Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kulturako leguntzen deialdia onartu da

Kulturako leguntzen deialdia onartu da

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Denis Itxaso Kultura diputatuak proposatuta, onartu du kultura esparru ezberdinetan lan egiten duten entitateei zuzendutako diru laguntzen deialdia. Horretarako 310.000 euroko kontu saila bideratu da.

2016/03/14

Aurtengo deialdian, Kultura Departamentuak beharrezkoa ikusi du zenbait aldaketa egitea proposamenen balorazioan, hiru helburu nagusirekin: gazteak ere sartzea saritzeko, herritarren parte hartze handiagoa sustatzeko, eta Europako kultur hiriburutzatik eratorritako helburuekin kointzidentzia maila bat egoteko. Hiriburutzaren helburuak dira, besteak beste, berrikuntza, gizarteratzea eta balio etikoak, zeinak balioan jarri nahi duten bizikidetza hobea eraikitzeko tresna gisa kulturak duen egitekoa. Era berean, asmoa da diziplina eta tipologia mota ezberdineko erakunde, eragile eta elkarteek, publiko nahiz pribatuek, elkarrekin lan egitea, aliantzak sortuz eta lan sareak sendotuz. Departamentuak ezarritako helburuetako beste bat da lurraldeko kultura eskaintzaren oreka lortzea.

Maria Jose Telleria Kultura zuzendariak azaldu duenez, “Gure zereginaren abiapuntua da aitortzea lurraldeko kultur eragile guztiek egiten duten ahalegin garrantzitsua, eta lortu nahi dugun helburua da sare horiek sendotzen jarraitzea, lankidetza proiektuak sustatuz eta aliantzak balioan jarriz, horrek egiten gaituelako benetan handi. Gainera, bultzatuko diren ekimenetan lagundu nahi dugu oreka puntu bat bilatzen dinamika egonkorren eta berrikuntzaren artean”.

Honako hauek dira onartutako diru laguntzak:

a) Irabazi asmorik gabeko kultur elkarteentzako diru laguntzak, Gipuzkoan kultur proiektuak eta jarduerak egiteko.
Diruz lagungarriak diren jarduerak era askotakoak izan daitezke: ikerketa, prestakuntza, sentsibilizazioa, zabalkundea edo koordinazioa arlo artistiko ezberdinetan. Jarduerak burutzeko beharrezkoak diren funtzionamendu gastuak ere sartu ahal izango dira. Proiektuek udal esparrua gainditu eta lurralde proiekzioa izan beharko dute, eta jarduerak aurten burutu beharko dira.

b) Udalentzako, udal elkarteentzako eta irabazi asmorik gabeko kultur entitateentzako diru laguntzak, ikus-, eszena- eta musika-arteen jaialdiak, zikloak, lehiaketak eta sariketak antolatzeko.)
Laguntza hauen helburu nagusia da lurraldeko kultur eskaintzaren oreka lortzea, jarduerak udalerri berean pilatzea ekidinez. Kontuan hartuko da jarduerak baloratzeko eta edizio batetik bestera aldaketak sartzeko egindako ahalegina. Proiektu guztiek beste finantzaketa iturri batzuetatik, publiko nahiz pribatuetatik, lortu beharko dute aurrekontuaren % 50eko finantzaketa, gutxienez.

c) Enpresa pribatuentzako diru laguntzak, ikuskizun eszenikoak sustatu eta saltzeko, eta ikuskizun eszenikoak ekoizteko espazioak eta azpiegiturak lagatzeko.
Ikuskizunen kalitate kontrastatua, dantzaren presentzia, arrisku artistikoa, gaurkotasuna eta berrikuntza sarituko dira. Era berean, konpainien egituran emakumeak egotea baloratuko da.

d) Udalentzako eta irabazi asmorik gabeko kultur entitateentzako diru laguntzak, Gipuzkoako udaletako arte eszenikoen eta musikaren urteko programazioa egiteko (Euskadiko Antzoki Sarea).
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak ondorengo modalitatekoak izango dira:

  •  Arte eszenikoak: Urteko antzerki edota dantza programak, gutxienez, sei ikuskizun desberdin izan beharko ditu.
  •  Musika: Urteko programan, gutxienez, 4 kontzertu eskaini beharko dira, eta horietako bi talde edo artista euskaldunek ekoitzitakoak izango dira.

Bi modalitate horietan, ikuskizunak talde edo artista profesionalek ekoitzitakoak izango dira eta ekipamendu eszeniko egonkorretan programatu beharko dira. Diru laguntza eskuratu ahal izateko, entitate eskatzaileek nahitaez aurkeztu beharko dute arte eszenikoen gutxieneko programazioa.
Ondarerako laguntzak
Bestalde, kultur ondarea zaharberritu eta finkatzeko diru laguntzen deialdia ere onartu da, museo zentroetarako, indusketa eta ikerketa arkeologikoetarako, eta dokumentu ondarea zaharberritzeko. Horretarako 320.000 euroko kontu saila bideratu da.

Kultur ondarearen zaharberritzeari dagokionez, diru laguntzak emango dira kultur balio garrantzitsua izan eta zaindu, finkatu, zaharberritu eta lehengoratzeko ekintzak behar dituzten materialetarako. Ondasun higiezinen kasuan, arreta berezia eskainiko zaie egitura finkatzeko lanei, estalkien konponketari, eta ikuspegi historiko eta artistikotik interes berezikoak diren elementu arkitektonikoen zaharberritzeari. Lehentasuna izango dute ondasun kalifikatuek edo inbentariatuek, edota kalifikatzeko edo inbentariatzeko espedientea dutenek. Diru laguntza gehienez ere 60.000 eurokoa izango da, eta lanak azaroaren 18rako amaituta egon beharko dute, oro har.

Museoetarako laguntzen kasuan, funtzio museistikoen eta erakusketa iraunkorren kudeaketako urteko programaren gastuak konpentsatzeko izango dira: kontserbazioa, erakusketa, ikerketa, zabalkundea, dinamizazioa, eta historia eta kultura orokorraren eta tokikoaren elementu eta alderdi informatzaileak. Diru laguntza, gehienez ere, jardueraren aurrekontuaren % 50ekoa izango da. Museoen arteko lankidetza hori sustatzearren, lurraldeko museo batek baino gehiagok gauzatzeko diseinatutako jarduera proposamenak izaera berezikotzat joko dira eta bere kostu osoaren % 75 arteko diru laguntza jaso ahal izango dute. Lankidetza hori, nagusiki, zabalkunde eta ikerketa ekintzetarako izango da.

Indusketa eta ikerketa arkeologikoetarako laguntzen bidez sustatu nahi da oraindik ezagutza oso partziala eta urria duten aldien ikerketa, eta nahiz eta ezagutza zientifikoak goraka egin duen azken urteotan ikerketa proiektuei esker, zabalkundea, askotan, eremu zientifikora mugatuta gelditzen da. Beraz, laguntza hauen bitartez sozializatu nahi dira lortutako ezagutza guztiak, dibulgazioko proiektuak babestuz.

  

1495