Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Itzali dute asteburuan Irungo lurrak kaltetu dituen sutea

Itzali dute asteburuan Irungo lurrak kaltetu dituen sutea

Suak 400 hektarea inguru erre ditu Gipuzkoan, azken hamar urtetako suterik larriena.

Asteburuan Irungo udal barrutiko lurrak kolpatu dituen sutea itzalita dago jada. Endarlatsa inguruan egon dira foku nagusiak: larunbatean iparralderantz egin zuten, Bidasoa ibaiaren ezker bazterretik, eta igandean ipar-mendebalderantz, Erlaitz eta Pagogaña aldera, Aiako Harrien mendebaldeko lurretan. Espero bezala, atzo arratsalde-gau partean emandako giroaren aldaketa eta euriaren iritsiera funtsezkoak izan dira sutea kontrolpean jartzeko, eta gau erdirako sua itzalita zegoen. Suhiltzaileak eta basozainak erretiratu ostean, erreten bat geratu da zonaldea zaintzen, baina sua itzali eta gutxira erretiratu dira hauek ere

Sutea larunbat goizean piztu zen Nafarroako Bera herrian eta, asteburuan izandako hego-haize bortitzak bultzatuta, Gipuzkoa eta Lapurdiko lurretara hedatu zen arratsaldean. Lurralde historikoaren kasuan, eta behin behineko balantzeen arabera, 400 hektarea inguru erre dira larunbata eta igandearen artean. Azken hamar urtetako suterik larriena da.

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Gobernantzako foru diputatua, Eider Mendoza, sutea itzaltzeko lanak koordinatzeko Irungo Zaisa industriagunean ezarri zen aginte-postu mugikorrean izan dira asteburuko hainbat momentutan. Postua igande arratsaldean jaso zen. Azaldu dutenez, suteak momentu zailak eragin zituen batez ere larunbatean, baina zorionez ez du kalte pertsonalik eragin, ez eta etxebizitzarik edo bordarik kaltetu. Gogoratu dutenez, momentu batzutan sua Irungo Bidasoa landa-auzotik gertu egon zen, eta 38 baserri, bi jatetxe eta enpresa bat desalojatu behar izan ziren prebentzioz. Bizilagunak atzoko egunean zehar joan ziren beraien etxebizitzetara itzultzen. Tamalez, erretako 400 hektareen zatirik handiena bertako basoa da eta, honenbestez, "ikaragarrizko galera" da Gipuzkoarentzat ondare naturalaren ikuspegitik. Datozen egunetan egingo da kalteen balorazio zehatzagoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 40 lagunetik gora eta dozena bat ibilgailu izan ditu asteburu osoan zehar tokian momentu oro, suhiltzaile eta basozainen artean. Hauekin batera, Ertzaintza, Babes Zibila, Irungo Udaltzaingoa, DYA Gipuzkoa eta Gurutze Gorriak ere hartu dute parte suaren kontrako ahaleginean. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie lanean ibilitako pertsona guztiei, langile zein boluntario, guztien ahaleginari esker lortu baita sutea kontrolatu eta itzaltzea.

  

3015