Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Izango Zara. Talentua sustatzeko bekak

Izango Zara. Talentua sustatzeko bekak

Kultura Departamentuak bere gazteria politiken ardatz nagusitzat dauka tokiko talentuaren sustapena

Izango Zara programak egituratzen ditu ikasketa, lan edo kirol arloan nabarmendu diren Gipuzkoako talentuko gazteei zuzendutako beka eta laguntzetako batzuk, beren ikasketetan sakondu eta karrera profesionalak bultzatu ahal izan ditzaten.

Berrikuntza, talentua eta talentuak aberastasuna eta enplegua sortzeko duen indarra pertsonen mende dago eta, etorkizun hurbilean, gure gazteen mende. Prestakuntza onena duten gazteak dira Gipuzkoari behar duen bultzada emango diotenak, talentuan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia duen lurralde bilakatzeko, balio erantsi handiko produktuak fabrikatu edo zerbitzuak emateko gai diren eta enplegu kalifikatua eta ondo ordaindua sortzeko gai diren enpresak dituen lurralde bihurtzeko. Belaunaldi berri horien bultzada eta horrek duen eragina ez da mugatzen, soilik, ekonomia arlora; izan ere, komunitate kohesionatu bat egituratzeko aurrekoak bezain garrantzitsuak dira artistak edo kirolariak, kultura eta gizarte erreferenteak eskaintzen dizkigutenak. Horrenbestez, talentuko gazte onenei laguntzea estrategikoa da, eta gazteria politiken ardatz nagusi gisa kokatu behar da.

Kultura Departamentuak lan ildo bat sortu du bide horretan, eta dagoeneko hasi da Foru Aldundiak ematen dituen laguntza, beka eta babes guztiak egituratzen, antolatzen eta programa bakar batean jasotzen: Izango Zara programa.

Programa hori gazteei zuzenduta dago, jarrera ekintzailea eta sortzailea duten, jakin-nahia duten, proiektu propioa sortu eta garatu nahi duten, ikerketa sektorean bidea egin nahi duten, kirol beka bat lortu edo taldeko proiektu bat aurrera eraman nahi duten gazteei zuzenduta.

Programak 8 laguntza lerro jasotzen ditu:

 Prestakuntza espezializatuko bekak ondorengo diziplinetan:

Musika: instrumentu baten edo ahotsaren interpretazioaren hobekuntza, zuzendaritza, konposizioa.

Dantza: dantza klasikoko nahiz garaikideko teknikaren hobekuntza, koreografia.

Arte dramatikoa: Aktore-interpretazioko teknikaren hobekuntza, zuzendaritza.

Ikus-arteak eta erakusketen komisariotza:  prestakuntza espezializatua arlo desberdinetan.

Moda diseinua: prestakuntza espezializatua arlo desberdinetan.

Arkitektura: prestakuntza espezializatua eraikuntza, hirigintza eta paisajismoan.

Diziplina  horietan beka bana eskainiko da eta 10.000 euroko gehieneko zuzkidura izango dute pertsona bakoitzeko.

Beka horien bidez egin ahal izango diren ikastaroen iraupena, gutxienez, 4 hilabete jarraitukoa eta, gehienez, 10 hilabete jarraitukoa izango da, eta deialdiaren urteko irailaren 1ean hasi eta hurrengo urteko azaroaren 30era bitartean egin ahal izango dira. 

2.- Harizko instrumentisten­tzako prestakun­tza espezializaturako Nicanor Zabaleta beka.

Beka hau 26 urte bete gabeak dituzten gazteentzat da, biolin, biola, biolon­txelo, arpa edo kontrabaxuan espezializazio ikasketak egiteko interpretari bakarlari gisa, aipatu instrumentu horietako batean profesionalki musika interpretazioan ari­tzeko beharrezkoa den heziketa lor­tzen lagun­tzeko. Bekak urtebeteko iraupena izango du eta zenbatekoa 14.000 eurokoa izango da.

3.-Ikerketa historikoak egiteko José Ignacio Tellechea Idígoras beka.

