Irteera operazioan 221.000 ibilgailutik gora pasako dira Irungo ordainlekutik
Irteera operazioan 221.000 ibilgailutik gora pasako dira Irungo ordainlekutik
Halaber, G-7aren goi-bilera dela-eta AP-8 eta AP-1eko ordainlekuetako kabinetan oharrak jarri dira abuztuaren 23, 24, 25 eta 26an Biriatuko muga saihesteko.
AP-8 eta AP-1 autobideak kudeatzen dituen Bidegi, foru agentziak Irun eta Zarauzko ordainleku nagusietako kabina guztiak zabalduko ditu datozen bi aste buruetan aurreikusten diren trafikoen joan etorriei erantzuteko.
Aurreikuspenen arabera, joan-etorri gehienak uztaileko azken egunetik, 31etik abuztuaren 3ra, larunbata bitartean izango dira. Hiru egun hauetan Irungo ordainlekutik 221.800 ibilgailu inguru pasako dira, gehienak hegoalderantz. Horietatik, 151.100 Biriatutik Donostia noranzkoan pasatuko dira eta 70.700 ibilgailu Baionarako norabidean. Trafiko intentsitate handieneko eguna abuztuaren 3a, larunbata izango da; egun horretan 64.200 ibilgailuren joan-etorria aurreikusten da. Halaber, hilaren azken asteburu honetarako, uztailaren 26tik 28ra, mugimendu handia espero da beste 150.800 ibilgailuren joan-etorriekin.
Aurreikuspen horiekin, Bidegik, Irungo ordainlekuko 14 kabinak irekita mantenduko ditu. Trafiko handien egun eta orduetan 10 kabina Iparraldetik datorren trafikoa kudeatzeko prestatuta egongo dira eta 4 Behobia aldera doazen ibilgailuentzat. Postu guztiak pertsonalarekin egongo dira igarotzea azkartzeko eta ordainketa mota guztiak onartuko dira: Abiatu gailua, kreditu eta zordunketa txartelak, dirua eta Via-T. Zarauzko ordainlekuan ere bitarteko gehiago jarriko dira.
Bestalde, eta trafikoa arintzeko, Behobiatik Irungo ordainlekura heldu aurretik, aurten ere informazio panela jarri da lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez), ordaindu beharreko kopuruaren berri emanez eta erabiltzaileek dirua prest eduki dezaten. Kopurua beherantz borobildu da 2,61€tik 2,60€ra txanpon aldaketa errazteko. Tarifa hau indarrean dago uztailaren 19tik irailaren 1era, biak barne.
Foru agentziak gogoratzen du Biriatun egon daitezkeen kontrolek joan etorrian eragina izan dezaketela, eta nortasun agiria edota pasaportea eskura edukitzea eta informatuta egotea gomendatzen du, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko web orrian, www.trafikoa.eus, twiterren www.twiter.com/trafikoaejgv , eta 011 telefonoan .
Aurten, Miarritzen G-7ko goi-bilera dela eta Bidegik kudeatzen dituen AP-8 eta AP-1eko 113 ordainlekuetako kabinetan Trafikoko arduradunek emandako gomendioen oharrak jarri ditu. Bertan eta baita lau hizkuntzatan ere abuztuaren 23, 24, 25 eta 26an Iparraldeko muga saihesteko “Saihestu muga Euskaditik igarotzea” irakurri daiteke. Oharrak goi-bilera amaitu arte mantenduko dira.
2104