Foru Aldundiak teknologia kuantikoen aldeko apustua indartu du laguntza lerro berri batekin
Foru Aldundiak teknologia kuantikoen aldeko apustua indartu du laguntza lerro berri batekin
1.041.000 euro xedatuko ditu enpresen eta enpresetako I+G unitateen lankidetza proiektuei laguntzeko.
Foru Aldundiak laguntza lerro berri bat onartu du Gipuzkoako sare ekonomikoan teknologia kuantikoak sustatzeko, horrela, legegintzaldi honetan egiten ari den apustua indartzeko: lurraldea etorkizuneko esparru horretan erreferente bihurtzea. Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Jon Gurrutxaga, Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendariarekin batera, gaur jakinarazi duenez, ‘Gipuzkoa Quantum’ izeneko deialdian 1.041.000 euro bideratuko dira enpresek edo beren I+G unitateek gidatutako teknologia horiek erabiltzen dituzten I+G proiektuak garatzen laguntzeko, baldin eta proiektu horietan esperientzia duen erakunde batek parte hartzen badu.
“Gipuzkoan gaitasun eta indargune handiak ditugu arlo horretan, erakundeen arteko lankidetza eredu bati, espezializazio adimendunari eta epe luzerako ikuspegiari esker. Horren ondorioz, azken bi hamarkadetan bikaintasun zentroak finkatu dira, hala nola DIPC, MPC eta Nanogune. Ahalik eta etekin handiena atera nahi diogu potentzial aurreratu horri, sare ekonomikoaren eta ezagutza zentroen arteko lankidetza eta esperimentazioa sustatuz, kalitatezko enplegua sortzen duten enpresa ekimen arrakastatsu berrien hazia ereinez. Gure ikuspegia ekonomia sendo eta aurreratu batena da, etorkizuneko ongizatea bermatzeko aukera emango diguna, eta, horretarako, honen moduko sektore indartsuetan kokatu behar dugu”, Larrañagak adierazi du.
Iaz, Aldundiak laguntza lerro bat ireki zuen arlo horretan proiektuak dituzten ikerketa zentroentzat, 435.000 euroko zuzkidurarekin. Laguntza horren onuradun izan ziren Tecnun, DIPC, CIC nanoGUNE eta Materials Physics Center. Hala ere, Foru Aldundiak, orain, enpresa sarean jarri du arreta, hartzaile gisa, eta ezagutzaren transferentziaren aldeko apustua egiten du. Horretarako, dagokion enpresaz edo I+G unitateaz gain, teknologia horietan aditua den antolakunde batek, gutxienez, parte hartu beharko du proiektuetan, teknologia horiek konpon ditzaketen erronka zehatzak definitzen laguntzeko. Antolakunde hori enpresa bat edo Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko zentro bat izan daiteke. “Teknologia horiek aplikatzeko gaitasuna duten enpresa multzo handi bat dugu, aldeko ekosistema batez gain, eta horien aukerak maximizatu nahi ditugu”, adierazi du diputatuak.
Horrela, Gurrutxagak zehaztu duen moduan, oinarrietan kontuan hartuko dira proiektu bakoitzean parte hartzen duten entitateen kopurua eta profila, trakzio gaitasuna eta emaitzak eta onurak lortzeko potentziala, ardatz hartuta “arazoak konpontzea, aplikazio berriak, zerbitzuak, produktuak, patenteak, OTEBak, Europako finantzaketa lortzeko aukerak, enplegua sortzea, argitalpen zientifikoak, prozesuen optimizazioa, terapia berriak, sareetan parte hartzeko aukerak edo ikerketa lerro berriak sortzea. Azken finean, oinarriak indartzen saiatzen gara, Gipuzkoa oinarrizko ikerketarako ez ezik, teknologia kuantikoetan enpresak berritzeko eta garatzeko gune ere izan dadin, industria ikerketaren eta garapen esperimentalaren aldeko apustua eginez”, azaldu du.
