Irungo ordainlekuaren parean Bilborako noranzkoan hirugarren errei bat egiteko proiektua esleitu da
Irungo ordainlekuaren parean Bilborako noranzkoan hirugarren errei bat egiteko proiektua esleitu da
Aurrekontua 585.000euro+BEZekoa da, eta lanak gauzatzeko epea 15 astekoa. Gidariek mugikortasun eta ikusmen hobea izango dute errei berriari esker.
Irungo ordainlekuaren parean, Bilborako noranzkoan, hirugarren errei bat egiteko lanen esleipena onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurrekontua 585.113 euro+BEZekoa da, eta esleitu ondoren, 15 asteko exekuzio-epea izango du. Era berean, Zestoa-Zumaiako AP-8ko lotunearen orientaziorako kartelak eta banderolak berritzeko lizitazioa egitea erabaki du.
Irungo proiektuaren berri gaur eman da astearteroko Diputatuen Kontseiluan. Helburua da errei berri bat prestatzea Bilborako noranzkoan egungo bi erreietatik hirutara handituz, 300 metroko luzeran, Irungo ordainleku nagusiko bideen zabalgunera heldu aurretik. Hirugarren erreia lortzeko, beharrezkoa izango da AP-8ko trafikoak eta Bentetako lotuneko sarrera-adarretik autobidera sartzen direnak bereizten dituen hormigoizko hesia lekuz aldatzea. Metalezko hesiak ere desmuntatuko dira, eta euri-uren eta argiteriaren kutxetak eraitsiko dira, konfigurazio berrirako egokiak diren beste batzuekin ordezkatuz.
“Errei berri honi esker, gidariek mugikortasun eta ikusmen hobea izango dute, eta denbora gehiagoz kokatu ahal izango dira, Bilborako noranzkoan trafikoei zerbitzua ematen dieten zazpi bide finko eta hiru itzulgarrietara modu homogeneoagoan eta hobeto banatuta joateko”, azaldu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak. Gaur egun, erabiltzaileek ordainleku nagusiko erdiko bideak erabiltzen dituzte, eta “eskuinaldean daudenak, berriz, gutxiagotan. Horren ondorioz, auto-ilarak areagotu egiten dira zirkulazio gehien dagoen egunetan”.
Halaber, AP-8ko Zestoa-Zumaia lotunearen parean orientazio-seinaleak osorik berritzeko lizitazioaren berri eman da Kontseiluan. Proiektuak 863.371 euro+BEZeko aurrekontua du, eta egungo banderolak eta seinaleztapen-kartelak beste berri batzuekin ordezkatzea aurreikusten du. Guztira 10 seinale berri jarriko dira bi noranzkoetan. Enpresa esleipendunak lau hilabete izango ditu seinale zaharrak kendu eta berriak instalatzeko horretarako beharrezko diren babesteko euste-sistemekin batera..
Berdintasun laguntzak
Era berean, lurraldeko udal eta mankomunitateei bideratutako dirulaguntza deialdia onartu du gaurko Kontseiluak, emakumeen partaidetza soziala eta berdintasuna sustatzen dituzten proiektuak bultzatzeko. Guztira 400.000 euro bideratuko dira udal-politiken genero-zeharkakotasuna sustatzeko, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, indarkeria matxistaren sentsibilizazio eta prebentziorako eta kontziliazio erantzukiderako proiektuak finantzatzeko. Aldundiak gehienez 40.000 eurorekin finantzatuko ditu udalek edo mankomunitateek eta udalen ahalduntze-guneek garatutako ekimenak.
Bozeramaileak azaldu duenez, deialdi berriak “lurralde osoko udal eta mankomunitateen lanari babesa eta bultzada ematen jarraitzea du helburu, bereziki, emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboaren aldeko lana, indarkeria matxistaren sentsibilizazioa eta prebentzioa, biktimen arreta eta ekintza komunitarioa”. Erakundeek urtarrilaren 31ra arteko epea dute eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko, egoitza elektronikoaren dirulaguntzen atariaren bidez.
1086