KM 2040, berrikuntza sakon bat hurrengo 25 urteetan kultur erreferente bat izaten jarraitzeko
KM 2040, berrikuntza sakon bat hurrengo 25 urteetan kultur erreferente bat izaten jarraitzeko
Helburu nagusiak erabiltzaileari leku zabalagoa ematea, digitalizazioan aurrera egitea eta belaunaldien arteko bizikidetza sakontzea dira
Koldo Mitxelena Kulturunearen eraberritze proiektuaren helburu nagusiak dira erabiltzaileari leku zabalagoa ematea, digitalizazioan aurrera egitea eta belaunaldien arteko bizikidetza sakontzea; Etorkizuna Eraikiz programaren barruan egingo da.
Zentro modernoago bat egin nahi da, baina eraikinaren estetika eta arkitektura gordeko dira.
Zentroak 3.500 m2 izatetik 5.000 m2 izatera iritsiko da, eta liburutegiaren guneak % 50 espazio gehiago izango du.
KMk gazteentzako programazioa, jarduerak eta guneak ere izango ditu, belaunaldien arteko bizikidetzan urratsak egin nahi direnez.
Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso Kulturako diputatuak aurkeztu dute Koldo Mitxelena Kulturunea 2040 etorkizuneko zentroaren programa funtzionala; berarekin batera izan da Mari Jose Telleria, Kulturako zuzendaria. KMren eraberritzea egiteko lehian diren 19 arkitektura estudioen artean bost hautatuko ditu epaimahai batek, datorren maiatzaren hasieran, aurreproiektua garatu dezaten. Hamar asteko epea izango dute, Foru Aldundiak aurkeztuko dien programa funtzionaletik abiatuta; horrela, epaimahaiak irailean hautatuko du proiektu irabazlea. Udan zehar, hautatzen diren bost proiektuak jendaurrean erakutsiko dira, erabiltzaileek aukera izan dezaten iritziak emateko, proposamenak aurkezteko eta, oro har, proiektuaren berri izateko.
Gaur-gaurkoz, Foru Aldundia lanean ari da adituz osatutako bi kontraste talderekin: alde batetik, liburutegien esparruko talde bat, non biltzen baita profesionalen multzo heterogeneo bat, ondarean, sorkuntzan, eta gure lurraldeko udal liburutegietan aditua dena; eta, bestetik, kultua esparruko talde bat, beste ikuspegi batzuk aintzat hartzen dituena, hala nola literatura, arte plastikoak, kultura kudeaketa eta abar. Bi taldeen eginkizuna da aztertzea zein ezaugarri izan behar lituzkeen zentro berriak. Bestalde, galdetegi sail bati ekin diogu, liburutegien erabiltzaileen nahiz ez-erabiltzaile edo herritarren iritzia jakiteko. Udan amaituko dugun prozesu honek argazki xehe bat eskainiko digu, gure lurraldean kulturaren esparruan ditugun beharren eta eskakizunen gainean.
Aurretik, 2015ean, Foru Aldundiko Arkitektura Zerbitzuak txosten bat egin zuen, zentroaren hutsune eta ahulguneei buruz; txosten horretan gomendatzen zen zentroaren eraberritze eta birgaitze prozesuari ekitea. Nahitaez egin beharreko eraberritze lana, ordea, aukera bat izatea nahi genuke, zentroaren zerbitzuak zabaltzeko eta etorkizuneko eskakizun nahiz beharretara egokitzeko -KMk orain arte egin izan duen bide beretik- eta hurrengo 25 urteko ibilbiderako prestatzeko.
"Pertsona kritiko, autonomo eta konprometituak behar ditu Gipuzkoak bere etorkizuna eraikitzen jarraitzeko eta, bide horretan, irakurzaletasuna, liburuak eta ezagutza lehen mailako balioak dira, pentsamendua egituratzeko eta ideia berrietara zabaltzeko parada aukera ematen dutelako”, azpimarratu du diputatu nagusiak. Gogoratu duenez, Koldo Mitxelenaren berrikuntza proiektuak, hain zuzen ere, biderkatu egingo du liburutegira bideratutako azalera. Gisa horretan, herritarren parte hartzea eta erabilera hainbat alorretan eguneratuko da, gipuzkoarrak liburuetara gerturatzen jarraitu daitezen azken baliabide eta tendentzietara egokituz.
Diputatu nagusiak azaldu du Koldo Mitxelenako berrikuntza proiektua Etorkizuna Eraikizen jasotako proiektu estrategikoetako bat dela. “Gipuzkoaren etorkizuna lantzen ari gara, ez bakarrik ekonomiaren ikuspuntutik, baita ere kulturaren, letren eta euskararen alorretik ere”, gaineratu du.
