Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Irurako Katategi industrialdeko geralekua eskaripekoa izatea aztertzen ari da Aldundia

Irurako Katategi industrialdeko geralekua eskaripekoa izatea aztertzen ari da Aldundia

Aldundi hau izan da geralekua behin betiko kentzeko erabakia hartu duena, Orain neurri egokiagoak hartu behar dira

2017/07/10

Marisol Garmendia, Mugikortasuneko diputatua, Tolosa-Donostia linearen emakida duen TSST enpresako gerentearekin eta enpresa horretako langileen ordezkari batekin bildu da gaur goizean, aztertzeko Iruran N-1 errepidearen bi noranzkotan dauden geralekuak, Laskibarkoak, kenduta egon daitezkeen aukerak.  Aurreko larunbatean jarri zuten bilerarako hitzordua, hartu beharreko neurriei enpresa emakidadunarekin batera heltzeko, lehenengo egunetik.  

Bileraren ostean, Garmendiak iragarri du Mugikortasun Departamentua aztertzen ari dela autobusak Katategi industrialdearen barrualdean geratzea, baina soilik erabiltzaileak eskatzen duenean, Tolosaldeko beste linea batzuetan gertatzen den bezala.

Nolanahi ere, Mugikortasuneko diputatuak lasaitasun mezua igorri nahi izan die, bai gidariei, bai erabiltzaileei. “Aldundi hau izan da, eta ez beste inor, geralekua behin betiko kentzeko erabakia hartu duena, 40 urte luze funtzionamenduan eman ondoren. Orain neurri egokiagoak hartu behar dira, erabiltzaileei zerbitzu publikoa ematen jarraitzeko, bidaiarien nahiz gidarien segurtasuna bermatuz betiere. Eta horretan ari gara”, esan du.

Geralekuak ezabatzeko edo geraleku berriak jartzeko erabakia Foru Aldundiari dagokio. Ez enpresak, ez gidariek, ezin dute erabaki, beren kabuz, non geratuko den autobusa eta non ez. Bide Azpiegituretako Departamentuak –berak baimentzen baititu geralekuak-, Mugikortasunekoak eta udalek adostutako erabakia da. “Ez dugu nahi bidaiarien eta gidarien segurtasuna lan arloko aldarrikapenekin nahasterik, eta ez dugu onartuko”, esan du.

Mugikortasuneko diputatuak adierazi du Aldundiak inplikatutako eragileekin konpartituko dituela erabakiak, eta ororen gainetik erabiltzaileen eta gidarien segurtasunari emango zaiola lehentasuna. Beraz, neurri horiek hartu ahal izateko beharrezkoa bada bidaia denborak eta ordutegiak egokitzea, hala egingo da.

 “Neurri hauen ondorioz bidaia bost edo hamar minutu luzatzen bada, luzatu egingo da. Baina segurtasunak izango du lehentasuna. Eta herritarrek ulertu behar dute hobe dela bidaia zertxobait luzatzea ezbehar bat gertatzeko arriskua izatea baino.”  

 

 

 

  

1796