Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura eta Lankidetza Departamentuak 67 proiektu diruz lagunduko ditu, krisi humanitarioen ondoriozko eskaera ugarien artetik

Kultura eta Lankidetza Departamentuak 67 proiektu diruz lagunduko ditu, krisi humanitarioen ondoriozko eskaera ugarien artetik

• Ia 4 milioi euro bideratu dira lankidetzarako laguntzetara, eta, azken hamarkadan lehenengo aldiz, proiektuen % 46 kanpoan geratu dira, eskaerak ugaritu egin direlako.

2024/10/28
Lankidetza

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak gaur goizean aurkeztu du 2024 ekitaldiko lankidetzarako laguntzen deialdiaren emaitza. Guztira, 67 proiektu lagunduko ditu diruz foru erakundeak, 3,9 milioi euroko partida baliatuta. Finantzatutako berrogeita hamar programa baino gehiagotik % 34,3 Latinoamerikan gauzatzen dira, ia % 29,8 Afrikan, % 5,9 Asian eta % 35,8 Gipuzkoan, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako proiektuetan.

Mundu mailako hainbat gatazka eremutan bizi den larrialdi humanitarioko egoera delikatuak eragin zuzena izan du, bai aurkeztutako proiektu kopuruari dagokionez, bai gaiari dagokionez, eta unean uneko eta lehentasunezko ekintza proiektuetara bideratutako ildoetan gorakada erregistratu da.

Kultura eta Lankidetzako diputatu Goizane Álvarezek deitoratu duenez, "azken hamarkadan, gutxienez, lehenengo aldia da aurkeztutako proiektuen % 46k ez duela mozketa lerroa gainditzen eta dirulaguntzatik kanpo geratzen dela. Laguntza humanitarioa eta larrialdietakoa da kapitulu garrantzitsuenetako bat oraindik ere, baina eskaeren kopuruak gora egin duenez, asko zaildu da dirulaguntzen banaketa".

Halaxe azaldu du Álvarezek gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan; han izan dira Lankidetzako zuzendari Ana Priede, UNRWA Euskadiko ordezkari Bárbara Ruíz, Unicef Euskadiko lankidetza arduradun Natividad Campillo, eta Setem Hego Haizeako teknikari Amaia Díaz ere.

Guztira 124 GKEk aurkeztu dute lankidetzarako laguntzak jasotzeko dokumentazioa, 2023ko 103en aldean (+% 20). Bost dirulaguntza lerro dira (A-Garapen proiektuak; B-Hezkuntza; C-Gizarte eraldaketako ekintza puntualak; D-Larrialdiko laguntza eta gizarte ekintza; eta E-Afrikako garapen proiektuak), eta horietatik C eta D kapituluak izan du eskari gehikuntzarik handiena, gatazka armatuen edo hondamendi naturalen biktima diren herrien berehalako premiei lotuta, azken urtean 23tik 31ra eta 11tik 18ra pasa baitira, hurrenez hurren.

Programen eremu geografikoari dagokionez, Latinoamerika da proiektu gehien biltzen dituen eremua, 23 guztira. Eta horietatik % 70 lau herrialdetan garatzen dira:  Guatemala, Mexiko, Kolonbia eta Peru. Afrikan 16 programa egiten dira, kontinentean sakabanatuago; izan ere, 13 herrialdetan garatzen dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira Etiopia (3), Senegal (2) eta Afrikako Erdialdeko Errepublika. Asiak 3 proiektu ditu deialdi honetan, eta gainerako 24ak Gipuzkoatik gauzatutako gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak dira.

Larrialdia, haurrak eta emakumearen ahalduntzea

Prentsaurrekoan, gainera, 2024ko laguntzak jaso dituzten 67 proiektuetatik hiruko ordezkariak izan dira, lankidetzaren arloko hiru behar nagusi ordezkatzen dituztenak: krisi humanitarioa, haurren eskubideak eta emakumearen ahalduntzea.

Ildo horretan, Lankidetzako diputatuak azpimarratu duenez, "denok ikasten dugu emozioaren bidez, eta desberdintasunaren aurka borrokatzeko ezinbestekoa da arazoari aurpegia jartzea. Horrela bakarrik lortzen dugu enpatizatzea eta dirulaguntza lerro horien beharra ulertzea. Euro bakoitzaren atzean erantzukizuna, konpromisoa, gure inguruan gertatzen denarekiko sentsibilitatea dago, eta, azken batean, itxaropena eta aukerak sustatzea». Hala, azpimarratu du lankidetzarako laguntzak "gizarte kontratu bat direla, gipuzkoarrok mundu bidezkoagoa eraikitzeko dugun akordio bat", eta horregatik aldarrikatu du "lankidetzako lana politika publiko sozial gisa".

