Kirol boluntarioei eskainitako astea hasi da Ingurumen hezkuntzari arreta berezia jarriz
Kirol boluntarioei eskainitako astea hasi da Ingurumen hezkuntzari arreta berezia jarriz
Donostian gauzatuko da azaroaren 17tik 21era bitartean.
Espainiako Boluntariotzaren Plataformak, LaLiga FUNDAZIOAK eta Real Sociedad Fundazioak ‘Kirol boluntarioen astea’ antolatu dute, Donostia hiriburuan, azaroaren 17tik 21era.
Programa Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren lankidetzarekin garatuko da.
Kirolaren esparruan elkartasuna eta ingurumen heziketa sustatzeko helburuarekin, Espainiako Boluntariotzaren Plataformak, LaLiga FUNDAZIOAK eta Real Sociedad Fundazioak hainbat jarduera aurkeztu dituzte gaur goizean, Real Arena estadioan, herritar guztiei zuzenduta, baina bereziki erakargarriak nerabe eta gazteentzat.
Astea ekitaldiaren aurkezpenarekin hasi da, eta hizlari aritu dira Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua; Monica Sanchez, Espainiako Boluntariotzaren Plataformako programa eta proiektuen koordinatzailea; Elena Montoro, LaLiga FUNDAZIOAREN proiektuen koordinatzailea, eta Andoni Iraola, Real Sociedad Fundazioko zuzendaria.
Elena Montorok 2030 Agenda betetzeko aliantza estrategikoetan lan egitearen garrantzia azpimarratu du, kirola, oro har, eta futbola, bereziki, sentsibilizaziorako eta esku hartze sozialerako funtsezko tresna direla erakutsiz.
Monica Sanchezek, berriz, azpimarratu du kirola eta boluntariotza elkartzeak errealitatea eraldatzen eta mundu gizatiarragoa sortzen laguntzen duela. Boluntariotza 12 urtetik aurrera egin daiteke, funtsezkoa da haurrak ohitzea eta kirol boluntarioen aste honetako jarduerak ezagutzea, elkartasunean hasteko bide bikaina baita. Familiak gonbidatzen ditugu komunitatea eraikitzeko jarduera eta ekimen horietan parte hartzera, bizi garen espazioak eta gure hiriak irisgarriagoak izan daitezen. Proposamena da bereizten eta banatzen gaituen guztia kanpoan uztea eta elkartasunaren alde egitea. Kirol boluntariotza izan daiteke abiapuntua.
Ingurumen diputatuak, Jose Ignacio Asensiok, gogorarazi du krisi klimatikoari aurre egiteko faktore garrantzitsuenetako bat jasangarritasunaren irizpidea beste sektore batzuetara transbertsalki eramatea dela. Horri buruz nabarmendu duenez, “utzi egin behar diogu jasangarritasuna modu isolatuan ulertzeari, eta orain egiten ari garen bezala jardun behar dugu, elkarlanean, etorkizuneko belaunaldiek balio horien aberastasuna eduki dezaten, planeta et pertsonak errespetatzen dituen gizarte baten eraikuntzarekin bateragarria”.
Azkenik, Andoni Iraolak azpimarratu du kirol boluntarioen astea ondo uztartzen dela Real Sociedad Fundazioaren estrategiarekin, are gehiago aukeratutako gaia ingurumen jasangarritasuna izanik. Fundazioko zuzendariak zera argudiatu du: Reala eta bere Fundazioa argi eta garbi egiten ari da jasangarritasunari lotutako proiektuak lantzearen alde, esparru desberdinetan, eta, jakina, beharrezkoa da jarduera horietarako planteatzen ditugun ekintzetan eskuzabaltasunez parte hartu eta lagunduko duten pertsonak egotea.
Ostegunean, hilak 18, eta ostiralean, hilak 19, kirol boluntariotzari buruzko sentsibilizazio tailerrak egingo dira hainbat ikastetxetan: GKAI Zurriola Ikastola (Donostia, Gipuzkoa), Gainberri Kirol Heziketa (Tolosa, Gipuzkoa) eta Realeko beheko kategoriak (Zubieta, Gipuzkoa).
Larunbat goizean, hilak 20, ingurumenari buruzko sentsibilizazio jarduerak, tailerrak eta jolas dinamikak egingo dira Kontxako hondartzan (Donostia, Gipuzkoa), egingo den eskola kiroleko jardunaldian parte hartuko duten haurrentzat.
Kirol Boluntariotzaren Astea azaroaren 21ean amaituko da, igandea, Leitzarango ingurune naturalean (Andoain, Gipuzkoa) hondakinen bilketa batekin.
1451