Itxasok azpimarratu du Koldo Mitxelena Kulturunea nahitaezko gune bat izan dela azken 25 urteotan kulturaren alorrean, bere inguruan bildu izan dituen eduki, sortzaile eta eragileei esker kultur bizitzaren erdigunean kokatzen jakin baitu. Alabaina, urte hauetan aldaketa sakonak gertatu dira, behar berriak sortu dira, teknologiak ere bai, ikuspegi berriak itxuratu dira, kultur adierazpide berriak eratu dira. Ezinbestekoa du KMk berritu eta hobetzea, bere jokalekuari eta ereduari eutsi nahi badie. Nolabait esatearren, kultur zentro bat izatetik kulturen zentro bat izatera irirtsi behar da.
Eraikinaren eraberritzea egingo da beraren estetika eta arkitektura gordeta, baina gaur egun diren arazoak konponduta, espazioen banaketaz, aire girotzeaz eta abarrez. Era berean, liburutegiaren zerbitzu izaera sakondu egingo da, hori baita eraikinaren bihotza: espazioaren erabilera hobetuko da, azalera handiagoa emango zaio, eta lan molde berrietara egokitutako aretoak prestatuko dira. Orobat, kultura eta teknologia digitalera egokituko da, eta publiko berrietara zabalduko da, bereziki aintzat hartuko baitira haurrak, gazteak eta familiak, ordutegi eta zerbitzu berrien bitartez.
«Belaunaldien arteko bizikidetza bermatu nahi dugu, gazteak erakarri nahi ditugu kulturaren eta bere balioen esparrura. Azken batean, proiektu baten zaharberrikuntzaz ari gara, gure lurraldearen kultur eragile nagusi izan den zentroa egokitu eta eguneratzeaz, orain arte izan duen ereduaren bidetik eraman gaitzan 2040ra», azaldu du Itxasok.
KM eraberritzeko eta erabilera berriak emateko proiektua oinarrizko ardatz hauen inguruan artikulatzen da:
- Gipuzkoako ondare bibliografiko eta dokumentala zaindu eta balioestea. KM Kulturuneak erreferente izan behar du ondare horren hedapen, sustapen eta erabileran.
- Hitzaren inguruko lana sustatzea, haren esparru guztietan: Testuak. Irakurketa. Elkarrizketa. Eztabaida. Pentsamendua. KM Kulturuneak elkartrukerako eta topaketarako gune izan behar du, gizarte kritikoagoa lortzeko, eta ezagutza izan dadin gure lurraldearen ezaugarrietako bat.
- Lurralde proiekzioa. KM Kulturunearen zeregina da Gipuzkoa osora iristea, lehendik dauden sareetan parte hartuz, edo gipuzkoar guztientzat baliagarriak izango diren zerbitzuak ezarriz.
- Berrikuntza. Berrikuntzak, funtsean eta formaz, zeharkako ezaugarria izan behar du KM berriaren diseinu osoan.
Eraberritzerako gakoak hauek dira:
Integrazioa.KM berri bat planteatzen da, lehendik dauden atal guztiak bere barruan integratuko dituena. Espazio guztien arteko integrazioa ahalbidetuko duten soluzio arkitektonikoak bilatuko dira, jardueren arteko kohesioa hobetzeko.
Irakurgarritasuna. Espazioen egungo banaketak, altuera batetik bestera mugitzeko komunikazio bertikaleko guneek, dokumentuz betetako korridoreek... ez dute irakurgarritasuna errazten. Horregatik, irakurgarritasun berri baten aldeko apustua egiten da, erabiltzaileak erraz aukeratu dezan zer espazio, zer dokumentu eta zer zerbitzu erabili nahi dituen.
Zirkulazioa. KM berri honetan, espazioek porositate handiagoa izatea bilatzen da. Egungo eraikuntza soluzioak aukera ematen duen neurrian, hormak kentzea bilatuko da, bao kopurua areagotuz; horrela, eremuak elkarri lotzea sustatuko da.
Espazio berriak. Haurrentzako espazio berriak eta publiko gazteago baten premiei zuzendutako espazioak sortu beharra ere planteatu da; bestalde, egun eskaintzen diren zerbitzuei gehituko zaizkien beste zerbitzu berriei lotutako espazioak aurreikusi dira.
Moldakortasuna. Aldaketa sistemiko baten aurrean gaudenez, eta ezagutza forma berriak nahiz ezagutza horiek transmititzeko euskarri berriak (edo desmaterializazioak) abiadura bizian sortzen ari direnez, malgutasuna funstezkoa da kultur ekipamendu ororentzat. Ezinbestekoa da KM berriak datozen urteetan sor daitekeen berrikuntza orora egokitzeko gaitasuna izatea.
