Abian da informazio eta partaidetzarako prozesua KM eraberritzeko proiektuaren inguruan
Abian da informazio eta partaidetzarako prozesua KM eraberritzeko proiektuaren inguruan
Emaitzak urte hasieran ezagutuko dira.
Aldundia murgilduta dago inkestak egiteko, Focus Groups delakoak bideratzeko, eta kulturunean bertan iritziak jasotzeko prozesu batean. Emaitzak urte hasieran ezagutuko dira. «Etorkizuneko liburutegi guztiak» erakusketa otsailean inauguratuko da, liburutegi-ereduei buruzko informazioa zabaldu eta eztabaidatzeko, eta xehetasun handiagoz azaltzeko KM berriaren ezaugarri arkitektonikoak eta funtzionalak.
Denis Itxaso: Koldo Mitxelena berritzeko proiektua herritar guztien esku dago, bereziki egungo eta etorkizuneko erabiltzaileen esku»
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Koldo Mitxelena Kulturunea berritzeko martxan jarri duen kontsulta eta partaidetza prozesuak aurrerapauso bat eman du zentro horren atondoan jarritako panel informatiboei esker, non 2019ko udatik aurrera gauzatuko diren eraberritze obrei buruzko informazioa ematen den. Panel horietan proiektuaren oinarrizko alderdi, helburu, espazio eta zerbitzuen informazioa agertzen da, eta baita ere obrek irauten duten bitartean eskainiko diren zerbitzu alternatiboei buruzkoa; gainera, erabiltzaile guztiek aukera izango dute nahi dituzten iradokizunak eta ekarpenak bertan uzteko.
Denis Itxaso Kulturako diputatuak panelak aurkeztu ditu, eta azaldu du panel horiek, Batzar Nagusien aginduz, bere Departamentuak abian jarri duen kontsulta eta partaidetza prozesuaren barruan kokatzen direla, betiere proiektuari erabiltzaileen eta oro har herritarren eskaerak txertatzeko asmoz. «Prozesu zabal eta irekia da, erabat koherentea garatu nahi den proiektuarekin, non Koldo Mitxelena Kulturuneko oraingo eta etorkizuneko erabiltzaileak protagonista bihurtzen diren».
Kontsulta eta partaidetza prozesua fase desberdinetan garatzen ari da, alderdi kualitatibo eta kuantitatiboak ebaluatzera bideratutako metodologiak erabilita, eta, halaber, prozesu horretan kontuan hartu nahi dira kulturari lotutako produktu eta zerbitzuak erabiltzen dituzten guneko erabiltzaileen iritziak, eta oro har Gipuzkoako herritar guztien iritziak.
Lehen urratsa Koldo Mitxelenaren erabiltzaile eta erabiltzaile ez diren pertsonen iritziak kualitatiboki ebaluatzea izan da, Focus Group izeneko teknika baten bidez. Zortzi pertsonako lau taldek parte hartu dute, publikoaren motibazioak ezagutzeko eta erantzun beharreko galderak jasotzeko. Focus Group delakoan, kulturari lotutako produktu eta zerbitzuen kontsumitzaileek hartu dute parte, bi adin-taldetan banatuta, bat, 25/35 urte bitartekoa eta bestea, 45/65 urte bitartekoa.
Parte hartu duten erabiltzaileak Koldo Mitxelena Kulturuneko sarreran bertan erakarri ziren. Bilerak banaka egin dira talde bakoitzarekin, eta aditu moderatzaile batek dinamizatu ditu.
Kulturune eta liburutegi kontzeptuak jorratu dira, zer den KM Kulturunea erabiltzaileentzat eta gizartearentzat, oro har, zein zerbitzu baloratzen dituzten erabiltzaileek, alderdi positiboenak eta negatiboenak eta erreformari buruz duten iritzia. Horrela, KMren eskaintza eta zentro hori berritzeko eta eguneratzeko lanei begira dauden eskaerak baloratu ahal izan dira, eta zalantza eta kezka orokorrak argitu ahal izan dira.
Kontsulta eta partaidetza prozesuaren bigarren fasea Focus Group delakoetan ezarritako emaitzetatik abiatu da, azterketa soziologiko zabal bat abian jartze aldera, eta fase horren barruan 1800 inkesta egin dira, egun dauden eskaerak adierazten dituzten zifra eta ehunekoen informazioa edukitzeko. Azterketa hori datuen tabulazio fasean dago une honetan, eta emaitzak ezagutzera emango dira datorren urtearen hasieran.
Kontsulta eta partaidetza prozesuaren hirugarren faseari esker, herritar guztiek eta bereziki erabiltzaileek, aukera izango dute proiektuaren inguruko ekarpenak eta iradokizunak askatasun osoz egiteko. Fase horretan, KMren atondoan jarritako panelez gain -bakoitzak iradokizunak jartzeko postontzia du-, Kultura Departamentuaren web orri berrian espazio bat egongo da erabilgarri herritarrentzat datorren azaroaren 30etik aurrera.
Hirugarren fase hori eta prozesua bera otsailaren 13an inauguratuko den "Biharko liburutegi guztiak" erakusketarekin amaituko dira, eta ekainaren 1era arte egongo da zabalik. Erakusketan mundu mailan erreferente diren liburutegi eta kultur zentroen eredu desberdinak landuko dira, eta ibilbide bat egingo da zortzi liburutegi garrantzitsuren bitartez iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko bidea egiteko, eta beren indarguneak, tirabirak, kointzidentziak eta desadostasunak alderdi artistikotik indartzeko.
Horrela, ibilbide bat egingo da Alejandria, Birminghamgo liburutegia, Aby Warburg liburutegia, Human Library, Aarhus-eko Dokk1, eta Helsinki, besteak beste, aztergai hartuta, eta, azkenean, KMren proiektu berria kokatuko den aretora iritsiko gara, eta horrek aukera emango du elkarrizketa bat ezartzeko erreferentziazko liburutegiek markatutako joera eta ekarpenen eta KMren eraberritze proiektuaren ezaugarrien artean.
Erakusketa osatzeko, hitzaldiak eta elkarrizketa-mahaiak antolatuko dira, eta hainbat aditu eta pertsona ospetsu egongo dira bertan, kulturarekin zer harreman dugun eztabaidatzeko; bisitarien iritziak eta iradokizunak jasotzeko mekanismoak ere izango dira.
1376