Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Iturrarango Landare Berezien Azoka formatu birtualean egingo da lehen aldiz

Iturrarango Landare Berezien Azoka formatu birtualean egingo da lehen aldiz

Pandemia egoerara egokituko da web-plataforma baten bidez, kontinente guztietako landare eta loreak ezagutu eta erosteko aukera eskainiz.

Aurtengo udaberriak, Aiako udalak eta Aldundiak antolaturiko Iturrarango Landare Berezien Azoka itzuliko digu apirileko azkeneko asteburuan. Iaz pairaturiko egoerak ez zuen azokaren ospakizuna baimendu baina aurten azokaren 18. ekitaldia ospatuko da. Pandemia egoerak baldintzatuta, era birtualean burutuko den azoka izango da aurtengoa, aurreneko aldiz. Nolanahi ere, Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak azaldu duenez, formatu digitalean izanda ere, Iturrarango azoka “berezi egin ohi duten ezaugarriei eutsiko die”. Landareen kalitatea eta barietatea lehenetsiko dira, erosketarako aukera zabala aurkeztuko da, eta landare ikusgarriak eta espezie bitxiak ikusgai izango dira, besteak beste

Aurki aurkeztuko den webgunearen bitartez, aurrez aurreko azokan topatu ohi diren mintegien inguruko informazio guztia eskuratzeaz gain, haietako bakoitzaren eskaintza osoa eta harremanetarako bide zuzenak aurkitu ahal izango dira. Izan ere, ohiko azokan garatzen diren harremanak baimenduko dituen baliabide guztiak eskainiko dira oraingoan ere. Horrenbestez, bide horiek erabiliz, mintegi bakoitzaren altxorrik ederrenak eskuratzeko aukera bermatuko da.

Kontinente guztietako landare eta loreak ezagutu eta erosteko aukera paregabea eskainiko du beste behin Iturrarango Landare Berezien Azokak. Hala, Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte. Webguneak jasoko duen multimedia atalak ere eduki interesgarriak eskainiko ditu, landareen eta haiekin loturiko arloen berri emango duten bideo laburrak ikusgai egongo baitira bertan: lorategia, biodibertsitatea, landareak landatu eta zaintzeko moduak…

Finean, aurten ospatuko den 18. Landare Berezien Azokan, 2003. urtean abian jarritako ekitaldiaren helburuari eutsiz, lore aukera zabala eskainiko da: horietako asko gure baratzetan, leihoetan eta lorategietan ezagutzen ez direnak, ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen eskulangintzako jarduerak erabiliz bakarrik lortzen direnak.  

Ekimen horren bidez, Aldundiak, era berean, egungo krisialdiaren aurrean lorezaintzan aritzen diren ustiategien jarduera dinamizatzen lagundu nahi du, bitarteko berriekin. Covid-19aren ondorioz, iaz azpisektore kaltetuenei laguntzeko martxan jarritako planean sartu ziren ustiategi horiek.

  

1859