Beka honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoari buruzko ikerketa historikoak egitea, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak kudeatuta. Azterketek gai desberdinak bil ditzakete. Bekaren gai diren lanen iraupena hamabi hilabetekoa izango da eta bekaren zenbatekoa gehienez ere 11.500 eurokoa izango da.

4- Irungo Gordailuan, Gipuzkoako Kultura ondare higigarriaren zentroan, prestakuntza praktikak egiteko beka.

Beka honen xedea da ondare etnografikoaren alorrean, bereziki bildumen dokumentazioaren esparruan, Irungo Gordailuan, Gipuzkoako Kultura ondare higigarriaren zentroan, izaera teorikoko eta praktikoko prestakuntza praktikak egitea. Bekak 8 hilabeteko iraupena izango du eta zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da gehienez.

5- Turismo sektorean aplikatutako ikerketarako bekak.

Hauek dira ikerketa alorrak: Ikerketa turistikoa gai hauen inguruan: planifikazio turistikoa eta lurralde oreka; produktu edota baliabide berriak garatzea eta balioan jartzea; turismoa eta iraunkortasuna hiru alderdietan, ekonomikoan, ingurumenekoan eta sozialean; turismo arduratsua; eta eragin turistikoari buruzko azterketak. Bekaren gai diren lanen iraupena gehienez ere hamar hilabetekoa izango da. Gutxienez bost beka eman ahal izango dira, eta beka bakoitza, gehienez ere, 10.000 eurokoa izango da.

6- Proiektu solidarioetako parte hartzaileen bidaiak finantzatzeko diru laguntza poltsak.

Lan poltsen xedea da gaztetxoen artean elkartasuneko balioak sustatzea hainbat errealitate zuzenean ezagutuz. Helburua da parte-hartzaileek elkartasuneko balioak sendotzea eta garatzea beste kultura batzuetan eta beste testuinguru sozial eta ekonomiko batzuetan bizitako esperientzien bidez, eta, aldi berean, balio horiek gure gizartean zabaltzeko konpromisoa hartzea. Bekaren gai diren lanen iraupena hiru hilabetekoa izango da gehienez. Laguntza lerro honen zuzkidura bikoiztu egin da, eta orain 20.000 eurokoa da. Gutxienez 10 beka eman ahal izango dira, eta bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 2.000 eurokoa izango da.

7- Etorkizuneko eta talentuko kirolarientzako errendimenduko bekak.

Programa honen xedea da goi mailako kirolera iristeko itxaropena duten Gipuzkoako kirolariei laguntzea.  Etorkizuneko eta talentuko kirolari izendatzeak zenbait onura dakar, adibidez, ikasketak eta kirola bateragarri egiteko laguntza izatea. Gainera, talentuko kirolari izendatuz gero, 3.000 euro arteko diru beka bat emango zaio.

8- Auzolanean antolatutako gazteen proiektuetarako (proiektu komunitarioak) diru laguntzak.

Laguntza lerro honen xede orokorra da Gipuzkoako gazteei laguntzea bere ingurunea inplikatzen duten proiektu kolektiboak garatzen, interes publikoko gizarte eraldaketako prozesuak bultzatzeko. Bi diru laguntza emango dira, eta bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 13.750 eurokoa izango da.

Aurreko diru laguntza guztiak 18 eta 30 urte arteko gazteentzat dira, 1, 2, 3 eta 7. taldeetako beken kasuan izan ezik, horietan bakoitzaren oinarri arautzaile espezifikoetan zehazten baitira onuradunak.

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntza horien guztien informazioa eskuragarri egongo da web orrian www.gipuzkoangazte.eus/izangozara, baita Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren web orrian ere (diru laguntzen ataria). Web orri horren bidez ere bulego elektronikoan sartu ahal izango da, zeinaren bidez egingo diren eskaerak.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta 2017ko ekainaren 15ean amaituko da, auzolanean antolatutako gazteen proiektuen kasuan izan ezik, horietarako eskaerak aurkezteko epea astebete barru edo irekiko baita.

Horrez gain eta berritasun modura, 2016ko beken onuradunak kontsulta daitezke, horietako batzuen esperientziak ikus daitezke bideoetan, eta bakar batzuekin ere harremanetan jar daiteke.

www.oiasso.com

 

  

1926