Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura Departamentuak «Chillida aurrera» aurkeztu du, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioaren eta Chillida Lekuren arteko lankidetzan artistaren mendeurrena ospatzeko egindako hezkuntzako gida

Kultura Departamentuak «Chillida aurrera» aurkeztu du, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioaren eta Chillida Lekuren arteko lankidetzan artistaren mendeurrena ospatzeko egindako hezkuntzako gida

Gida Kultura Eskolan txertatuta dago eta helburua da irakasleentzat eta artean interesa duten gazteentzako baliabidea izatea, adin guztietarako jarduera praktikoak eta transbertsalak eskaintzen dituena.

2024/10/11
Chillida
  • Goizane Álvarez: «Gida honekin geletara hurbilduko ditugu Chillidak beti defendatu zituen balioak: jakin-mina, elkarrizketa eta errespetua».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioarekin eta Chillida Leku museoarekin lankidetzan, «Chillida Aurrera» aurkeztu du, Eduardo Chillida eskultorearen mendeurrenaren inguruko hezkuntza gida. Maushaus estudioko Caros Arruti eta Anabel Varona arkitektoek diseinatu dute argitalpen hau eta irakasle eta hezitzaileei zuzentzen zaie, adin guztietarako jarduera praktikoekin.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu du «Chillida aurrera» tresna baliagarria dela Eduardo Chillidaren obra geletara hurbiltzeko, belaunaldi berriek ikuspegi kreatibo eta ludikotik ezagutu ditzaten Chillidak defendatzen zituen balioak: jakin-mina, elkarrizketa, eta giza eskubideak eta natura errespetatzea». Halaber, adierazi du argitalpen honek lagunduko duela haren legatua mantentzen eta gazteen artean ezagutzaren eta artearen inguruko pasioa pizten.

Bestalde, Mikel Chillidak adierazi duenez, «Eduardok esaten zuen moduan: ‹ez dago kulturari mesede handiagorik egingo dionik ez dakienak jakiteko gogoa izatea baino›. Eduardo Chillida pertsona oso kuriosoa zen, zalantzaz eta galderez betea, eta horregatik izan zen zen bezalakoa, bere buruarekin zorrotza baina gainerakoekin tolerantea. Bere arrazonamendua eta filosofia bizitzaren bide zoragarri eta konplexuan abiatzen ari diren gazteentzako oinarri izango badira, proiektu partekatu honi esker izango da, eta horregatik egiten digu hainbesteko ilusioa».

Carlos Arruti eta Anabel Varona gidaren diseinatzaileek adierazi dutenez, «nahiz eta beste modu askotan egituratzeko aukera izan, erabaki dugu gida hiru bloke tematiko zabaletan banatzea.  Batetik, aurkezten dira eskultorearen tresna nagusiak: materia, espazioa, poesia, marrazkia eta aromak. Ondoren, bigarren blokean aztertzen dira inspirazio iturriak, gure ustez musika, natura, filosofia eta zientzia. Azkenik, serieei egiten diegu erreferentzia, bere obraren berezko ezaugarri direlako, baita giza eskubideekiko zuen sentsibilitatea eta gizartearen eta espazio publikoarekin zuen konpromisoa ahaztu gabe.  Amaitzeko, kapitulu bat eskaini diogu bere legatu handienari, Chillida Leku eta Zabalaga baserriari, eskulturaren eta arkitekturaren mugak lausotzen diren hutsune handi gisa».

Argitalpenak 145 orrialde ditu eta Chillida kokatzen du bere testuinguru historiko eta artistikoan, horrela aukera izateko bere obra aztertzeko hainbat ikuspegitatik: artea, poesia, literatura, matematika, zientzia eta filosofia. Gai transbertsalak ere jorratzen ditu, hala nola, giza eskubideak eta natura, bere obran funtsezkoak izan baitziren. Ekimen honekin Kultura Departamentuak bizirik mantendu nahi ditu Eduardo Chillidaren obraren inguruko jakin-mina eta interesa eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta ezagutzan interesa duena eraiki dadin sustatu. Chillidaren irudia oraindik ere koherentziaren, elkarrizketaren eta ondo egindako lanaren erreferente da, eta dokumentu honek belaunaldi berrientzako inspirazio izan nahi du, bizitzarekiko pasioa transmitituta.

Kultura Eskola

Gida didaktikoa Kutura Eskola katalogoan bilduta dago. Programa hau 12 eta 16 urte arteko nerabeei zuzentzen zaie, eta helburua da sentsibilitatea eta irizpide artistikoa sortzea eta begirada kritikoa lantzen laguntzea. Proposamen kulturalak hezkuntza curriculum bakoitzaren berezko gaitasunak inplikatuz gauzatzen dira, gaitasun horiek modu didaktiko, parte-hartzaile eta sortzailean landu ahal izateko tresna gisa. Kultura eragileen, hezkuntza munduaren eta erakundeen arteko sinergiak eta lankidetza oinarri hartuta garatzen da programa. Landu nahi diren ikasgaiekin lotura duten kultura proposamenen katalogo zabal bat eskaintzen du.Epe luzera, Kultura Eskolak publiko berriak sortu nahi ditu. Azken batean, lurraldeko ondare historiko-artistikoa sustatzearen eta errespetatzearen aldeko apustua da, ikasgeletako sentsibilizaziotik abiatuta.

  

1622