Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldi baterako enplegua egonkortzeko EPEaren deialdiak eta oinarriak onartu ditu Aldundiak

Aldi baterako enplegua egonkortzeko EPEaren deialdiak eta oinarriak onartu ditu Aldundiak

2022 urteko EPE eskaintza arruntak ere argi berdea jaso du gaurko Kontseiluan, eta Abbadia Saria Garabide Elkarteari ematea erabaki da.

2022/12/20
Eider Mendoza foru bozeramailea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu aldi baterako enplegua egonkortzeko Enplegu Publikoko Eskaintzaren (EPE) hautaketa prozesuen deialdiak eta oinarriak. Erabaki hau enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak ezartzen dituen 20/2021 Legeak dionari jarraiki hartu da. Guztira 68 deialdi dira, 46 merezimendu lehiaketa bidez egingo direnak eta gainerakoak (22) oposizio lehiaketa bidez. Enplegu publikoko eskaintza honek 363 funtzionario plaza egonkortzea ekarriko du, eta beste 59 plaza lan kontratupeko langileenak (Ogasuneko aldizkako finkoen kontratazioak); guztira 422 plaza. Deialdien detaile guztiak datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).

          Gaur goizean eman du honen berri Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko egin ohi duen prentsa agerraldian. Bertan nabarmendu duenez, “prozesu oso konplexu baten aurrean gaude, jende askori eragiten diona, eta beraz gai oso delikatua da esku artean duguna”. “Aldundiak zintzotasunez eta arduraz jokatu du hasieratik, eta funtzio publikoko teknikariek txapela kentzeko lana egin dute zentzu honetan. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet”, azpimarratu du.

Pasa den urteko abenduan 20/2021 Legea onartu zen Madrilgo Kongresuan, behin behinekotasuna murrizteko urgentziazko neurriak ezartzen zituena. Lege horrek ezarritakoaren arabera, ekainaren 1a baino lehen definitu behar zituen administrazio bakoitzak egonkortze prozesu horretan eskainiko zituen plaza kopurua, eta halaxe egin zuen Aldundiak. Gero, bigarren fasean, abenduaren 31 baino lehen, plaza horiek betetzeko hautaketa prozesuen oinarriak garatu, negoziatu, onartu eta deialdiak argitaratu behar dira. “Horixe da gaur iragartzen ari garena”, argitu du Mendozak. Prozesua amaitzeko, prozesu hauek guztiak 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebatzi beharko dira.

“Balioetsi beharreko merezimenduei eta deialdi bakoitzean ezarri beharreko merezimenduen baremoari dagokienez, adierazi behar da irizpide ahalik eta objektibo eta arrazoizkoenetan oinarrituta zehaztu direla. Esaterako, deitu beharreko plaza horietan hautaketa prozesuak egin diren ala ez, eta noiz egin diren prozesu horiek”, zehaztu du foru bozeramaileak. “Beraz, balioetsi beharreko merezimenduak eta haien baremoa berdinak dira ezaugarri berak dituzten deialdietan. Horretan oinarrituta, egonkortzeko hautaketa prozesuetako balioetsi beharreko merezimenduak eta merezimenduen baremoa ezarri dira”, argitu du.

          Hautaketa prozesuen nondik norakoen inguruan, 20/2021 Legeak bi modalitate ezberdin ezartzen ditu. Hauek, postua hutsik egon izanaren zahartasunaren arabera ezartzen dira. Honela, batetik 2016ko urtarrilak 1a baino lehen etenik gabe behin behineko langileekin beteta egon diren plazak merituen lehiaketa bidez beteko dira. 362 plaza eskainiko ditu Aldundiak modalitate honetan. Bestetik, 2020ko abenduaren 31 aurreko hiru urteetan gutxienez etenik gabe behin behineko langileekin beteta egon diren plazak lehiaketa-oposizio bidez eskainiko dira, eta 60 plaza onartuko ditu foru erakundeak modalitate honetan. Hortik aurrerakoak, ohiko EPE prozesuen bidez egingo dira eta egiten ari dira Gipuzkoako Foru Aldundian.

2022ko EPEa

Azken talde honetako EPEekin lotuta dago gaurko Kontseiluan onartu den bigarren erabakia. Izan ere, 2022ko EPE eskaintza arrunta onartu du foru erakundeak gaurko bileran. Eskaintza honetan bi deialdi daude, eta kanpora begira 27 plaza eskainiko ditu: 25 administrari eta 2 administrazioko kudeaketako erdi mailako teknikari. Hauei gehitu behar zaizkie beste 12 plaza (10 administrari eta 2 ET administrazio kudeaketan) barne promozioetan. Beraz, guztira 39 plaza izango ditu 2022ko EPEak.

