Jasangarritasun Departamentuak babesleku klimatikoak sortzearen aldeko apustua egin du, Donostian 1.000 zuhaitz landatuz
Volver Jasangarritasun Departamentuak babesleku klimatikoak sortzearen aldeko apustua egin du, Donostian 1.000 zuhaitz landatuz
Jasangarritasun Departamentuak babesleku klimatikoak sortzearen aldeko apustua egin du, Donostian 1.000 zuhaitz landatuz
Aldundiak 45.871,10 euro inbertitu ditu Donostiako klima-babeslekuen sarean. Sare horrek hiriko zazpi eremu hartzen ditu, zuhaitz-masa handitzeko, klima-aldaketara hobeto egokitzeko eta herritarrei itzal egiteko espazioak eskaintzeko.

José Ignacio Asensio: “Klima-babeslekuen sare horrekin Donostia eta Gipuzkoa hiri eta lurralde berde eta erresilienteago bihurtzen ari gara. Zuhaitzak landatzeak klima-aldaketaren ondorioak arintzen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du”.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Carlos García Donostiako Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak Altza auzoko Pistolen zelaia bisitatu dute gaur, hirian klima-babeslekuen sare bat sortzeko proiektuaren barruan landaketek aurrera egin dutela egiaztatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 45.871,10 euroko inbertsioa egin du, eta horri esker gauzatu da ekimen hau.
Ekimen honek Donostiako zazpi eremu hartzen ditu, eta hiri-inguruneetan zuhaitz-masa handitzea du helburu, klima-aldaketara hobeto egokitzeko eta herritarrei itzal eta fresko guneak eskaintzeko. Guztira, 1.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira hiriko hainbat gune estrategikotan: Erregenea (217), Marbil Satrustegi Dorrea (71), Ametzagaina Uba (50), Molinao eta Satrustegi arteko zelaia – Pistolen zelaia – (446), Larres parkea (100), Arbaizenea (58) eta Ulia (59).
Landaketa horietarako hautatutako espezieak zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak dira, hala nola elorri zuria, intsusa, hurritza, gereziondoa, pinua, itsas pinua, astigar txikia, urkia, artea, gurbitza, endrinoa eta zuhandorra. Espezie horiek biodibertsitatea hobetzeko, CO2 xurgatzeko eta tenperatura handiko garaietan babes klimatikoa eskaintzeko duten gaitasunagatik hautatu dira.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak horrelako esku-hartzeen garrantzia nabarmendu du: “Klima-babeslekuen sare horrekin, Donostia hiri berde eta erresilienteago bihurtzen ari gara. Zuhaitzak landatzeak klima-aldaketaren ondorioak arintzen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatutako Lurraldeko Azpiegitura Berdeen Planari esker, antzeko jarduerak egin ditugu lurraldeko hainbat tokitan. Adibide argia da berriki aurkeztu dugun Azkoitiko Jausoro babesleku klimatikoa, gure udalerrietan berdeguneak indartzeko eta konfort klimatikoko eremuak bermatzeko estrategia global horrekin bat egiten duena”.
Bestalde, Carlos Garcia Donostiako Udaleko Hiri Mantenimenduko zinegotziak nabarmendu du garrantzitsua dela “naturatik erantzutea klima aldaketaren ondorio kaltegarrien aurka. Hiriko zuhaitz-masa garrantzitsua da eta Udalak bereziki zaindu behar du, altxor natural horrek ematen dituen aberastasuna eta onurak ulertuta. Donostiak babesleku klimatikoen sare bat du, udal zentroetatik, kultur etxeetatik eta kiroldegietatik abiatuta, eta, gainera, oinezkoentzako ibilbideak daude zuhaitzarekin, babes eta balio gisa, tenperatura handiko egoeretan babesa bilatzeko. Gaurkoa bezalako ekintzek berebiziko garrantzia dute ingurumenaren eta gure osasunaren defentsan”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Donostiako Udalak hiri-jasangarritasunerako estrategiak lantzen jarraitzen dute, klima-aldaketara egokitzea eta herritarren ongizatea sustatzen duten ekimenekin, naturan oinarritutako irtenbideen bidez.
3583