Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Jasangarritasun Departamentuak 225.000 euro inbertitu ditu Soraluzen autokontsumo kolektiboa eta trantsizio energetikoa sustatzeko

Jasangarritasun Departamentuak 225.000 euro inbertitu ditu Soraluzen autokontsumo kolektiboa eta trantsizio energetikoa sustatzeko

‘TEK Soraluze’ energia-komunitateari esker, 848 tona CO2-ko murrizketa izango da 25 urtean, eta eguzki-energia duten 204 familia eta saltokiri mesede egingo die, beren etxebizitzetan instalatu beharrik gabe.

2025/03/10
TEK Soraluze

Soraluzek bere energia-komunitatearen jardueraren hasiera ospatu du. Autokontsumo kolektiboari esker, udalerriko familiek eta saltokiek % 30era arte murriztu ahal izango dute beren energia-faktura, eredu jasangarriagoa eta pertsona guztientzako eskuragarriagoa sustatuz.

José Ignacio Asensio: “Energia ekoizteko eta kontsumitzeko dugun modua eraldatzen ari gara, energia-kultura berriaren abangoardian kokatuz. Energiaren demokratizazioak eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoaren aldeko apustuak eredu eraginkorrago, bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko digute, gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetuz”.

Soraluzeko udalerriak arrakastaz hasi du bere energia-komunitatearen jarduera, ‘TEK Soraluze’. Ekitaldi berezi batean, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua eta Unai Larreategi Soraluzeko alkatea bizilagunekin eta energia-sektoreko ordezkariekin bildu dira, udalerriak energia berriztagarriekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoan mugarri bat ezartzeko.

Herri Antzokian egin da ekitaldia, eta ekimen berritzaile hori hurbiletik ezagutzeko interesa duten herritar askok hartu dute parte. ‘TEK Soraluze’ energia garbien erabilera sustatzeko sortu da, hainbat udal-eraikinetan eguzki-plakak jarriz. Guztira 302 eguzki-panel instalatu dira, 135 kW-ko potentziarekin, eta 905 m²-ko azalera hartzen dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren 225.795,08 euroko laguntza jaso du energia-komunitateak, hiru udal-eraikinen (Plaentxi Herri Eskola, Ezozia futbol-zelaia eta San Andres frontoia) estalkietan instalazio fotovoltaikoak egiteko. Hiru kokapen horien estalkiak Udalak laga ditu, Soraluzeko familiek energia elektrikoa sortzeko eta kontsumitzeko eredu jasangarri hori eskura dezaten beren etxeetan inolako obrarik edo instalaziorik egin behar izan gabe.

Ekimen horri esker, CO2 emisioak 848 tonatan murriztea espero da 25 urtean, hau da, 3.392 zuhaitz landatzearen baliokidea. Gainera, sortutako energiak zuzenean mesede egingo die 204 etxeri eta saltoki txikiri, eta elektrizitate-iturri jasangarriagoa eta efizienteagoa emango die.

Bere hitzaldian, Jasangarritasuneko diputatuak nabarmendu du proiektu hau eredu bat dela komunitateek tokiko eremutik energia-trantsizioa nola egin dezaketen azaltzeko: “TEK Soraluzek erakusten du etorkizun jasangarriago bat posible dela lankidetzaren eta baliabide berriztagarrien aprobetxamenduaren aldeko apustua egiten badugu. Energia ekoizteko eta kontsumitzeko dugun modua eraldatzen ari gara, energia-kultura berriaren abangoardian kokatuz. Energia eskubide soziala da, eta eredu berri bat eskatzen du, etxeak ahaldunduko dituena, energia-sistemaren erdigunean kokatuz eta energia garbia eskuratzea erraztuz. Autokontsumo kolektiboari esker, familiek eta tokiko saltokiek energia-fakturaren % 30 aurreztu ahal izango dute gehienez. Energiaren demokratizazioak eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoaren aldeko apustuak eredu eraginkorrago, bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko digute, gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetuz”, adierazi du.

Diputatuak gogorarazi du, halaber, gaur egun Gipuzkoan 60 energia-komunitate aktibo daudela 55 udalerritan, 10.000 familia hornitzen dituztenak. “Gure helburua da Gipuzkoako udalerri guztiek beren energia-komunitate propioa izatea 2027an, energia-trantsizioa lurraldeko bazter guztietara iritsiko dela eta aldaketa-prozesu horretan inor atzean geratuko ez dela ziurtatuz”, gaineratu du.

Bestalde, Soraluzeko alkateak ekimen honek udalerrian izan duen eragin positiboa azpimarratu du. “Urrats hau funtsezkoa da ingurumenarekin eta karbono-aztarna murriztearekin dugun konpromisorako. Harrotasunez ikusten dugu herritarren inplikazioa komunitate osoari mesede egiten dioten horrelako proiektuetan”, adierazi du.

Inaugurazio-ekitaldian, proiektuaren aurkezpen zehatz bat eta informazio-saio bat egin dira, energia-komunitateak herritarrentzat dituen onurei buruz. Bertaratuek interes handia erakutsi dute, eta ekimen hori ospatu dute, Soraluzeko trantsizio energetikoan mugarri bat ezartzen duena.

  

1542