Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedra berria
Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedra berria
Lankidetza hitzarmena sinatu dute euskal filosofo horren eta haren garaikideen lana eta pentsamendua ikertu eta zabaltzeko, UPV/EHU-k eta Aldundiak
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute Pentsamendu Garaikideko Joxe Azurmendi Katedraren Proiektua sortu, garatu eta sostengatzeko. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak koordinatuko du katedra hori. Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Joxe Azurmendi filosofoaren lana eta pentsamendua ez ezik, 1956ko Belaunaldia deitutakoa osatu zuten beste pertsonenak ere ikertu eta zabaltzea du helburu nagusitzat bi erakundeen arteko hitzarmenak. Helburu hori gauzatzeko, hiru arlotan lan egitea aurreikusten da: arlo filosofikoa, gogoeta eta kritika sustatuz; giza zientzietako eta gizarte zientzietako beste arlo batzuk, bereziki historia, hizkuntza, kultura, gizartea eta politika; eta proiekzioaren arloa, euskal pentsamenduak nazioartean zer nolako eragina duen aztertuz.
Hori horrela, hitzarmen horren bitartez, aztertzeko eta ikertzeko lan akademikoak egingo dira euskaraz, honako gai hauek ardatz hartuta, besteak beste: euskal pentsamendua, haren nazioarteko eragina, 1956ko Belaunaldiko beste kide batzuen lana, kooperatibismo eta pentsamendu soziala, bizikidetzari buruzko gogoeta etikoa... Horretarako, lankidetza aktiboa egongo da euskal pentsamendua jorratzen duten erakunde eta entitateekin, honako hauekin, esate baterako: Jakin Fundazioa, Jakiunde, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Center for Basque Studies, Etxepare Euskal Institutua, Arantzazu Gaur Fundazioa, Arizmendiarretaren Lagunak Elkartea, Euskal Kultur Erakundea...
UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak honako hau adierazi du proiektu horri dagokionez: “Hizkuntza baten normalizazioak gizartearen eta kulturaren esparru guztietara zabaltzea eskatzen du, bereziki giza pentsamenduaren esparrurik konplexuenetara. Zentzu horretan, Azurmendi irakaslearen ibilbide pertsonal eta intelektuala eredugarria da: filosofia, biografia, historia soziala, saiakuntza literario edo politikoa landu ditu, baita poesia ere. Joxe Azurmendiren lanak gure garaiko oinarrizko gaiekiko kezka agertzen du. Haren pentsamendua konplexua eta malgua da, eta euskaraz garatu da, gainera, hizkuntza aberastuz eta ageriko jakin-mina pizten duen lana ekarriz, zeina hamarkadetan zehar hazten joan den eta nazioarteko dimentsioa hartu duen. Lan askotariko eta zabal hori aztertzeko dago oraindik, eta beste ikerketa askoren abiapuntua eta erreferente nagusia izan daiteke”.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, berriz, gogora ekarri du Joxe Azurmendi Jakin taldeko kideetako bat izan zela, zeinak Gipuzkoako Urrezko Domina eskuratu zuen, pentsamenduaren, kultur sorkuntzaren, argitalgintzaren, euskal kulturaren eta euskara batuaren arloan eginiko “ekarpen izugarri handia”gatik. “Joxe Azurmendik, bai eta haren belaunaldiko gainerako pentsalariek ere, euskal gizarteari eta kulturari beraren errealitatea eta eboluzioa ulertu ahal izateko tresnak eman dizkiete. Espiritu irekia eta, aldi berean, kritikoa zuen Mendebaldeko pentsamendu joerekiko, eta horietan oinarrituta, egungo euskal gizarteak bere historia, nortasun, hizkuntza, kultura eta gizarte errealitateari buruz dituen erronka eta galderei erantzuten saiatu da”, adierazi du Olanok, eta horregatik guztiagatik, nabarmendu egin du pentsamenduaren eta bere belaunaldi osoaren “erraldoi” horretan sakontzen eta berraurkitzen jarraitzearen garrantzia.
Joxe Azurmendi
Joxe Azurmendi, (Zegama, 1941) idazle, filosofo, saiakeragile eta pentsalaria. Oso gazte zela Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean hasi zituen ikasketak, eta ordenan sartu zen gerora. Filosofia ikasketak egin zituen Alemanian, eta Teologia ikasketak Erroman. Kongregazio erlijioso horren Jakin aldizkariaren inguruko mugimendu kulturalaren motorretako bat izan zen. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, ordena utzi ondoren, lanean hasi zen UPV/EHUko irakasle. Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz eta sustatzailearen, eta Mondragon kooperatiba mugimenduaren sortzailearen, filosofiari buruzko doktorego tesia aurkeztu zuen 1984an. UPV/EHUko Filosofia Modernoaren katedraduna izan zen, 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Era berean, lan filosofikoak euskaratzen lagundu du Klasikoak argitaletxean. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2010ean, eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria erdietsi zuen 2012an.
2209