kultura eta inklusibitatea ardatz duten bestelako dinamika sozioekonomikoetarako abiapuntu izatea”.
Gainera, proiektuaren hirigintza planteamenduak lan filosofia eta ikuskera horri erantzuten diola erantsi du Arregik: “Hirigintza-proiektua baloreen mesedetan jarri dugu, eta mimo handiz landu”. Berritzailetzat jo du, “hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren ikuspegi merkantilistak albo batera utzi”, eta espazio publikoaren berrerabilerari garrantzia eman diotelako eta irizpide jasangarriak sendotasunez artikulatu dituztelako, bai maila sozialean bai ingurumenaren arloan. “Enpresak eta industriagunea inguruan egokitzea eta integratzea lortu dugu”, gune atsegina eta irekia sortuz.
Gureak eta Elkar
Ordezkari instituzionalen ondotik enpresetako ordezkariek hartu dute hitza. Iñaki Alkorta Gureak-eko presidenteak proiektua aurrera eramateko eragile guztiek azaldu duten jarrera ona nabarmendu du. Haren esanetan, Gureak enpresa momentu estrategiko garrantzitsuan dago: azken lau urteotan jarduera bikoiztu du eta beste 1.284 lagun gehitu dituzte plantillara. Ondorioz, orain arteko azpiegiturak mugatuak geratu zaizkie eta Usurbilgoa “aukera ezin hobea” da eurentzat. “Industria merkatuak geroz eta planta produktibo konplexu eta lehiakorragoak eskatzen ditu eta gure misioarekin aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa zaigu gure azpiegiturak egokitu eta handitzea”. Hala, Usurbilen, Zapategi eremuan, hiru eraikin egingo dituzte eta horiei esker desgaitasuna duten pertsonei egokitutako kalitatezko guneak eskaini ahal izango dizkiete. Gureak-ek, guztira, 26 M€ inbertituko ditu Zapategiko proiektuan.
Azkena hitza hartzen Joxemari Sors Elkar Fundazioaren lehendakaria izan da, eta Elkarrek Usurbilen garatuko duen proiektua “oso garrantzitsutzat” jo du. Elkar Fundazioa liburuaren kate osoa bere baitan hartzen duen enpresa taldeak osatzen du: Fundazioko enpresen artean 121 milioi euroko negozio-zifra egin zuten 2017an eta 450 langile enplegatzen dituzte. Hala, Sorsen esanetan, kultur paradigmaren aldaketa bete-betean gaude, eta euskara eta euskal kulturari erantzun sendoa eman nahi bazaio, azpiegiturak garatzen jarraitzea ezinbestekotzat dute: “Berritzen jarraitu behar dugu, ekonomia eta kultura uztartuz, industria kulturala sendotuz”. Zentzu horretan, helburu horiei erantzuteko Usurbilen egingo duten inbertsioa behar-beharrezkoa dutela nabarmendu du Sorsek, “Elkarrek azpiegiturak modernizatu eta XXI. mendeko beharretara egokitu behar baitu, aurreko mendetik osatuz joan den proiektua bideragarri egiteko hurrengo urteetan”.
Azkenik, proiektu honetara iristeko landu duten elkarlana nabarmendu du: “Elkar Fundazioaren oinarrietan dagoen elkarlanaren bidetik egingo da bideragarri proiektu hau ere, erakutsiaz, beste behin, aurrera egin nahi bada zein garrantzitsua den indarrak batu eta beste eragileekin batera aritzea. Bakoitzak beretik abiatuta, baina soluzioak elkarrekin planteatuz lortuko dugu denon beharrak asetzea. Elkar hartzeko gai izatea da aurrera egiteko bidea”. Elkarrek, guztira, 22 M€ inbertituko ditu proiektu honetan.
proiektu ilusionagarri hau erreferente bihurtuko da bai lurraldearentzat, baita Euskal Herri osoarentzat ere
1786