Kultura Departamentuak eta La Central galeriak "Arte en femenino" kultura-programa aurkeztu dute, emakume artisten espazioa aldarrikatzeko
Volver Kultura Departamentuak eta La Central galeriak "Arte en femenino" kultura-programa aurkeztu dute, emakume artisten espazioa aldarrikatzeko
Kultura Departamentuak eta La Central galeriak "Arte en femenino" kultura-programa aurkeztu dute, emakume artisten espazioa aldarrikatzeko
Jarduerak ostiral honetan abiatuko dira, ‘Las 10 de 10’ erakusketarekin, eta ekainaren 6ra arte hainbat solasaldi, tailer eta hitzaldi izango dira. Bertan Lucía Lacarra, Isabel Verdini, Montse Fornells edo Carmen Lahoz egongo dira, bai eta Carmen Lomana edo Irango Sahar Mirhoseini artista ere, besteak beste.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta La Central arte galeriak "Arte en femenino" izeneko kultura-programa aurkeztu dute gaur goizean. Programa horren barruan hainbat jarduera, tailer eta solasaldi antolatuko dira, emakumeek sortutako artea ikusarazteko eta emakume artisten espazioa aldarrikatzeko diziplina artistiko guztietan. Saio guztiak arte galerian bertan egingo dira, Gros auzoko Kale Berriko 5. Zenbakian astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Goizane Álvarez Kulturako foru diputatuak programa honen garrantzia nabarmendu du: "Historian zehar, emakumeen ahotsa isilarazi, alde batean baztertu edo bigarren maila batean utzi izan da artearen esparruan. Horregatik, Aldundiak funtsezkotzat jotzen du emakume sortzaileei leku bat eskaintzea, haien talentua eta begirada bakarra erdigunean jarriz. Erakundeok, eta bereziki erakunde publikook, arrakala hori desagerrarazteko lan egin behar dugu, emakume artistei merezi duten espazioa eman behar diegu eta emakumea interpretazio prozesuetan zein arte sorkuntzakoetan sar dadin esku-hartu behar dugu".
Ildo horretan, La Centraleko zuzendari Lourdes Pérez Patxok azpimarratu du emakumeak mendeetan zehar artean izan duen papera artelanen objektu edo musarena izan dela. Orain artistaren papera lehen planoan kokatzen da, sorkuntzarena. Programa honek, Arte en Femenino, eta erakusketa honek, bereziki "Hamarreko 10 Emakume/Las diez de 10", ez du emakumeen gaia bakarrik jorratzen. Programaren izenburuaren arabera, protagonista emakume sortzailea da, estilo, gai eta formatu desberdinekin, baina nota komun batekin, bere lanen kalitate artistikoarekin. Eta, bestalde, emakumea izango da jarduera-programa zabal baten protagonista, non kazetariek, idazleek, arte-historialariek, dantzariek, orkestra-zuzendariak eta abarrek parte hartuko duten.
Programa honen bidez plataforma bat eskaini nahi da emakume artisten ahotsen aniztasuna aitortu eta aintzatetsi dadin, horrela, Gipuzkoako kultur panoramari ikuspegi berri bat emanez, eta ekainaren 6ra arte ikusi ahal izango da.
Arte diziplina guztien errepasoa
Jarduerak ostiral honetan abiatuko dira, ‘Las 10 de 10’ erakusketarekin. Bertan, Gipuzkoako hamar emakume artista garaikideren lanak bilduko dira eta haien bidez frogatuko digute arteak ez duela generorik, baina bai kontatzea merezi duten makina bat istorio eta konkistatu beharreko espazio.
Erakusketan Julia Otxoa, Ainize Txopitea, Susana Ferreira, Dorleta Díaz, Elena Arrese, María Castilla, Martxe Arana, Nora Pilarte, Adriana Ibargoyen eta Nisa Goibururen lanak jarriko dira ikusgai eta katalogo bat osatu da haiekin.
Arte erakusketaz gain, programak zenbait tailer, hitzaldi, solasaldi eta film proiekzio izango ditu, guztiak ere emakumeek kulturaren arloan duten zeregina ardatz hartuta, eta emakumeak protagonista direla. Jarduera aipagarrienen artean, besteak beste, hitzaldiak, solasaldiak eta dantza laborategiak egingo dira, denak Gipuzkoako kulturan erreferente diren emakumeek emanak, hala nola Lucía Lacarrak, Isabel Verdinik edo Montse Fornellsek. Gainera, pertsona ospetsu batzuk ere izango dira, hala nola Carmen Lomana, bere azken liburua aurkeztuko duena; Sahar Mirhoseini artista irandarra, gonbidatu berezia izango dena, edo Carmen Lahoz, bere performance "Deconstrucción" izenekoa ekarriko duena.
"Arte en femenino" programaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuan, "emakumeen arte sorkuntza sustatzeko eta babesteko gure konpromisoa berretsi nahi dugu, gure gizartean kultura aberasten laguntzeko", adierazi du amaitzeko diputatuak.
Programa osoa esteka honetan: https://lacentralartgallery.com/exposicion-de-arte-diez-de-10/
3121