Kira Toussaint da Ordizian XLI. Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketan txapela irabazteko faboritoa
Kira Toussaint da Ordizian XLI. Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketan txapela irabazteko faboritoa
Kira Toussaint da Ordizian XLI. Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketan txapela irabazteko faboritoa
Gabonetako Nazioarteko Txapelketa Euskal Herriko igeriketa txapelketa garrantzitsuena eta Espainiako garrantzitsuenetakoa da. Datorren ostiralean, abenduak 29, ospatuko da Ordiziako kiroldegian.
Iñaki Iturrioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zerbitzuburua; Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea;Miguel Calvo, Ordizia Igeriketako teknikaria eta Jon Murua, Igeriketako federazioko teknikari burua
Bizkar-estiloko 50 m-ko egungo Europako errekorduna izango da Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Txapelketaren 41. edizioko erakargarritasun nagusia. Txapelketa abenduaren 29an jokatuko da, Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuan. Nederlandarra lehengo astean Europako txapeldun izan zen hirugarrenez segidan bere probarik gustukoenean, bizkar-estiloko 50 m-koan, eta berriz ere urrea eskuratu zuen bizkar-estiloko 100 m-ko proban. Bizkar-estiloko 50 m-ko Europako errekorra du igerileku laburrean 2020tik, 25.60ko markarekin, eta 2 urtetan munduko errekorra izan zen, Margaret McNeil kanadarrak igerileku laburreko azken munduko txapelketan kendu zion arte, Melbournen (Australia), 2022ko abenduan. Igerilari holandarra 1994ko maiatzaren 22an jaio zen, eta mundu mailako urre bat, zilar bat eta lau brontze eskuratu ditu, eta Europa mailako 12 urre, 6 zilar eta 4 brontze.
Gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian egin den prentsaurrekoan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zerbitzuburuak, Iñaki Iturrioz-ek, adierazi duenez, Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Txapelketa da Euskal Herriko «garrantzitsuena». Lehen ediziotik, 5.000 igerilarik parte hartu dute, eta «zenbait olinpiadetara ere iritsi dira». Prentsaurrekoan izan dira Adur Ezenarro Ordiziako alkatea eta Miguel Calvo Ordizia Igeriketako teknikaria ere, eta zuzendariak adierazi du garrantzitsua dela kirolaren munduan «erreferenteak» izatea. Adierazi duenez, txapelketa honek «aukera ematen die Ordiziako haurrei mundu mailako igerilariak Majorin lehiatzen ikusteko, beraiek entrenatzeko erabiltzen duten igerileku berean», eta jarraian planteatu du «agian egunen batean bihurtuko direla etorkizuneko Hugo González, Simona Kubova edo Kira Toussant».
Bestalde, prentsaurrekoan, Adur Ezenarrok nahiz Miguel Calvok aipatu dute txapelketaren egungo edizioan lehia bigarren posturako egongo dela. Majori kiroldegiko igerilekuan egongo dira Lucia Gauna eta Guillermina Ruggiera argentinarrak, María Victoria Yegres igerilari venezuelarra, Kim Jansen holandarra eta Aurora Velati italiarra. Nabarmentzekoak dira, halaber, Espainiako nazioartekoak, Jimena Pérez eta Crisitna Ciobanu, baita beti lehiakorrak izaten diren Gipuzkoako Maider Redin eta Ainhoa eta Leire Martin ahizpak ere; hain zuzen ere, Ainhoa irabazle izan zen 2020an Donostian egin zen edizioan. Maider Redinek du egun tximeleta-estiloko 50 m-ko Euskadiko errekorra, eta Ainhoak, bular-estiloko 100 eta 200 m-ko Euskadiko errekorrak.
Halaber, adierazi dute mutilen kategorian txapela askoz ere irekiago egongo dela. Ulises Saravia igerileku laburreko nahiz luzeko bizkar-estiloko 50 eta 100 m-ko errekordun argentinarra izango da faboritoetako bat. Haren herrikide Guido Buscaglia estilo libreko 50 m-ko eta lau estiloetako 100 m-ko errekorduna ere faborito izango da. Europako kontinentean, nabarmentzekoak dira holandarrak, errumaniarrak eta italiarrak. Eindhovenetik (Holanda) dator Lars Verhalle, gaur egun bigarrena dena lau estiloetako 200 m-ko Holandako rankinean. Italiatik, Gabriele Brambillaschi da nabarmentzekoa, lau estiloetako 100 m-ko proban garaile izan baitzen 2021eko edizioan, baina horrek ez zion podiumera igotzeko balio izan, eta aurten hori izango da bere erronka. Hor izango dira zelatan Espainiako internazionalak ere: Jaime Morote (bular-estiloa), Nacho Campos (estilo librea) eta Juan Segura; azken hori bigarren izan zen 2020an eta 2022an, eta hirugarrengo honetan saiatuko da garaile txapela lortzen. Bertako igerilariei dagokienez, azpimarratu behar da Madrilgo Canoe taldeko Oscar Pascual abiadura-igerilari nafarra txapelketan izango dela. Mikel Bildosola ere etorriko da, estilo libreko 50 m-ko errekorra duela, 40 urte izan arren punta-puntan baitabil. Bestalde, Eibarko Jon Osa, bizkar-estiloko 50 m-ko Euskadiko errekorraren jabea, Misouriko Sant Louise unibertsitatean ikasten ari da eta estilo libreko eta bizkar estiloko School mailako errekorrak apurtzen ari da; eta, nola ez, Nazioarteko Txapelketan izango da.
Urtero bezala, igerilari paralinpikoek ere parte hartuko dute. Ordizia aitzindari izan da kolektibo honi ikusgarritasuna ematen, eta aurtengo berritasuna izango da diruzko sariak izango direla kategoria horretako saridunentzat. Saria irabazteko hautagai nagusia Iñigo Llopis da; Tokioko Joko Olinpikoetan zilarrezko domina eskuratu zuen eta 2024ko Parisko Jokoetarako ere sailkatuta dago.
2019