Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Itziar Agirrek Ogasun eta Finantza diputatuaren benera jaso du Foru Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean

Itziar Agirrek Ogasun eta Finantza diputatuaren benera jaso du Foru Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean

Eider Mendoza diputatu nagusiak gidatutako ekitaldian Jokin Peronaren omenezko hitzak izan dira; Foru Gobernuak berretsi egin du pertsona guztien ongizatearen alde lan egiten jarraitzeko haren erabaki irmoa.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean egin du Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatu berriari lepoko bereizgarria jartzeko ekitaldia, izan ere, berriki zendutako Jokin Perona diputatuaren kargua beteko du aurrerantzean Agirrek. Eider Mendoza diputatu nagusiak jarri dio lepokoa Itziar Agirreri, eta bertan izan dira foru gobernua osatzen duten gainerako diputatuak ere.

Ekitaldiaren hasieran Eider Mendoza diputatu nagusiak hartu du hitza, eta Agirreri eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Ogasuna zuzentzeko ardura bere gain hartuta erakutsi duen  “zerbitzu publikoekiko bokazioagatik” eta Gipuzkoarekiko “konpromisoagatik”. Foru gobernu osoaren izenean, zorte ona opatu dio diputatu berriari, eta “elkarlanean aritzeko erabateko borondatea” eskaini dio zeregin kolektibo horretan.

“Ogasun eredugarria dugu, berritzailea, eta une oro aldatzen ari den gizarte eta ekonomiaren erronkei aurre egiten ari dena. Gaurkoan, bertan lan egiten duten pertsona guztien lana aitortu nahi dut, funtsezko zerbitzua baita gure lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako, bai eta Gipuzkoako gizartea osatzen dugun pertsona guztion ongizaterako ere”, adierazi du.

Jokin Perona ere gogoan izan du, eta gaineratu du haren “entrega, ikuspegia eta izaera positiboa” eredu “pertsonal” eta “profesionala” izango direla gobernua osatzen dutenentzat. “Haren eredua gogoan, inoiz baino gehiago berresten dugu pertsona guztien ongizatearen alde elkarlanean lanean jarraitzeko determinazioaren konpromisoa. Bere omenez egin dezakegun omenaldirik onena da”, ziurtatu du.

Lepokoa jaso ostean, Itziar Agirrek hartu du hitza, eta diputatu nagusiari eskertu dio Ogasun eta Finantza diputatu kargua hartzeko berarengan jarritako konfiantza, eta Jokin Peronaren bideari jarraitzeko asmoa azpimarratu du: “Hark fiskalitatetik lan egiten zuen jarduera ekonomikoa eta gizarte kohesioa sostengatzeko neurrien garapenean, horrela, Gipuzkoako ongizate sozioekonomikoa bermatzeko, begirada beti uneko erronketan eta epe luzera balioko zuten konponbideetan jarrita”. “Heldu beharreko erronka ugari ditu aurretik dugun legealdiak, besteak beste, etorkizuneko erreforma fiskala, zeinarekin lanean diharduten urte hasieratik”, nabarmendu du Agirrek. Horri dagokionez, Ogasun eta Finantza diputatu berriak espero du aurrera jarraitzea “batzarkide talde guztiek erakutsitako borondate onaren eta elkarrizketaren bidetik, tresna fiskalen garapena bitarteko dela erreforma fiskalaren ponentzian identifikatutako 11 erronka sozial eta ekonomikoei erantzuna emateko”.

Egundaino, Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuordea izan da 2017tik, eta horren aurretik Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerga Administrazioko zuzendari gisa jardun zuen. Ondo baino hobeto ezagutzen du Euskadiko zerga sistema, eta Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, zuzenbide juridiko ekonomikoan espezializatua, eta Euskadiko Zuzenbide Autonomikoari buruzko espezializazio diploma ere badu. Horrez gain, UNEDeko Giza Baliabideen Zuzendaritzako unibertsitateko aditu titulua du, eta Gipuzkoako Bazkundearen eta Mondragon Unibertsitatearen MBA Executive masterra egina da. Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatu izan baino lehen beste erakunde publiko batzuetan aritua da, hala nola Gipuzkoako Batzar Nagusietan, batzarkide izan baitzen 2007tik 2013ra, eta Urretxuko Udalean, zinegotzi baita 2003. urteaz geroztik.

Aitziber Beldarrain, Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusi berria

Itziar Agirre buru izango duen Ogasun eta Finantza Departamentuko lantaldea osatzeko, Aitziber Beldarrain Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusi izendatuko da Jose Corchonen ordez, kargu hori izendatzeke baitago, Corchón joan den uztailean Eusko Jaurlaritzako Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde izendatu zutenez geroztik.

Aitziber Beldarrain legazpiarra (Bilbo, 1975) Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomian lizentziaduna da (EHU), eta Koiunturako eta Sektore Publikoko Ekonomian espezializatuta dago.  UNEDeko Zerga Azterketen Institutuan Zuzendaritza Publikoari, Politika Publikoei eta Tributazioari buruzko Masterra egin zuen, eta Gipuzkoako Bazkundean, Zerga Aholkularien Goi Mailako Ikastaroa.

Beldarrain Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideetako zuzendari izan da 2017tik gaur arte, eta aurretik IKEI aholkularitza enpresan aritu zen.  Eusko Jaurlaritzan egindako ibilbide profesionalean, besteak beste, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan parte hartu du.   Asteazkenean hartuko du bere gain ardura berria, Diputatuen Kontseiluak Zarautzen egingo duen bileran izendapena onartu ondoren.

  

4046