Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kontziliazioa, belaunaldi arteko erronka

Kontziliazioa, belaunaldi arteko erronka

Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendaria

2017/07/04

Oraindik ere, errazagoa da atomo bat desegitea aurreiritzi bat baino, aspaldi Albert Einsteinek esan zuen moduan. Aurreiritzi batek berekin dakar gai bati buruz iritzia ematea, baita izateko arrazoirik gabeko eta zentzudun ezagutzatik ez datorren iritzi bat defendatzea ere. Hori horrela, eta alor guztietan aurrerapen handiak egin baditugu ere, badaude zenbait aurreiritzi gizartea egituratzeko dugun moduan sustraituta: adibide ezin hobeak dira espazio publiko eta pribatuak, eta ekoizpen-esparruaren (lan mundua, batez ere) eta ugalketa-esparruaren (familiaren zaintzarekin lotutako guztia, familia bere zentzu zabalenean ulertuta) arteko bereizketa.

 

Aurreiritziak ez dira aise aldatzen, eta horien gainean eraikitako estereotipoek naturalizatu egiten dituzte (iragarkien, hedabideen, kulturaren edo kirolaren bidez, besteak beste). Baina, jarrai al dezakegu estereotipo horiek bizirik irauteak dakartzan ondorioak jasaten ere? Ezetz uste dut. Eta hala uste dut, ikusten dugulako azkar jokatu behar dugula jasaten ari garen aldaketa sakon horren ondorioak ikuspegi kritikotik irakurtzean, atzera bueltarik gabeko puntu batera iritsi ez gaitezen. Bai argi ikusi ere. Kontziliazio erantzunkidea kontu garrantzitsua da, premiazkoa. Geroz eta gehiago, gainera.

 

Alde batetik, etorkizun garbirik ez duen krisi demografiko bat ari gara jasaten. Bizi-kalitatea harrigarri hobetzea lortu dugu; luzaroago bizi gara, eta baldintza hobeetan. Munduan 60 urtetik gorako pertsona-proportzio handiena duen eskualdea izango da geurea 2050. urterako. 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren arabera, euskal populazioaren ia heren batek izango du 65 urte baino gehiago hemendik hamabost urtera, eta 80 urtetik gorako 7.000 pertsona baino gehiago egongo dira Gipuzkoan 2026rako. Erronka kolektibo handi baten aurrean gaude. Bizi-kalitatea hobetu izanagatik, ezin izan ditugu suntsitu gure historiako jaiotze-tasa apalenera ekarri gaituzten egiturazko oztopoak. Ez dugu asmatu aurreiritziak desegiten, ezta horiei eusten dieten mekanismo sozial, enpresarial eta kulturalak ezabatzen ere.

 

Bestetik, aberastasunaren sorrera-modelo orekatu eta jasangarri baten bila gabiltzala-eta, beste ekonomia baten sorreraren lekuko izaten ari gara. Ekonomia horrek talentu-ekarpen handiagoa eskatzen du, baita kudeaketa-modelo berriak izan ditzagun, pertsonengan eta  haien itxaropen eta behar aldakorretan oinarritutakoak. 

 

Geurea bezalako inguru ekonomiko batean, industriak sortutako aukerei horren lotua dagoen batean, lehiakortasun-faktorea da berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea sustatzea. Izan ere, eragin positiboa izan dezake bai esparru pribatuan (emakumeentzako enplegagarritasun handiagoa eta kalitatezko ibilbide profesionalerako irispidea) bai esparru kolektiboan (eskuragarri dagoen talentu guztiaren probetxu enpresarial handiagoa). 

Hainbat hamarkadatatik hona ohartarazi dute gizarte aurreratuenek beharrezkoa dela –premiazkoa, gaur egun– bizitza profesionalaren, familiarraren eta pertsonalaren arteko egiazko oreka bermatzea. Oreka falta horrek bereziki zigortzen ditu emakumeak. Oztopoak suntsitzen aritu dira bai genero-desberdintasunen kontzientzia (geroz eta handiagoa), eta bai emakumeak bizitza publikoan, eta lan-munduan bereziki, oldeka sartu izana. Saihestezina da jada jarrera bat hartzea. Esparru sozial eta ekonomikoa jasaten ari diren aldaketa sakon horiek etorkizunean pentsarazten digute, eta dei egiten digute, lan egin dezagun pertsonen funtzio sozial eta ekonomikoekin orekan dagoen modelo berri bat sortzeko.

 

Aste honetan aurkeztu dugu Kontziliazio Erantzunkiderako I. Foru Plana; hainbat eragilek hartu dute parte plan horren prestakuntzan, eta asmo handiko ikuspegi batetik sortu da: Gipuzkoa eskualde aitzindari izan dadin nahi dugu kontziliazio erantzunkidea sustatzen, euren bizitza osoki garatzeko aukera ematen baitie bertako herritarrei. Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan dago, etorkizunaren ikuspegi jakin bat dauka, eta modu berritzailean lantzen du ikuspegi hori: emakumeen ahalduntze ekonomikoa erronka kritikoa da eskubide sozial, indibidual eta kolektiboetan oinarritutako gizarte eredu bat sortzeko orduan. Eta, eskubide bat izateaz gain, funtsezkoa da bizirik irauteko.

 

Ikuspuntu hori hartzea behar-beharrezkoa da lurraldearen garapen pertsonal, sozial, ekonomiko eta politikoaren garapenari laguntzeko; baina badu zailtasunik ere. Erakundeen, eragile ekonomiko eta sozialen, eta herritar guztien elkarlana eskatzen du, dudarik gabe. Beste “hitzarmen sozial” batez ari dira jada zenbait aho, erronka bat baita egitura sozialak eraldatzea elkarbizitzaren oinarrizko alderdiak berrantolatzeko, neurri berean gizonen eta emakumeen artean, eta egiazko berdintasun horren sustapenean zerikusia duten alde guztien parte-hartzearekin.

 

Kontziliazio erantzunkidea kontzeptu transbertsala da, eta gakoa da gizarte berri baterantz joan gaitezen: gizarte humanoago, bateratzaileago, eta gizon-emakumeen itxaropenekin koherenteagoa den baterantz. Hori dela eta, kontziliazio erantzunkidea da Gipuzkoa lehiakorrago eta jasangarriago baterantz eramango gaituen belaunaldi arteko erronka.

  

1621