Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko Uhinak kongresuaren bigarren edizioa hasi da

Klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko Uhinak kongresuaren bigarren edizioa hasi da

Jose Ignacio Asensio: “Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoar Estrategia bultzatuko dugu, KLIMA 2050 Euskal Estrategiaren barne”.

2016/09/26

Uhinak kongresuaren bigarren edizioari hasiera eman zaio, Klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresua. Bi egunez, zientzia-, teknologia-, enpresa- eta administrazio-munduko ordezkariak bilduko dira Ficoban, klima-aldaketak zer-nolako egoera planteatzen duen eta haren ondorioak arintzeko ezaupide eta irtenbideak nola gara daitezkeen hausnartzeko eta eztabaidatzeko.

Uhinak-en edizio honetan, 31 txosten aurkeztuko dira guztira: gonbidatutako hamar eta deialdi ireki baten bidez hautatutako 21; hamahiru, frantses hizlarienak. Kongresua gero eta nazioartekoa dela adierazten du horrek, eta Arku Atlantiko osorako bilgunea izateko helburua lortzen laguntzen.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, “klima-aldaketak ez du mugarik. Gu guztioi eragiten gaituzte bere ondorio larriek. Hori dela eta, hainbat herrialderen arteko elkarlana ezinbestekoa da bai mundu-mailan eta baita eskualde mailan ere”.

Testuinguru horretan, Uhinak-en proposamena da klima-aldaketaren ondorioak arintzeko neurriak har ditzaketen kudeatzaileen esku uztea zientzia-munduaren eta zentro teknologikoen ekarpenak.

Asensiok baieztatu duenez, “politika klimatikoa ezartzea guztiz beharrezkoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentutik Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Gipuzkoar Estrategia bultzatuko dugu, KLIMA 2050 Euskal estrategiaren barne.
Gipuzkoar Estrategiaren kudeaketa-baliabide gisa, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Behatokia garatuko dugu”.

Lau gairen inguruan antolatu dugu Uhinak: klima-aldaketaren erronkak Bizkaiko Golkoko itsasertzean, klima-aldaketak itsasertzaren erabileran izango dituen ondorioak eta itsasertzaren erabileraren egokitzapena, aldaketa kudeatzeko eta erabakiak hartzeko garatu eta aplikatu beharreko tresnak, eta muturreko gertakarien ondorioak itsasertzaren etorkizuneko erabileretan.

Aurtengo aldaketa nagusia eremu geografikoa izango da; izan ere, Bizkaiko Golko osora zabalduko da, Galiziatik Bretainiara (Frantziara).

Uhinak-en bigarren edizioko beste berrikuntza bat batzorde tekniko baten sorrera da. Honako hauetako ordezkariek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritza; Gipuzkoako Foru Aldundia; Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa; BC3; EUCC Atlantic Center; Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Kolejioa; GIS Littoral Basque; Iraunkortasunaren Behatokia – Cristina Enea Fundazioa; eta AZTI.

  

1529