Datozen egunetan argitaratuko dira xehetasun guztiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta prozesu hauei buruzko informazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragai (egoitza.gipuzkoa.eus). 2022ko enplegu publikoko eskaintzako plazak aurreko urteetako enplegu publikoko eskaintzetako (2020 urtekoa) izaera bereko beste plaza batzuei metatuko zaizkiela. “Izan ere, ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiak tarteko, enplegu publikoko eskaintza desberdinetako plazak metatzea komeni da, guztien hautapen prozesuak batera egiteko”, esan du Mendozak.

          Foru bozeramaileak parte hartzera animatu ditu herritarrak.          “Interesa duen oro animatu nahiko nuke Aldundiak gaur gaurkoz martxan dituen EPEei buruzko informazio eskuratu eta hautaketa probetan parte hartzera”, esan du. “Egungo mundua erronkaz beteta ageri da eta, horiei aurre egiteko, erakunde sendoa behar dugu, etorkizuneko desafio horiek gainditzeko gaitasuna duena; horregatik, lurraldeko talentua erakarri nahi dugu. Nahitaezkoa da belaunaldi berriak erakundean txertatzea, etorkizuneko munduko erronkei eraginkortasunez erantzuten jarraitu ahal izateko”, adierazi du.

Abbadia Saria 2022

Hirugarrenik, 2022ko Abbadia Sariaren berri eman nahi du gaurko agerraldian Mendozak: epai mahaiak aho batez proposatuta, Garabide Elkarteari emango zaio aurtengo saria. “Kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Garabide eta, zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta”, adierazi du foru bozeramaileak. Gaineratu duenez, Aldundiak hizkuntza lankidetza, hizkuntza lankidetza eta hizkuntza pertzepzioa bezalako ezaugarriak azpimarratu nahi izan ditu sari honekin.

Hizkuntza lankidetzaren puntuan, Mendozak esan du azken 50-60 urtez garatu den euskararen biziberritze prozesuak aurrerapauso nabarmenak eragin dituela hizkuntzaren egoeran, eta erreferente bihurtu dela munduko beste hizkuntza gutxituen komunitateentzat. “Prozesuan pilatu den jakintza biltzen, erakusten eta transmititzen lan handia ari da egiten Garabide elkartea. Lan horrek bi norabide dituela ere erakutsi dute, alegia, euskararen komunitatean badugula erakusteko moduko esperientzia metatua eta, aldi berean, haiek badutela guri zer irakatsi hizkuntzarekiko jarreretan eta bizipenetan”, azaldu du.

Hizkuntza elkartasunari buruz, bozeramaileak adierazi du lankidetza praktikatuz, Garabidek erakutsi duela euskararen komunitateari badagokiola bere esperientzia transmititzeko eta garatzeko erantzukizuna, beste batzuek eredua balia dezaten haien ibilbidea marrazteko. “Elkartasunetik abiatuta erakutsi digute, hizkuntza gutxitu bat biziberritzea ez dela kapritxo azalekoa, eta garrantzi berezia duela planetaren aniztasunerako”, nabarmendu du. Hirugarrenik, hizkuntzaren pertzepzioan sakondu du, azalduz Garabide elkartearen lanari esker, euskararen komunitatea jabetzen ari dela gainerako hizkuntza gutxituekin baduela eginkizun partekatua, eta eginkizun horretan badagokiola trakzio lana egitea, euskaren inguruan pilatu den eskarmentua eta baliabideak guztion helburuen alde jarrita. “Honenbestez, uste dugu euskararen sustapenean adibide aurreratua dela, zabaldu beharreko eredua. Erakusten duelako, argi eta garbi, hizkuntza minorizatuen eta kulturaren biziberritze prozesuek oinarrian badutela jasangarritasunaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren eta ekitatearen aldeko ikuspegia”, azpimarratu du.

Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz. “Badira euskararen inguruko beste sari batzuk, baina gehienak beste sektore batzuetan ari dira, eta gaian adituak diren pertsonei zuzenduta daude”, esan du foru arduradunak. Nolanahi ere, Anton Abbadia sariak leku handiagoa bete nahi du, euskararen erabilera biziberritu, gizarteratu eta hedatzen duten pertsona eta taldeentzako nolabaiteko aitortza izan nahi baitu. Anton Abbadia gogoratuz, sariak euskaltzaleen topaleku izatea nahi da: sari hau ematearekin batera, euskararen inguruan lan egiten duten pertsona guztien harremanak indartu eta berritu nahi ditu Aldundiak, giro hurbil, bero eta alaian.

  

8489