Itsasoko herritarren alde jarraituko du lanean Aldundiak, ager daitezkeen aukera berriak aztertuz
Itsasoko herritarren alde jarraituko du lanean Aldundiak, ager daitezkeen aukera berriak aztertuz
Itsasoren bereizketa baliogabetu du Auzitegi Gorenak.
Estatuko Administrazio Orokorraren alde eta Itsasoren bereizketaren kontra ebatzi du Auzitegi Gorenak, udalerri honen konstituzioa indargabetuz. Gorenaren arabera, Estatuko 27/2013 Legean jasotako biztanleria baldintza aplikagarria da foru lurraldeetan eta, ondorioz, udalerri berriak eratzeko gutxienezko 5.000 pertsonako biztanleria beharko da. Eider Mendoza foru bozeramaileak aldeztu duenez, Foru Aldundiak momentu oro egin dio bidea Itsasoko biztanleen borondateari, “eta gure esku dagoen guztia egin dugu Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria izan zedin”.
“Azken muturrera arte joan gara, eta posible ziren bide guztiak arakatu, probatu eta amaiera arte egin ditugu”, gogoratu du foru bozeramaileak. Are gehiago, nabarmendu duenez, Itsasok udalerri independente bezala funtzionatu du Ezkiotik banandu zenetik (2017ko urtarrilean) gaur arte. Mendozak azpimarratu duenez, politikak herritarren borondatea gauzatzeko erreminta izan behar du posible den guztietan, “eta Aldundia eskema horretan egon da eta egoten jarraitzen du”. Honela, nabarmendu du Aldundiak itsasoarren alde jarraituko duela lanean, eta etorkizunean ireki daiteken edozein ate edo aukera aztertzeko prest dagoela.
2017ko urtarrilean banandu zen Itsaso Ezkiotik. Itsasorentzat, historikoki zuen eta 1964 urtean, frankismoak bi udalerriak fusionatzea erabaki zuenean, kendu zitzaioan kondizioa berreskuratzea ekarri zuen. Bereizketa prozesua modu eredugarrian egin zen, kontu honek eragiten zion erakunde eta elkarte guztien arteko elkarlana, elkarrekiko errespetua eta sukaldeko lana oinarri izan zituelarik, eta baita ezkiotarren ulermen eta zintzotasunarekin ere. Hala ere, prozesua Estatuko Administrazio Orokorraren aurkakotasunarekin topatu zen, eta honek azkenean epaitegien bitartez lortu du Itsaso udalerri bihurtzeko prozesua geldiaraztea.
1441