Kunsthal diseinuko goi mailako zentroaren aurkezpena.
Kunsthal diseinuko goi mailako zentroaren aurkezpena.
Kunsthal Euskal Herriko Arte Irakaskuntzen lehen goi mailako zentroa izango da 2016-2017 ikasturtetik aurrera.
- Gipuzkoan titulu horiek emateko baimenduta dagoen zentro bakarra da, eta EAEko arloko zentro pribatu bakarra.
- Bultzada handia da Gipuzkoako sorkuntza industriarentzat.
- Kunsthalek 18 urte eman ditu Diseinua irakasten hainbat arlotan (Diseinu Grafikoa, Barne Diseinua, Paisaia eta Animazioa).
- Titulu horiek ez ezik, Pasaia eta Lorategi Diseinuaren Goi Mailako Zikloa eta Animazioko Goi Mailako Zikloa eskaintzen jarraituko du.
- Itxaso: “Funtsezkoa da talento sortzaileen prestakuntzan sakontzea diseinuari dimentsio berri bat iemateko eta merkatu berriak irabazteko".
Denis Itxaso Kultura foru diputatuak eta Gaizka Zuazo Kunsthaleko zuzendariak aurkeztu dute, gaur goizean, Irungo arte plastikoen zentroa den Kunsthalen etapa berria. Hemendik aurrera, Kunsthal Arte Irakaskuntzetako Goi Mailako Zentroa izango da, eta, ondorioz, Diseinu Grafikoaren eta Barne Diseinuaren goi mailako titulazioak eman ahal izango ditu, unibertsitate graduen mailakoak.
Horrela, hurrengo ikasturtetik aurrera, esan liteke Kunsthal "Gipuzkoako Diseinuaren Unibertsitatea" izango dela. Gipuzkoan ezaugarri horiek dituen zentro bakarra izango da, eta Euskadiko pribatu bakarra, Gasteizko Goi Mailako Eskola baino ez baitago bertan.
Itxasok adierazi duenez, "diseinuak aukera ematen digu marka politika bat sortzeko eta garatzeko, produktu bat bereizteko eta, neurri handi batean, jendearen nahiak eskuratzeko. Horregatik da hain garrantzitsua diseinuaren eta pareko diziplinen munduan murgiltzea Gipuzkoa bezalako lurralde bat, kalitatezko industria ekoizpen bat duena, bertako produktuek dimentsio berri bat izateko eta merkatu berriak irabazteko".
Itxasoren ustez, oinarrizko kontu bat da ekoizpen sistemara jakintza ekar diezaioketen profesionalak prestatzea. "Prestakuntzan eta sentsibilizazioan, bietan, Kunsthal zentroak ia hogei urte darama ibilbide bikain bat osatuz, zeina ederki islatzen baita bertako ikasgeletatik igaro diren profesional kopuru handian. Lan hori sendotu egiten da orain goi mailako titulazioekin eta Gipuzkoako diseinuaren unibertsitatea izango denarekin, hartara sorkuntzaren industriek bultzada handi bat izango dutelarik".
Gaizka Zuazok azpimarratu duenez, "kualifikazio hau urte hauetan zehar egin den lana aitortzea da, zentro txiki baten lan apala, berrikuntzaren alde beti, hala hezkuntzari dagokionez, nola enpresari dagokionez".
"Unibertsitate mailako tituluek Kunsthali aukera emango diote Gipuzkoako sorkuntza industriak indartzeko, maila goreneko prestakuntza batekin", esan du zuzendariak.
18 urteko ibilbidean zehar, Kunsthalek xede izan du maila eta kalitateko goreneko ikasketak ematea; eta bere ahaleginak, orain, sari hau jasotzen du, Gipuzkoako sorkuntzaren industrientzat bultzada garrantzitsu bat izango dena, alorreko profesionalen kualifikazioa hobetu egiten denez gero.
Goi mailako tituluez gain, Kunsthalen Paisaia eta Lorategi Diseinuaren Goi Mailako Zikloa eta Animazio Diseinuaren Goi Mailako Zikloa eskaintzen dira. Hauetarako, ez da aurreikusten goi mailako figurarik hezkuntzako araudian.
Kunsthal diseinuaren lanbide profesionala eta hezkuntza uztartzen dituzten hainbat profesionalek osatzen dute. Bertan, Irunen, egungo lan sistemak ekartzen dituen inguru batean, ikasleek egiazko bezeroentzako proiektuak egiten dizute eta lan praktiko ugari burutzen dituzte eskola orduetan.
2282