Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kostaldeko turismoaren garapen jasangarria, itsas ingurunea babesteko giltzarri

Kostaldeko turismoaren garapen jasangarria, itsas ingurunea babesteko giltzarri

AZTI zentro teknologikoak BideURDIN-AKTIBATU proiektua jarri du abian, Gipuzkoako kostaldearen ingurunea aztertzea helburu duena, itsasoko jolas jardueren kudeaketa jasangarria bultzatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako ekimen honen esparruan, turismo jasangarriari buruzko informazioa eta erabiltzaileari gomendioak emango dizkion WebApp bat garatuko da.

2021/12/23

Euskadik 3,8 milioi sarrera turistikorekin itxi zuen 2019a (pandemia aurreko azken urtea), eta sarreron %78 opor, aisialdi eta jolas arloko turismoarekin lotuta zeuden. Urte berean, Gipuzkoak bere marka historikoa hautsi zuen 1,2 milioi sarrerarekin. Zifrei esker ondoriozta daiteke turismoa diru iturri garrantzitsua dela; baina modu desegokian kudeatuz gero, eragin negatiboa izan dezake turisten bisitak erakarri ohi dituzten kostaldeko ekosistemetan. Hori dela eta, ezinbestekoa da itsas eta aisialdi eremuen plangintza egokia sustatzea eta bultzatzea, ingurune naturala zaintzen laguntzeko.

Horretarako, AZTI zentro teknologikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, BideURDIN-AKTIBATU proiektua jarri du abian, zeina Gipuzkoako kostalde ingurua aztertzera eta itsasoko jolas jarduerak (surfa, bela, paddle surfa eta abar) modu jasangarrian kudeatzeko estrategiarik onenak identifikatzera bideratutako ekimena baita.

Erronka nagusia zera izango da: Gipuzkoako itsasoko aisialdi eta jolas jarduerak (IAJ) egiteko ingurumen baldintzen ikuspegi zehatz eta holistikoa lortzea eta sortzea, bai eta jarduera horien gune beroenetan ere; hola, gidaritza egokia emango zaie ingurune naturala erabiltzen duten erabiltzaileei, enpresei eta administrazioei.

Gainera, BideURDIN-AKTIBATUk WebApp plataforma bat garatuko du, proiektuan zehar bildutako informazio guztia integratuko duena: Gipuzkoan praktikatzen diren IAJk eta horien kokapena, IAJ horiek gauzatzen laguntzen duten enpresak (adibidez, surf eskolak), jarduera bakoitza gauzatzea ahalbidetzen duten ingurumen baldintzak eta inpaktu sozialak zein ingurumen inpaktuak murrizten dituzten ekintzak.

"Jarduera horien kudeaketa jasangarriak Gipuzkoan sektore turistikoaren ekonomia bultzatzen, itsas jarduerak hobeto dibertsifikatzen, itsas baliabideen babesa sustatzen eta ohitura osasungarriak indartzen lagunduko du", azaldu du Maria C. Uyarra AZTIko ikertzaile eta proiektu arduradunak.

Halaber, tresna hori baliagarria izango da ibilbide turistiko jasangarri gisa ere: erabiltzaileari gomendioak emango dizkio itsas inguruneko beste erabiltzaile batzuekin sor daitezkeen gatazkak ekiditeko, jolas jarduerak espazioan hobeto banatzen laguntzen baitu.

BideURDIN-AKTIBATU, berez, AZTIren ekimen bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren bidez finantzatua, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gipuzkoako Sarearen Programaren barruan dago. Era berean, proiektuak honako hauek lagunduko ditu, besteak beste: Euskal Turismoaren 2030erako Estrategia, Jarduera Fisikoaren Plan Zuzentzailea, 2017-2020rako Osasun Plana, EAEko 2030erako Biodibertsitate Estrategia eta Garapen Jasangarriko 2002-2020 Ingurumen Estrategia.

Gainera, AZTIren lehen urrats handi honen bidez, Euskadiko (kasu honetan, Gipuzkoako) turismo sektoreari itsas inguruneaz duen ezagutza ematen dio AZTIk, sektorean inplikatuta dauden eragileekin hitz egin eta ezagutza soziala integratuz.

"Gure helburua da IAJen praktika zehazten duten eta jarduera horien eragina jasan dezaketen ingurumen baldintzak identifikatzea, sor daitezkeen ingurumen arriskuak eta arrisku sozialak zehaztuz, eta, hala, arrisku edo inpaktu horiek arintzeko neurriak definitzea, erabiltzaileari turismo aktibo jasangarri baterako gidaritza emanez”, ondorioztatu du Uyarrak.

Bestalde, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatuak oso positibotzat jo du proiektua, "Gipuzkoari ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik jasangarria izango den turismo eredu baten aldeko apustuan sakontzen laguntzen diolako. Gure kostaldea gure erakargarritasun turistiko handienetako bat da, baina baita hurrengo belaunaldientzat zaindu beharreko ondarea ere, klima aldaketaren testuinguruan. BideURDIN-AKTIBATUk aukera emango du itsas ingurunean jolas jarduerei segimendua egiteko, eta oso informazio baliotsua emango du erabilera desberdinak bateragarri egiteko eta itsas ingurunearen zaintza bermatzeko neurriak eta estrategiak ezartzeko”.

 

AZTIri buruz

Azti zentro zientifiko eta teknologiko bat da, eta inpaktu handiko eraldaketa proiektuak gauzatzen ditu Nazio Batuen 2030 GIHekin bat datozen erakundeekin. Bere helburua da pertsonen etorkizunerako aldaketa positiboa bultzatzea, gizarte osasuntsu, jasangarri eta oso bat lortzen laguntzeko. Itsas ingurunean eta elikaduran espezializatuta dago, eta zientzian zein ikerketa sendoetan oinarritutako abangoardiako eta balio erantsiko produktu eta teknologiak eskaintzen ditu. 

AZTIk 40 urteko esperientzia du, eta 45 herrialdetan dauka presentzia. Hiru egoitza ditu EAEn, eta 280 langile baino gehiagoko lantaldea. 1.300 argitalpen indexatuk baino gehiagok bermatzen dute bere ibilbide luzea, eta ikertzaileek egiaztatzen dute bikaintasuna, horietatik %58 doktoreak baitira.

AZTI Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea da. Aliantza hori lankidetza bidezko lau ikerketa zentrok eta 12 zentro teknologikok osatzen dute. Helburua da kideen arteko lankidetza sustatzea, ezagutza sortzeko eta enpresei transmititzeko baldintzak indartzea, haien lehiakortasunean laguntzeko, eta industria sarea dinamizatzea, euskal gaitasun zientifiko-teknologikoa kanpoan proiektatzeko.

  

1665