Ireki da Alkoleako tunela Mutrikun
Ireki da Alkoleako tunela Mutrikun
Tuneleko lanak amaitu ondoren, Deba-Mutriku errepide berria irekita gelditu da trafikoarentzat.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Mutrikuko GI-638 errepidearen obrak bisitatu dituzte gaur, Alkoleako tunelean egiten ari diren lanak ikusteko. Lan horiek amaituta, Deba eta Mutriku arteko errepide berria irekiko da. Beraz, gaurtik aurrera, trafikoa bide horren trazadura berritutik ibiliko da, eta, horrela, mutrikuarrek "lotura moderno, seguru eta lehiakorra" izango dute lurraldearen gainerakoarekin. "Mutrikurekin eta inguruko biztanleekin genuen zor historikoa kitatzen dugu horrela", adierazi du Markel Olanok.
Alkoleako tunela, 106 metro luze, obrako puntu kritikoenetako bat izan da. «Errepide berriaren puntu garrantzitsuenetako bat da. Tunel honi esker, trazadura nabarmen hobetuko da puntu honetan, eta gidariek ez dute Alkoleako puntatik zirkulatu beharko, haren bihurgune itxiek zaildu egiten baitzuten bidea, gidarientzako arriskugarritasuna areagotuz", adierazi du diputatu nagusiak.
Alkoleako tunela eta Ipitxarriko erauzketa, 40 metroko altuerarekin, izan dira obrako punturik zailenak. Biak amaituta daude jada. Errepide berria irekitzean, trafikoa behin betiko trazaduratik mugituko da eta, beraz, oinezkoentzako pasealekua amaituko da. Gainera, trafikoak libratzen dituen errepide zati horietan, Ipitxarrin eta Alkolean, lurrak txukunduko dituzte, eta ibilgailuak aparkatzeko guneak egokituko dituzte; aparkaleku horiek bateragarriak izango dira oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriekin.
"Errepide berri honekin, Foru Aldundiak erantzuna ematen dio mutrikuarren aldarrikapen historiko bati"; aurrerantzean, "lotura modernoa, segurua eta lehiakorra" izango dute lurralde osoarekin», gogorarazi du foru diputatuak. Izan ere, Olanok azaldu duenez, errepideak lurraldeko gainontzeko herriekin eta Mendaroko ospitalearekin lotzen du Mutriku. Lurralde orekak foru gobernuarentzat duen garrantzia ere azpimarratu du diputatu nagusiak, eta proiektu hori norabide horretan doala adierazi du. "Gure helburua da Gipuzkoako biztanle guztiek, bizi diren tokian bizi direla, oinarrizko zerbitzu berberak izatea. Kasu honetan, errepide hori berritzeak Mutrikurako sarbidea hobetzea dakar, eta horrek eragin zuzena du udalerriaren lehiakortasun ekonomikoan eta bertako biztanleen bizi-kalitatearen segurtasunean ", defendatu du foru arduradunak.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi duenez, zenbait lan amaitzeke daude oraindik, hala nola garbigunearen aurreko plataformari eusteko horma, seinaleen erremateak, euste- eta argiztapen-sistemak, espaloiaren zoladura eta Ondarbeltz hondartzako hormaren estaldura. Lan horiek egin ahal izateko, zirkulazio erreietako bat okupatu beharko da.
10 milioitik gorako aurrekontuarekin, joan den urtarrilaren amaieran hasi zituzten obrak, eta aurreikusitako egutegia betetzen ari dira. Obrak, beraz, datorren otsailaren amaierarako bukatuko dira. Trafiko handiko errepidea da, egunean 6.000 ibilgailuren batez besteko intentsitatea duena, eta, gainera, bi udalerriak lotzeko ia aukera bakarra da ", adierazi du Olanok. Hobekuntza lan horiei esker, "gidarien segurtasuna" handitzeaz gain, herritarren bizi kalitatean ekarriko duen onura ere nabarmendu du foru arduradunak. "Oinezkoentzako pasealekua eta bidegorria erabiliz, herri horietako biztanleek paseo osasungarriak eman ahal izango dituzte, eta gure itsasertzeko paisaiaz gozatzeko aukera izango dute", gaineratu du diputatu nagusiak.
2252