Kanpazar eta Elgeta arteko errepidea hobetzeko lanek trazadura nabarmen hobetzea ekarriko dute
Kanpazar eta Elgeta arteko errepidea hobetzeko lanek trazadura nabarmen hobetzea ekarriko dute
Obrek segurtasun eta erosotasun handiagoa emango diote GI-2639 errepideari, eta aurten bertan egingo dira.
Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako foru diputatuak GI-2639 errepidean, Kanpazar gaina (N-636) eta Elgetako herrigunea lotzen dituen bidean, egingo diren egokitzapen eta zabaltze lanen xehetasunak aurkeztu ditu gaur. Zehazki, jarduketa integral bat izango da, eta 6,5 kilometroko luzerako ibilbideko bihurguneak leundu eta handituko dira. Horren ondorioz, udalerriarentzat garrantzi handia duen komunikazio-bide horrek “erosotasun eta segurtasun handiagoak izango ditu”, Oiarbidek adierazi duenez, eta, aldi berean, “Pagatza industrialdea eta Durangaldea ingurua hobeto komunikatuko dira”.
Gaur egungo trazadurak zenbait puntutan “biraketa-erradio estuak eta zabalera murritzegiak ditu, eta horrek zaildu egiten du ibilgailuen joan-etorria”, Oiarbidek azaldu duenez. Are gehiago, "bi ibilgailu gurutzatzen diren unean benetako arazoak sortzen dira". Ibilbide osoan zehar egindako lan handi horri esker, “zirkulazioa erraztuko da, errepidea seguruagoa izango da eta hobekuntza nabarmena izango da, batez ere herriko erabiltzaileentzat”. Diputatuen Kontseiluak urtarrilaren 10ean onartu zuen proiektua, eta hurrengo asteetan lizitatuko da. Foru diputatuak aurreratu duenez, obrak aurten bertan hastea aurreikusten da, hiru hilabeteko iraupenarekin, eta, beraz, lanak aurten bertan amaituta egongo dira. 378.539,81 eurokoa da aurrekontua.
Zabaltzeak eta trazadura hobetzea
Elgeta eta Kanpazar lotzen dituen errepideak oso ibilbide bihurria eta estua du hainbat puntutan, eta moldaketa-aukera mugatuak ditu. Onartutako proiektua puntu kritikoen azterketa baten emaitza da, xehetasunez eta hobekuntza-aukerak maximizatuz egindakoa, hain zuzen. Oiarbidek azaldu duenez, “jarduketa integral bat izango da, hasiera batean pentsatutakoa baino zabalagoa”. Abiapuntu horrekin, ondorioztatu da egokiena dela, kasu honetan, 60 metro baino gutxiagoko erradioa duten eta guztira, bazterbideak barne, 6 metro baino gutxiagoko zabalera duten bihurgune guztietan zabalguneak egitea. Horretarako, bihurgune batzuetan plataforma handitu egingo da, mendi-hegalaren aldetik espazioa handituz, eta beste batzuetan ezpondarantz zabalera eraginkorra irabaziko da. Lur-erauzketak, atzeraemanguneak, betelanak eta horma berriak egin beharko dira, "obra handia", eta hainbat puntutan hesia berrituko da, diputatuak zehaztu duenez.
Lanak hasi eta amaitu artean, zirkulazioa txandaka erregulatu beharko da.
1793