Jasangarritasun Departamentuak 1.300 poltsa birziklatu eman dizkio Gipuzkoako Elikagai Bankuari, bere gizarte- eta ingurumen-konpromisoa indartuz
Volver Jasangarritasun Departamentuak 1.300 poltsa birziklatu eman dizkio Gipuzkoako Elikagai Bankuari, bere gizarte- eta ingurumen-konpromisoa indartuz
Jasangarritasun Departamentuak 1.300 poltsa birziklatu eman dizkio Gipuzkoako Elikagai Bankuari, bere gizarte- eta ingurumen-konpromisoa indartuz
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Zinemaldiarekin, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta SpanSet enpresarekin batera, % 100 birziklatutako 1.300 poltsa eman dizkio Gipuzkoako Elikagai Bankuari.

Poltsa horiek zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen laneratze aukerak sortuz egin dira, eta Zinemaldiko alfonbra gorriaren 1.840m 2 -ko moketa eta SpanSet enpresa gipuzkoarrak emandako amarratze-ehuna oinarri hartuta egin dira.
Ekimen hori babesteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 30.000 euro bideratu ditu guztira, Gipuzkoan materialak berrerabiltzeko zikloa eta gizarteratzea sustatzen laguntzeko.
Jasangarritasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisoaren erakusgarri, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1.300 poltsa birziklatu entregatu dizkio Gipuzkoako Elikagai Bankuari, Zinemaldiarekin, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta SpanSet enpresarekin batera. Poltsa horiek Zinemaldiko alfonbra gorriaren soberakinetatik eta berriz erabilitako amarratze-ehunetik abiatuta egin dira, eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen artean elikagaiak banatzeko erabiliko dira.
Poltsak emateko ekitaldian izan dira Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensio, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusi Aitziber Zubillaga, Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidente Belén Méndez de Vigo eta SpanSet enpresa gipuzkoarraren Jasangarritasun zuzendari Puy Vielba. Jasangarritasunaren, kulturaren eta gizarte-ekintzaren esparruan funtsezko figura horiek duten parte-hartzeak azpimarratzen du sektoreen arteko lankidetzak gizartean inpaktu positiboa sortzeko duen garrantzia.
Emaus Gizarte Fundazioaren gizarteratzeko eta laneratzeko tailerrean egin dira poltsa horiek, eta 345 ordu sortu dira enplegu inklusiboan eta aukera berriak eman zaizkie gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonei. Ekimen horri esker, 276 kg hondakin eta ehunen 415 kg sortzea saihestu da, eta materialak berrerabiltzea sustatu da, lurraldean ekonomia zirkularraren eredua indartuz.
Ahalegin bateratua benetako inpaktua lortzeko
Proiektu hori Jasangarritasunarekin eta gizarteratzearekin konprometitutako hainbat erakunderen baterako lanari esker lortu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jasangarritasun Departamentuaren bidez, ekimena finantzatu du eta hura garatzeko behar diren materialak eman ditu. Zinemaldiak bere alfonbra gorrian erabilitako moketaren 1.840m2 eman ditu, jaialdiaren sinbolo gisa, eta, horrela, bigarren bizitza baliagarria eman dio. Bestalde, Emaus Gizarte Fundazioak ekodiseinua egin du eta poltsak prestatu ditu gizarteratzeko eta laneratzeko tailerrean, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako aukerak sortuz. SpanSet enpresak, bestalde, poltsen heldulekuak fabrikatzeko erabilitako amarratze-zintak ematen lagundu du, proiektuaren izaera birziklatua indartzeko. Azkenik, Gipuzkoako Elikagai Bankuak poltsa horiek jaso ditu, premia handiena dutenei dohaintzan emandako produktuak banatzeko funtsezko tresna gisa, eta ekonomia zirkularraren eta elkartasunaren zikloa itxi du.
Aurkezpenean, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak nabarmendu duenez, “proiektu honek argi erakusten du jasangarritasuna eta elkartasuna batera joan daitezkeela. Hondakinak murrizteaz gain, gehien behar dutenei ere laguntzen diegu, Gipuzkoan ekonomia zirkularra sustatuz”.
Donostiako Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek adierazi duenez, “alfonbra gorri birziklatua eta bere bigarren bizitza Zinemaldiak jasangarritasunarekin duen konpromisoaren parte dira, 2024an, hainbat urtez doikuntzak egin ondoren, lehen aldiz karbono ekitaldi neutrala izatea lortu baitzuen”.
Emaús Gizarte Fundazioko zuzendari nagusi Aitziber Zubillagak, berriz, honako hau azpimarratu du: “Proiektu hau kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako aukera berriak sortzeko adibide argia da. Erakunde publiko, pribatu eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko lankidetzari esker, materialei bigarren bizitza bat emateaz gain, gizartean eredu zirkularragoetara eta inklusiboagoetara begiratzea ere bultzatzen da. Horrekin batera, eta ekintzaren beraren zuzeneko eraginaz gain, eragin inspiratzailea sortzen da, eta horrek erakunde eta pertsona gehiago animatzen ditu eraldaketa horrekin bat egitera. Erronka handia da, eta egunero egiten dugu lan, sarean eta modu berritzailean”.
SpanSet-eko Jasangarritasun zuzendari Puy Vielbak adierazi duenez, “jasangarritasunarekin konprometitutako fabrikatzaile gisa, proiektu honi esker, bigarren aukera bat eman diegu poliester hondakinei, zabortegian amaitzea saihestuz eta gure ingurunean inpaktu positiboa sortuz”.
Azkenik, Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidente Belén Méndez de Vigok dohaintza eskertu du, eta nabarmendu duenez, “urtero gure Elikagai Bankura iristen diren poltsa horiek adibide dira pobreziaren aurka eta gure ingurumenaren narriaduraren aurka borrokatzeko eta guztiontzako gizarte hobe baten alde lan egiteko, beharrezkoa dela aliantzak egitea, lankidetzan aritzea eta ahaleginak batzea eta gure printzipioak ez bistatik galtzea”.
Eredu jasangarri batekiko konpromisoa
Zinemaldiko alfonbra gorriaren moketak, % 100 birziklatutako eta birziklagarria den poliesterrez fabrikatuak, bere bizi-zikloa osatu du, eta berriz ere baliabide erabilgarri bihurtu da. Erakunde publikoen, enpresen eta gizarte-entitateen arteko lankidetzari esker, proiektu honek ekonomia sozial eta zirkularraren printzipioen adibideak ematen ditu, eta Gipuzkoan etorkizuneko ekimen jasangarrietarako oinarriak ezartzen ditu.
3398