Bárbara Rúiz, UNRWA Euskadiren ordezkaria

"Laguntza horrekin, 7.000 haurrek baino gehiagok jasoko dituzte psikohezkuntzako jarduerak, 12.000 haurrek jolas jardueretan parte hartuko dute, eta 2.400 haurrek banakako kontsultak jasoko dituzte"

Barbara Ruiz UNRWA Euskadiko ordezkariak adierazi duenez, «hezkuntzak bermatzen du Gazan palestinar haurrek beren nortasuna gordeko dutela eta ezbeharraren aurrean irmo jarraituko dutela». Azken erasoaldia hasi aurretik, UNRWA bigarren hezkuntza hornitzailea zen Gazan, gutxi gorabehera 300.000 ikaslerekin. "UNRWAk ahalegin handia egiten zuen ikasleen osasun mentalari laguntzeko, 18 urtetik beherako haur bakar bat ere ez baitzen bizi izan eraso bat ikusi eta jasan gabe. Gaur egun, 300.000 ikasle horiek hezkuntza zerbitzutik kanpo daude. Horrek, ikaskuntzaren ikuspegiko inplikazioez gain, baditu bestelako ondorioak ere, hala nola arriskuarekiko esposizio handiagoa izatea eta babesik eza", adierazi du.

UNRWAren larrialdietako hezkuntza programa Gazako ofentsiba bakoitzarekin aktibatu da eta frogatu du arreta eta laguntza mota horrek espazio seguruetako traumari berehala erantzuteko «diferentzia nabarmena eragin dezakeela epe luzerako susperraldian», eta, horrela, hezkuntzarako trantsizioa erraztu dezakeela egoerak ahalbidetzen duenean.  "Orain, su-etenik edo korridore humanitariorik ez dagoenez, eta ikasle gehienek babesguneetan jarraitzen dutenez, UNRWA zero faseko plan bat ezartzen ari da, osasun mentaleko eta laguntza psikosozialeko arreta jarduerekin. Jarduera horiek babeslekuen barruan ezar daitezke, dauden baliabideak erabilita. Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, bermatu ahal izango dugu 7.000 haurrek baino gehiagok jarduera psikoedukatiboak jasoko dituztela, 12.000 haurrek jolas jardueretan parte hartuko dutela eta 2.400 haurrek banakako kontsultak izango dituztela".

Natividad Campillo, Unicef Euskadiko lankidetzako arduraduna

"Horrelako dirulaguntzak lagungarri zaizkigu talde eta indar armatuetatik askatutako haurrek bergizarteratzeko programa bat has dezaten eta indarkeriaren biktima diren 1.500 haurrek laguntza psikosoziala jaso dezaten"

Afrika Erdiko Errepublikak oraindik ere egoera humanitario konplexu bati egin behar dio aurre, hondamendiak eta krisi humanitarioak gainjartzen baitira. Afrika Erdiko Errepublikako haurrek gabezia maila oso altuak dituzte. Zoritxarrez, Afrika Erdiko Errepublikako hiru milioi haur ikusezin bihurtu dira munduan gertatzen diren hainbat krisiren artean.  Indar eta talde armatuekin lotutako milaka haur eta gaztetxorentzat egoera hori areagotu egiten da, eta, beraz, oraindik ere argi dago beharrezkoa dela epe luzerako birgizarteratze sozioekonomikorako, hezkuntzarako eta lanbide heziketarako programak egitea.   

Natividad Campillo Unicef Euskadiko Lankidetzaren arduradunak adierazi duenez, Lankidetza Departamentuak finantzatzen dituen proiektuen bidez, "UNICEFek, Afrika Erdiko Errepublikako Gobernuarekin batera, azken 9 urteetan lortu du talde armatu horietatik liberatutako 17.500 haur eta nerabek laguntza jasotzea eta beren komunitateetan integratzea". Proiektu horri esker, "talde eta indar armatuetatik askatutako 100 haurrek birgizarteratze programa bati ekingo diote, eta indarkeriaren biktima diren 1.500 haurrek laguntza psikosoziala jasoko dute; horrek babes ingurune bat eta itxaropenerako leku bat emango die". "Erronka da bizkarrik ez ematea, ezin baititugu haur eta nerabe horiek ahaztu", amaitu du.

Amaia Díaz, SETEM Hego Haizea

"Dirulaguntza horri esker, proiektu bat garatu ahal izango dugu Guatemalan, 230 emakume indigena maiaren autonomia fisikoa, ekonomikoa eta politikoa indartzeko"

Setem Hego Haizea GKE bat da, eta 15 urte daramatza Guatemala AFEDES erakundearekin lanean. Emakume indigenen erakunde horrek Sacatepéquez departamentuaren egiturazko arazoak aztertzen ditu, patriarkatuarekin, kapitalismoarekin eta kolonialismoarekin zerikusia dutenak. Amaia Díazek adierazi duenez, "hurrengo bi urteetan garatuko dugun proiektuak pentsamendua indartuko du, emakume indigenen eta herri maien eskubide indibidual eta kolektiboen inguruko prestakuntza politikoko eta sentsibilizazioko prozesu baten bidez, antzinako ezagutzak, historia eta praktikak babesteko eta defendatzeko". Ildo horretan, zehaztu duenez, "Lankidetza Departamentuaren dirulaguntzari esker, Guatemalako 7 departamentutako 230 emakume indigena maia antolaturen autonomia fisikoa, ekonomikoa eta politikoa indartu nahi da", azaldu du Amaia Díazek.

  

3627