Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiok Lezo-Donibaneko bidegorriaren obrak bisitatu ditu

Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiok Lezo-Donibaneko bidegorriaren obrak bisitatu ditu

Lezo eta Donibane lotuko dituen bidegorriaren lehen zatiko obrak aurrera doaz. Gipuzkoako Foru Aldundiak EGEF (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) funtsen bidez finantzatutako proiektu honek, 1.474.000 euroko aurrekontua du. Gauzatzeko epea 6 hilabetekoa izango da, eta urriaren hasieran amaituko dela aurreikusten da.

2024/04/05
Bidegorri Lezo-Donibane

Bidegorriaren eraikuntza amaitu ondoren, zati hori Gipuzkoako bidegorrien sareari gehituko zaio, eta ingurumena errespetatzen duen bizimodu aktiboa sustatuko da.

José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak Lezo-Donibaneko bidegorriaren lehen zatiko obraren aurrerapenak bisitatu dituzte, Lezoko eta Pasaiako alkateekin, Mikel Arrutirekin eta Teo Alberrorekin, hurrenez hurren. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatzen du, EGEF funtsen bidez, eta 6 hilabeteko epea du gauzatzeko. Urriaren hasiera amaituko dela aurreikusten da. Guztira, 1.474.000 euroko aurrekontua du.

Proiektu hau guztiz lerrokatuta dago Europak apirilaren 3an onartutako Bizikletaren Erabilerari buruzko Europako Adierazpenarekin. Adierazpen horren helburua da bizikletaren erabilera sustatzea, azpiegiturak hobetzea eta politikak indartzea, besteak beste. Adierazpenaren arabera, funtsezkoa da bizikleta-azpiegitura seguruagoak eta kalitate handiagokoak izatea, pertsona gehiago bizikletaz mugitzera bultzatzeko, bai hiriguneetan, bai landa-eremuetan, bai haien artean.

Lezo-Donibanen gauzatzen ari den obrari dagokionez, GI-3440 foru-errepidean dago, Lezoko udalerrian, eta Lezoko eta Donibaneko hiriguneak lotzen dituen bidegorria osatzea du helburu, Donibanetik hurbilen dauden azken 300 metroetan.

Errepideetako galtzadaren ondoan bidegorri berri bat egingo da, 3 metroko zabalera erabilgarrikoa. Proiektatutako konponbideak inguruko orografia malkartsuaren berezko erronkei egin behar die aurre, baita espazio mugatu batekin lan egiteko beharrari ere, galtzadaren egungo kokapena eta portuaren aldean euste-horma bat dagoelako.

Dauden aukerak sakon aztertu ondoren, egungo hormaren gaineko irtenbide berritzaile bat aukeratu da. Konponbide hori egungo hormaren gainean eta estradoseko lursailaren gainean partzialki bermatutako kontrapisuen bidez gauzatzen da; horrela, plataforma hegoalderantz zabal daiteke, bizikleta eta oinezkoentzako bidearen gainerako zatiekin lerrokatuta, oinezkoen zirkulazioa eta trafikoa modu seguru eta erosoan bermatuz.

Gaurko bisitari esker, Asensiok, Pedreirak, Arrutik eta Alberrok obren aurrerapena egiaztatu ahal izan dute, eta proiektua arrakastaz gauzatuko dela bermatzeko egin beharreko hurrengo urratsak aztertu ahal izan dituzte, lurraldean mugikortasun jasangarria hobetzen lagunduko baitu.

  

1464