Asensiok dio erraustegirako urtean 163.449 tona errefus izango direla hurrengo 30 urtean
Asensiok dio erraustegirako urtean 163.449 tona errefus izango direla hurrengo 30 urtean
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua Batzar Nagusietan agertu da gaur departamentuak eskatutako prognosiaren emaitzak azaltzeko.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua Batzar Nagusietan agertu da gaur departamentuak eskatutako prognosiaren emaitzak azaltzeko.
Asensiok azaldu duenez, txostenari jarraikiz Gipuzkoak hurrengo 30 urtean 163.449 tona errefus sortuko ditu batez beste urtean, energia balioespeneko planta batera bidaliko direnak. Horrelakorik ezean, zabortegietan amaituko dute. Zenbateko hori kalkulatzeko, 2045era arte sor daitekeen zaborraren proiekzio bat egin da, hainbat aldagarri erabilita: hazkunde ekonomikoak, biztanle kopurua eta bilketa selektiboaren eta birziklatzearen indizeak. Errefus kopuru hori 2008ko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (GHHKPO) hasieran aurreikusitakoa baino % 23,5 gutxiago da, orduan urtean 213.565 tona kalkulatu baitziren.
"Kalkulu hori egiteko, goragoko helburua jarri dira gaikako bilketan eta birziklatzean. Gaikako bilketaren % 65-70 oinarri hartuta egin da kalkulua, hartara Europar Batzordeak ezarritako helburuei erantzunez, baina kontuan izanda gaur egun Gipuzkoa ez dela iristen % 50era eta gaian aurreratuagoak dauden herrialdeak ez direla % 65era iristen", esan du Asensiok.
Biztanle kopuruaren eta hazkunde ekonomikoaren ebaluazioari dagokionez, hori baita hondakinak sortzeko gehien eragiten duen faktorea (zenbat eta hazkunde handiagoa, orduan eta hondakin gehiago), kalkuluak zuhurrak dira, eta, biztanle kopuruaren kasuan, % 1,5eko hazkunde moderatu bat kalkulatu da.
Kalkulu horiek aukera ematen dute balioespen plantaren dimentsioak zehazteko. Balioespen plantara iristen den hondakina errefusa izango da, aurretik prebentzio, berrerabilpen eta birziklatze zikloa egin ondoren, eta azken xedea, edo balioespen energetikoaren planta da, edo zabortegia da, zeinak Europar Batasunak debekatu egingo baititu 2030tik aurrera. Aurreikuspenen arabera, planta honek argia eman lieke egunero 45.000 familiei.
Asensiok esan du Aldundiaren helburua obra hurrengo udaberrian lizitatzea dela, hartara udan esleitzeko, legealdiaren amaieran erraustegia martxan egon dadin. Aurretik, Aldundiak aldaketa txikiak egin beharko ditu Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean eta Gipuzkoako Hiri Hondakinen Azpiegituretako Alorreko Lurralde Planean.
Agerraldian Asensiok Bilduk egindako salaketei erantzun die esanez eurak direla gai honetan Gipuzkoak duen egoera ekonomiko zailaren erantzule. Asensioren esanetan, Bilduk defendatzen duen aukeraren eta erraustegiaren kostua antzekoa izango da, baina aukera horrek ez dio irtenbiderik ematen hondakinen arazoari. Asensiok ukatu egin du hondakinak kanpotik ekarri beharko direnik, eta ziurtatu du erraustegia erabateko irtenbidea izango dela gure hondakinen arazoari aurre egiteko.
1377