Solairuak. Zerbitzuak zarata bolumenaren araberako mailaketari jarraituz kokatu beharko lirateke. Isiltasunean dagoen liburutegi arketipikotik ihes eginez, ikusten dugu askotariko espazioak eta erabilerak biltzen dituen kulturgune batek giro desberdinak izan behar dituela, eta, hortaz, baita soinu giro desberdinak ere. Logikoa dirudi eraikinean gora egin ahala «zarata» mailak behera egitea; horrela, azkeneko solairua izango da espaziorik lasaiena. Beraz, soinuen edo «dezibelioen» mailaketak beheko solairuko «sonoritatetik» azkeneko solairuko «isiltasunera» joan beharko luke, azkeneko solairu horretan kokatuz espazio lasaiena, ikerketarako erabiliko dena. Horretarako, kontuan hartuko dira, gainera, hainbat erabiltzaile aldi berean egotea ahalbidetuko duten materialak eta diseinu arkitektonikoak.
Proiektuaren helburua da kulturune irisgarriagoa lortzea: oztopo arkitektonikorik gabe, ordutegi zabalagoarekin, haur eta gazteei ere zuzenduko zaiena, eta pertsona ororengana, lurralde osora, iritsiko dena.
Konektatzen duen zentro bat: Ondarea eta sorkuntza; erabiltzaileak eta munduko edozein lekutan sortutako ezagutza; funts digitalizatuak eta interesa izan dezakeen edonor, dagoen tokian dagoela ere; hainbat belaunalditako gipuzkoarrak eta kultura; eta, nola ez, bibliotekaren bilduma, Euskadiko Liburutegi Sarearen bidez.
Liburutegiak askotarikoak hartzen ditu ingurumenarekin errespetuzkoagoak eta abegikorragoak diren instalazio batzuetan: Komikigunearen funtsak eta zerbitzuak; eztabaidak eta elkarrizketak; artea, bere adierazpen modu guztietan; eta, gainera, kulturaren arlo desberdinetan sortzen ari dena mugiaraziko duen biblioteka bat.
Zentroa 3.500 m2 izatetik 5.000 m2 izatera iritsiko da, eta liburutegiaren gunea % 50 handituko da.
Programa funtzionalean azaltzen dira KOLDO MITXELENA Kulturunearen eraikinak eskaini asmo dituen jardueren eta zerbitzuen beharrak. Banan-banan aipatzen dira, antzekotasunen arabera multzokatuta; sarbidea izango da eraikineko txoko guztietara modu erraz eta zuzenean iristeko gune nagusia.
Sarbidea duen solairuan kokatuko dira erabileragatik sarreratik gertuen egon behar duten zerbitzuak. Puntu horretatik joko da 1. solairura, erakusketa aretoa dagoen lekura. Orobat, handik erraz iritsi beharko da Ganbara aretora, zentroaren jarduerak zabaldu ditzakeen erabilera anitzeko espaziora. Eraikinaren kanpoaldea irisgarria izango da eta behar bezala seinaleztatua egongo da. Gainera, itzulketak 24 orduz egiteko ontzi bat eta zentroko zerbitzuei eta jarduerei buruzko informazioa emateko pantaila bat izango ditu.
Eraikinaren 1. eta 2. solairuetan kokatuko dira liburutegiaren gainerako zerbitzuak. Bestalde, esparru guztiek m2 batzuk izatea proposatzen da, esparru bakoitzeko jarduerak garatzeko espazio beharrari erantzuteko. Proposamenaren arabera, solairu bakoitzean liburutegiaren jarduera desberdinak egingo lirateke. Nolanahi ere, bestelako proposamenak egiteko aukera izango da, baldin eta KOLDO MITXELENA Kulturune berriaren inguruko ikuskera hobetzeko bada.
Espazioen antolaketan eragiten du, orobat, apalategien kokapenak. Apalategiak –erabilgarriak nahiz konpaktuak– dokumentazio funtsa gordetzeko gaitasun handiagoa izateko moduan kokatu beharko dira. Hori da, zalantzarik gabe, proiektu honen erronketariko bat.
Gaur egun bibliotekak 250 m2 eskaintzen dizkio dokumentazio funtsen gordailuari, eta guztira 1.900 ml apal inguru izango ditu. Programan, gaur egungo espazioak bikoiztea proposatzen da. Gaur-gaurkoz zaila da finkatzea zein izan daitekeen gehieneko funtsa KMK eraberrituan, baina dokumentu bilduma iritsi daiteke 220.000 ale baino gehiago izatera, kontuan harturik erabiltzaileen eskura libre direnak eta gordailu itxitan daudenak.
Guneak eta zerbitzuak banatzeko proposamena
Harrera eta sustapen gunea
Harrera arloa
Erakustaretoa
Askotariko erabilera guneak: Areto nagusia eta Ganbara
Liburutegiaren erakusketa esparruak
Sorkuntzarako gunea
Erabiltzaileen atseden gunea
Gune orokorra
Informazio eta funts orokorreko arloa
Erreserba eta ondare funtsaren aretoa
Egunkarien eta aldizkarien arloa
Musika eta irudi arloa
Laguntza guneak
Komikiteka
Prestakuntza gunea
Haurren eta familien gunea
Haur irakurleen jardueretarako gunea
Adinekoen jardueretarao gunea
Gazte gunea
Barne lanetarako guneak. Zerbitzu teknikoak
1467