Jon Gurrutxaga izango da Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendari berria
Jon Gurrutxaga izango da Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendari berria
Bere ibilbide profesionala Beasaingo CAF enpresan egin du nagusiki.
Jon Gurrutxaga Mongelos (Donostia, 1971) izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren barruan. Bihar, asteazkena, sartuko da indarrean bere izendapena. Industria ingeniaritzan lizentziatu zen, Antolaketa espezialitatean, Industria Ingeniarien Donostiako Goi-mailako Eskolan (Nafarroako Unibertsitatea); MBA Executive masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU); Produkzio Zuzendaritzako masterra Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan; eta Programazio Neurolinguistiko Integratiboko practitioner diplomatua da.
Bere ibilbide profesionala Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresan egin du nagusiki, bertan lan egin baitu 2002ko apiriletik. 2011tik Garapen Korporatiboa eta Negozio Berriak departamentuko kide da, eta arlo askotan lan egin du, hala nola startupak erakartzeko dibertsifikazioa, proiektu berrien sorkuntza, aukerak detektatu eta aztertzea energiaren, mugikortasunaren eta 4.0 industriaren (fabrikazio aurreratua) arloetan, Eusko Jaurlaritzaren BIND 4.0 programa, kapital soziala sartzeko inbertsio aukeren kudeaketa, edo negozio eredu berrien azterketa.
Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Imanol Lasak, balorazio «oso positiboa» egin du, Gurrutxaga «kualifikazio handiko pertsona baita, eskarmentu zabala duena Gipuzkoako enpresa garrantzitsuenetako batean, eta ongi ezagutzen baititu gure industriaren erronkak eta nazioarteko merkatuak; gainera, oso ongi daki zein garrantzitsua den berrikuntza, lehiakortasuna lortzeko giltza».
Zuzendari berria Foru Aldundiko ekonomia departamentuko lantaldearen «giltzarrietako» bat izango da. Bere eginkizuna izango da «lurraldeko eragile eta enpresa nagusiekin lanean jarraitzea, Gipuzkoak bere sare ekonomikoa eraldatu eta ekonomia lehiakorra izaten jarrai dezan: nazioartekotuta dagoen ekonomia bat, kalitatezko enplegua sortzeko gai dena, ezagutza aurreratuan oinarrituta». Digitalizazioa, talentua erakarri, sustatu eta atxikitzeko gaitasuna, edo zientziaren eta teknologiaren sarea bultzatzea izango dira bere lan-ildoetako batzuk.
3278