Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Inoizko aurrekonturik sozialenak izango ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urtean

Inoizko aurrekonturik sozialenak izango ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urtean

Batzar Nagusiek onarpena eman diote 2017ko aurrekontu proiektuari

2016/12/22
Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur onartu dute Aldundiaren 2017rako aurrekontu proiektua eta, honela, foru erakundeak inoizko aurrekonturik sozialenak izango ditu datorren urtean, sekula baino baliabide gehiago bideratuko baitira esparru honetara. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan, onartutako proiektuak “gobernu honek duen sentsibilitate soziala agerian uzten du, gure aurrekontuen zutabe nagusia baitira”. Lehentasunen artean kokatu ditu baita ere ekonomia sustapena, zerga iruzurraren aurkako borroka eta azpiegiturak.

Goizean egin den Osoko Bilkuran jaso du Foru Aldundiak aurkeztutako proiektuak batzarkideen gehiengoaren babesa. Ostera hedabideei adierazpenak egin dizkie Olanok, onarpenaren irakurketa baikorra egin eta “egun bereziki pozgarria” dela adieraziz. Oposizioaren ekarpenei dagokionez, penatuta agertu da “ezinezkoa” izan baita EH Bildu eta Ahal duguren batzarkide taldeekin adostasunetara iristea jarrera kontua medio: “Argi ikusi dugu ez dela borondaterik egon ezer aurrera ateratzeko, beraiek ere onartu dute argazkia ekiditea nahi zutela”.

Aldundiaren 2017ko aurrekontuek, aipatu bezala, lau zutabe nagusi dituzte: gizarte politika, ekonomia sustapena, zerga iruzurraren aurkako borroka eta azpiegituren garapena. Gizarte politikari dagokionez, inoizko zuzkidurarik handiena izango du Maite Peña diputatuak zuzentzen duen departamentuak, hazten ari diren herritarren beharrei erantzun ahal izateko. Zehazki, 2016an baino 19 milioi euro gehiago bideratuko dira esparru honetara, 364 milioi euro guztira. Biztanleko gastua ere nabarmen igotzen da: aurten gipuzkoar bakoitzeko 480 inbertitu badira alor honetan, datorren urtean 507 euro inbertituko ditu foru erakundeak. 

Ekonomia sustapenean pasa den urtean jazotako hazkundea (%50 inguru hazi zen departamentuaren aurrekontua) mantentzen da, diputatu nagusiak gogoratu duenez, Aldundiaren lehentasun nagusia izaten jarraitzen baitu. “Ekonomia Sustatzeko Planak datorren urtean ere beste 50 milioi euro izango ditu, lurraldeko enpresa ehuna indartu eta jarduera ekonomikoa bultzatzera bideratuak”, nabarmendu du. Zerga iruzurraren aurkako borrokaren kasuan, giza baliabide eta euskarri informatikoetan inbertsioak areagotuko dira, eraginkortasuna irabaztea xede.

Azkenik, Olanok nabarmendu du abendu honetan esleitu direla legealdiko azpiegitura nagusiak, eta 2017an gauzatzen hasiko direla. Hemen kokatu ditu Zubietako hondakinak kudeatzeko azpiegiturak, Deskargako mendateko errepidea eta N-1 errepideko kamioientzako kanona. “Hau guztia exekutatzeko behar-beharrezko genuen aurrekontu hauek onartzea, eta horregatik diot bereziki pozik egoteko eguna dela gaurkoa”, adierazi du.

  

1458