Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Itsas hondakinen kontzientziazioan iraultzaile

Itsas hondakinen kontzientziazioan iraultzaile

Pasaian, Bizkaiko Golkoan aitzindaria den gailua jarri da.

2020/09/08
Pasaiako badian ur gainazaleko hondakinak bildu eta jarraipena egiteko gailu berritzaile bat aurkeztu da, SEABIN izenekoa. Mundu osoko 860 itsas klub eta portutan dagoen itsas zakarrontzia da, urtean 1,4 tona zabor biltzeko gai dena. MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak, gizartea itsas ingurunearen kontserbazio aktibora hurbiltzeko eta horretan inplikatzeko bere misioan, proiektu berri bat bultzatzen du itsas ingurumen-sentsibilizazio eta hezkuntzarako bere lan ildoan.
 
SEABIN PASAIA Bizkaiko Golkoan lehena izango da, 24 orduz itsas hondakinak biltzeaz gain, itsas ingurumen-sentsibilizazio eta hezkuntzarako beste tresna baliogarri bat izango da ere. Gainera, ur gainazalean dauden hondakinen kopuruari eta tipologiari buruzko aldizkako datuak emango ditu, oso informazio baliagarria arazo global honen iturriak identifikatzeko lanetan jarraitzeko eta ikerketa ezberdinak egiteko.
 
Ontzi Museoan ospatu den aurkezpen ekitaldian, proiektua aurrera ateratzen lagundu duten erakundeetako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pasaiako Portuko Agintaritzak, parte hartu dute, bai eta itsas hondakinen ikerketa, birziklatze edo sentsibilizazio lanetan diharduten inguruko hainbat eragilek ere, hala nola, EHUko Material eta Teknologia Saileko ikertzaileek edo Eko-Rec-eko kideak.
 
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak gogorarazi du urtero 10 milioi tona zabor inguru joaten direla munduko itsaso eta ozeanoetara, “itsasoko zaborra eta mikroplastikoak gure ozeanoek duten ingurumen-erronka handienetako bat dira, eta administrazioek eta agenteek parte hartu eta sustatu behar dute arazoa konpontzeko neurriak hartzeko”. Alde horretatik, Ingurumen Saila azken urteotan ari da lanean itsasoko zaborra prebenitu, sailkatu, kontzientziatu eta murrizteko hainbat proiektutan: Life Lema, Ekofish, Zero Zabor Uretan, Gipuzkoako zaborgune sakabanatuen inbentarioa…
 
Udako sentsibilizazio-kanpainaren emaitzak (ZERO ZABOR URETAN)
 
Uztailean, MATER euskal kostaldeko hainbat portuetara iritsi zen, “Hondakinik onena, sortzen ez dena” mezua zabaltzeko asmoz, ZERO ZABOR URETAN kontzientziazio-kanpainarekin. 400 pertsona baino gehiagok ontzi adierazgarri hau ezagutu ahal izan zuten, bisita ekoaktiboen eta antolatu ziren itsas hondakinen irteeren bitartez. MATERreko tripulazioa, boluntarioekin batera, Hondarribia, Ondarroa, Portugalete eta Pasaiako portuetatik itsasoko zaborra eta mikroplastikoak arrantzatzera irten ziren. Arrantzatutako emaitzei dagokienez, mikroplastikoen sareak, Bilboko itsasadarrean 5 mm baino gutxiagoko tamaina zuten plastikozko pieza ugari bildu zituen, 0,7 mikroplastiko m2-ko kontzentrazioa lortuz. Mikroplastiko horien tipologia ezberdina izan zen lau laginketetan, Ondarroan eta Portugaleten plastiko zati garden txikiak ugarienak izan ziren, Pasaian, berriz, hari-zati txikiak aurkitu ziren batez ere. Bestalde, salabardoek eta hondakin handiak arrantzatzeko sareak, janari bilgarriak, sokak, zigarrokinak eta 2,5 zm eta 50 zm bitarteko eta identifikatu ezin diren plastikozko piezak bildu zituzten, gehien bat.
 
Kanpainako zortzi portuetako pasealekuetan ontziaren ondoan, kaiola bat ipini zen, hondakinak jasotzeko gonbitea luzatuz, honetan ere, lehenago aipatutako hondakin handiak izan ziren ugarienak.
 
Kanpainari amaiera emateko, noraezean zebilen ia 200 kg-ko arrastre-sare pisutsu bat harrapatu zen Debako kostaldetik gertu. Kanpainari buruzko informazio guztia: www.zerozaboruretan.eus
  

1381