Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ika Mizka ekimenaren seigarren edizioa aurkeztu dute

Ika Mizka ekimenaren seigarren edizioa aurkeztu dute

Euskararen erabileraren garrantzia eta unibertsitateko ikasleen ‘aktibazioa’ izango ditu ardatz

Ika Mizka 6

IKA MIZKA. Eta hik nola bizi dunk euskara? Aska ezank korapiloa’ egitasmoaren seigarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostiako Aquariumean. Gipuzkoako Foru Aldundiak, GAZTEZULOk eta lurraldeko hiru unibertsitatek sustatutako ekimen honek euskarari buruz solasean jarriko ditu Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak, zizka-mizkaz betetako mahai baten inguruan.

Gazteak solasean jartzen ditu IKA MIZKA egitasmoak, euskararen erabileraren garrantziaz jabetzeaz gain, seigarren edizio honetan ikasleak erabilera horretan ‘aktibatu’ nahi ditu, Euskaraldiaren helburuekin bat eginez.

Solasaldia eta zizka-mizkak uztartuz, mahai beraren bueltan unibertsitateetako gazteak, zein animatzen diren herritarrak, pertsonaia ezagunekin batera eseriko dira beste behin.

Hauek dira seigarren ediziorako aurreikusitako datak:

  • Apirilak 13, Donostiako Deustuko Unibertsitatearen campusean, Turismoko ikasleekin.
  • Apirilak 25, Donostian UPV/EHUko Gipuzkoako Ingenieritza Eskolako ikasleekin.
  • Maiatzak 7, Eskoriatzan MUko HUHEZIko ikasleekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, IKA MIZKAren bertuteak azpimarratu ditu: “Unibertsitate ikasleak askatasunez hitz egiten jartzea hizkuntzekin dituzten ohituren eta korapiloen gainean”. “Euskararen erabilera bultzatzeko tokian tokiko aktibazioaren bidean sakontzen ari garen honetan, unibertsitateak ere aktibazio gune interesgarria dira, inondik ere. Ona da unibertsitate ikasleak beren hizkuntza ohiturei buruz gogoeta egin eta elkarren artean pentsamendu horiek konpartitzea, hori baita hizkuntza ohituretan aldaketak eragiteko lehen pausoa. Ika Mizkak aukera paregabea eskaintzen du horretarako”, osatu du.

Unibertsitateak erdigunean

Jon Zaratek, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak, adierazi du azken urte hauetan UPV/EHUn “euskararen egoerak hobera” egin duela, eta Gipuzkoako campuseko ikasle gehienak euskaraz egiten dituztela graduko ikasketak, “nazioarteratze-prozesu batean murgildurik gauden arren”. Euskararen erabilera bultzatzeko, IKA MIZKA bezalako jendaurreko ekimenen garrantzia azpimarratu du. “Aurtengo gaia bereziki interesgarria iruditzen zaigu, izan ere Euskal Herriko Unibertsitatean euskararen erabilera sustatzeko Aktibatu proiektu estrategikoa jarri da martxan. Proiektuaren helburu nagusia euskal hiztun aktiboak sortzea da.” Aktibaturen bidez, unibertsitateko eremu informaletan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko testuinguru egokiak sortu nahi dira, IKA MIZKAn sortzen diren bezalakoak.

Jon Altunak, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoaren esanetan Mondragon Unibertsitateak bat egiten du aurten ere IKA-MIZKAko helburuarekin. Gure unibertsitatearen ibilbidean, euskerak unibertsitate esparruan espazioak irabazi ditzan ahalegindu gara. Hala nola, gure graduko eskaintza euskera ardatz duen hizkuntza proiektu eleanitzean oinarritu dugu, online ikaskuntzan euskerazko eskaintza sendotu dugu edo euskerazko ikerketan aurrerapausoak ere eman ditugu. Dena dela, datozen urtetako erronkarik haundienetako bat, gure ikasleen artean eta langileen artean euskeraren erabilera bultzatzean daukagu. EUSKARALDIA bezelako ekimenek kitzikapen efektu bat sortu dezaketela uste dugu euskeraren erabilpenaren aldeko dinamikak aktibatzeko.      

José Antonio Rodríguez Ranz-ek, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordea azpimarratu duenez, “Gure unibertsitateetako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan euskara normalizazio bidean edo normalizatuta dagoela esan dezakegu. Haratago joan behar dugu ordea, euskara campusetako hizkuntza bizia eta orotarikoa bilakatuz, eremu formaletan zein ez formaletan . IKA MIZKA dugu apirilean lehen urratsa, Euskaraldia dator ondoren, eta egunerokotasuna urte osoan zehar. Hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntzen arteko elkarbizitzaren garaian, globalizazioaren garaian, teknologia berrien garaian, txikiak baditu tokia eta balioa, eta horretaz gain, geurea da".

  

1431