Deialdia abuztuaren 30ean zabaldu zen, oinarriak eta zegokion informazio guztia GAOn argitaratu ondoren. Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa Internet bidez aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz eta horretarako eskuragarri dagoen eskaera betez. Horretarako epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Proiektu bakoitzeko jaso ahal izango den gehieneko diru laguntza 120.000 eurokoa izango da, eta ondorengo hauek hartuko ditu barne: langile kostuak, entitate adituaren kontratazioa, proiekturako erabilitako tresneria eta materiala, edo aholkularitza.
Teknologia Kuantikoen Poloa
Laguntza horiekin, Aldundiak osatu egiten du legegintzaldi honetan arlo honetan abian jarri den estrategia, Etorkizuna Eraikizen esparruan, ‘Gipuzkoa Quantum’ izenekoa. Proiektu honek DIPC eta Multiverse Computing enpresa hartzen ditu barne. Enpresa hori Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortu zen, besteak beste. Multiversek finantzaketa iturri garrantzitsuak izan ditu (Europako Batzordearen eskutik 12'5 milioi jaso ditu, besteak beste) eta munduko lider gisa finkatu da finantza erakundeentzako software kuantikoko aplikazioetan. Kualifikazio handiko 70 laguneko nazioarteko taldea du, eta Toronton, Parisen eta Munichen egoitza bulegoak ditu, Donostian egoitza nagusia izateaz gain.
Estrategia horren barruan, 2021eko irailean, Aldundiak jarduera protokolo bat sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin, Donostian Teknologia Kuantikoen Poloa sustatzeko. Polo horrek 6.000 m²-ko eraikin berri batean izango du erreferentziazko espazioa. Eraikin hori Donostian egongo da, Ibaetako campusean, eta obrak maiatzean hasi ziren. 300 ikertzailerentzako 80 laborategi bilduko ditu, ondorengo arloei zuzenduta: konputazio kuantikoa, neutronikoa, superkonputazioa, kimika aurreratua, material berriak eta polimeroak. Azpiegitura berri hori egiteko lanek bi urte iraungo dute, eta 12 milioi euroko kostua izango dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuta. Jaurlaritzaren IKUR bikaintasun ikerketa sustatzeko estrategiaren barruan, teknologia kuantikoak lehentasunezko 4 alorretako bat dira.
Larrañagak gai honetan “erakundeen artean dagoen lankidetza emankorra” azpimarratu du, “Gipuzkoaren eta Euskadiren gaitasunak indartzeko aukera emango duena, espezializazio adimentsua itsasargi gisa hartuta. Ezin dugu lehiatu, tamainari dagokionez, nazioarteko erraldoi handiekin, baina, hala ere, aukera paregabea dugu apustu sendoa egiten badugu.” Behin eta berriz esan du "hori egiteko unea dela". “Esparrua bere une gorenean dago orain, inbertsioak arrazoizkoak dira orain, eskura ditugun aktiboak diferentzialak dira orain, eta eskualde gehienak ez dira planteatzen ari oraindik, ezagutza eta aktibo faltagatik. Eremu hori oso azkar ari da eboluzionatzen, eta, beraz, orain hazi lanak egiten dituzten eskualdeek lehiaketa abantaila izango dute, eta inbertsioa eta talentua erakarri ahal izango dute.”
Teknologia kuantikoak eskala mikroskopikoko propietateak aprobetxatzen saiatzen dira, eskala horretan ez baitute agintzen Newtonen legeek, baizik eta lege kuantikoek. Eskala subatomikoan gertatzen diren fenomeno horiei esker, gizartean eragin handia duten teknologia oso disruptiboak sortu ahal izango dira, eta horrek paradigma aldaketa ekarriko du eremu askotan. Konputazio kuantikoari esker, orain arte konponezinak ziren arazoak konpondu ahalko dira, eta erraztu egingo da optimizazioa, adimen artifizialaren bilakaera edo datu kopuru handien erabilera. Teknologia kuantikoek aukera emango dute aplikazio ugari sortzeko ia sektore guztietan: komunikazioak eta enkriptazioa, medikuntza, energia, garraioa, industria, etab. Horien eragina konputazio tradizionalak (egungo ordenagailuak) izan duenaren baliokidea izango dela aurreikusten da.
3209