Irun, Bergara eta Eibarko suhiltzaile parkeetako arduradunekin batzartu da Imanol Lasa
Irun, Bergara eta Eibarko suhiltzaile parkeetako arduradunekin batzartu da Imanol Lasa
Zerbitzua modernizatzeko prozesuan kokatzen da bisita, eta parke bakoitzeko instalazioak, erronkak eta beharrak bertatik bertara ezagutzea izan du helburu
Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak Irun, Zubillaga (Oñati) eta Arrateko (Eibar) suhiltzaile parkeak bisitatu ditu gaur goizean –departamentuaren barruan dago Gipuzkoako Suhiltzaileen Zerbitzuaren kudeaketa-. Suhiltzaile ofizialek lagunduta, eta parke bakoitzeko arduradunen eskutik, bertatik bertara ezagutu ditu instalazioak, egunero egiten den lana eta praktikak, eta dituzten behar nagusiak. Irungoa da Gipuzkoako parkerik handiena eta esku-hartze gehien egiten dituena, bere kokapenagatik. Oñatikoa, berriz, zaharrena.
Foru Gobernua alor honetan gauzatzen ari den modernizazio prozesuan kokatzen da bisita, Prebentziorako, Suak Itzaltzeko, eta Salbamendurako zerbitzu berriaren sorrerari begira. “Suhiltzaileen zerbitzua eta funtzioa estrategikoa da guretzat. Orain arte, beraien erronkak eta lehentasunak aztertzen jardun dugu, eta orain ekintzen fasean sartzen gara. Giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditugu zerbitzua indartzeko, eta antolaketan ere egokitzapenak izango dira”, azaldu du Lasa.
Ildo horretan, gogora ekarri du Aldundiak Lan Eskaintza Publikoa egingo duela suhiltzaileentzako 25 plazarekin, eta beste 21 barne promozio bidez: 13 kabo eta 8 sargentu.
Zerbitzuak 8 parke dauzka, Lurraldean zehar banatuta. Aipatutako hirurez gain, Goierri (Ordizia), Kosta (Zarautz), Oria (Tolosa), Korosti (Legazpi) eta Urolakoa (Azpeitia) daude. Lanean dauden persona kopurua 233koa da, eta 2015ean egin ziren esku-hartzeak guztira, berriz, 2.089.
1820