Kolonbiako Industria eta Turismoko ministroarekin bilera egin du Imanol Lasak
Kolonbiako Industria eta Turismoko ministroarekin bilera egin du Imanol Lasak
Gipuzkoak eta Kolonbiak lankidetza ekonomikoa estutzeko eta etorkizuneko agenda politiko berriaren proiektuak partekatzeko konpromisoa hartu dute.
Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak, Aldundiak aste honetan hasitako bidaiaren barruan, lan topaketa bat izan du Bogotan Kolonbiako Merkataritza, Industria eta Turismoko ministro José Manuel Restreporekin. Era berean, topaketa horretan parte hartu dute Saul Pineda Enpresa Garapeneko ministrordeak, atzerriko inbertsioarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotutako eragileek -Flavia Santoro ProCOLOMBIAko presidenteak eta Ignacio Gaitan Innpulsa Colombiako zuzendariak-, eta Jorge Humberto Pelaez Universidad Pontificia Javerianako errektoreak.
Topaketak, alde batetik, Kolonbiaren eta Gipuzkoaren arteko elkarlan ekonomikoan sakontzeko asmoa du. Alde horretatik, bi aldeek konpromisoa hartu dute gure lurraldeko ehun ekonomikorako inbertsio edo nazioartekotze aukera izan daitezkeen sektore estrategikoak identifikatzeko, hala nola energia, industria aurreratua edo gastronomia, eta, horretarako, Gipuzkoatik herrialde horretarako enpresa misio bat antolatzeko asmoa adierazi dute. Halaber, ministroak interesa erakutsi du Gipuzkoako lehiakortasun ereduan, eredu kooperatiboan, eta biozientzien edo elektromugikortasunaren sektoreei lotutako espezializazio adimendunaren estrategian.
Bestalde, bai Aldundiak bai Kolonbiako ordezkari instituzionalek elkarlaneko gobernantza eredu berri bat finkatzearekin eta etorkizuneko erronkei erantzuna emango dien agenda politiko berri bat garatzearekin lotutako estrategiak bateratu dituzte, politika publikoen baterako sorkuntzaren aldeko apustu irmoa eginda; erronka horien artean daude, besteak beste, desberdintasunak murriztea, gizarteratzea edo klima aldaketa. Foru ordezkariek Etorkizuna Eraikiz ekimenaren berri eman dute, eta interesa agertu dute Kolonbiako erakundeak NBEren Garapen Jasangarriaren Helburuen testuinguruan egiten ari diren antzeko gobernantza ekimenekin kontrastatzeko.
Imanol Lasak oso positiboki baloratu du Restrepo ministroak Gipuzkoaren eta Kolonbiaren arteko merkataritza harremanak, aldebiko harremanak eta lankidetza ekonomikoa estutzeari emandako abal politikoa; izan ere, herrialde hori "aukera esparru eta merkatua" da Gipuzkoako enpresentzat, ardatz atlantikoaren barruan duen posizionamendua dela eta. "Ez bakarrik Kolonbiak duen hazkunde tasagatik eta egonkortasun politikoagatik -ingurunean ohikoa ez dena-, baita ere balio erantsi handieneko sektoreen aldeko, berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten ari direlako, eta, guk bezala, garapen ekonomikoak jasangarria izan behar duela eta gizarte osoarentzat ongizatea sortu behar duela uste dutelako", azaldu du.
Kolonbia Gipuzkoako esportazioen helmugen zerrendan 38. tokian zegoen 2019an, eta 37.265.352 euroko esportazioak izan ziren. Esportatutako partida nagusiak industriari lotuta daude: burdinaren eta altzairuaren galdaketa, makinak, aparatuak eta material elektrikoa, eta makina erreminta. Gipuzkoako 14 enpresa daude Kolonbian, ezarpen komertzial edo produktiboekin. Kolonbiak % 3tik gorako hazkundearekin itxi zuen 2019a, eta 16 merkataritza akordio baino gehiagoko merkataritza plataforma bat du, lehentasunezko sarbidea ematen diona 60 herrialde baino gehiagotara eta ia 1.500 milioi kontsumitzaile hainbat merkatutan, hala nola Estatu Batuetan, Europar Batasunean, Brasilen, Mexikon, Txilen, Perun, Costa Rican eta Hego Korean.
Munduko ekonomia handienen zerrendan 32. postuan dago, eta Latinoamerikako zerrendan, laugarrenean. 2018an, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) 37. kide bihurtu zen, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa, konfiantza indartzea eta atzerriko inbertsioa handitzea ekarri zuen. Klase ertainaren hazkundea, % 30etik gorakoa jada, edo eskulan kualifikatua izatea dira norabide berean doazen beste faktoreetako batzuk. Lasak nabarmendu du herrialdeak aukera ugari eskaintzen dituela Gipuzkoako industrientzat, lurraldearentzat "garrantzitsuak" diren sektoreetan: automobilgintza, industria aeroespaziala, ontziak, bioteknologia, software eta IKTak, eta energia.
Lan agenda
Aldundiaren ordezkaritzak larunbatera bitartean izango duen ekitaldietako bat da topaketa, truke ekonomikoa bultzatzeko eta Gipuzkoako elkarlaneko gobernantza eredua kontrastatzeko eta aberasteko helburu bikoitza duela, eta bertan izango da Xabier Barandiaran Estrategia arduraduna ere. Izen handiko enpresak bisitatuko dituzte eta Bogotako Merkataritza Ganberako eta gizarte berrikuntzarako zentroetako ordezkariekin elkartuko dira. Horrez gain, Barandiaranek eta Lasak Etorkizuna eraikiz dinamikari buruzko hitzaldi bana emango dute Universidad Pontificia Javeriana delakoan, Aldundia lankidetza hitzarmen bat sinatzekoa baita unibertsitate horrekin.
2560