Goi mailako kirolarientzat Programa estrategiko bat abian da
Goi mailako kirolarientzat Programa estrategiko bat abian da
Ekimena Kirolgiren bidez garatuko da eta Real Sociedad Fundazioa, Eibar Fundazioa eta Ibiliz bezalako entitateen laguntza izango du.
Kultura eta Kirol Departamentuak Gipuzkoako goi mailako kirolarientzako laguntza programa bat jarriko du abian 2017an. Programak helburutzat ditu talentua sustatzea, lehiaketaren balditzak hobetzea eta kirol lasterketetan emaitzarik onenak lortzeko beharrezko laguntza eskaintzea. Ekimen honen bidez erantzuna eman nahi zaie atzeman diren beharrei eta gabeziei –ez soilik ekonomiari loturikoei–, kirolariek arreta osoa txapelketan jartzeko aukera izan dezaten. Denis Itxaso diputatuaren hitzetan, «ohikoa da pentsatzea goi maiako kirolariek lotuta dutela guztia: zerbitzu medikuak, prestakuntza fisikoa, bidaiak edo partaide izaten diren ekitaldien kudeaketa, baina ez da hala. Haietako askok guztiaz arduratu behar izaten dute, baldintza zailetan batzuetan, eta horrek oztopatu egiten die arreta beren benetako zereginean jartzea: lehiaketan eta Gipuzkoarentzat emaitzarik onenak lortzean».
Kirolarien testigantzen eta eskaeren bidez izan dugu kasu horien berri, kasurik larrienetan Foru Aldundira jo izan baitute maiz bizi behar izan dituzten zailtasunen berri emateko. Zailtasun egoera horiek nabarmen eragiten diete errendimenduari eta kirol emaitzei, eta kasu batzuetan kirol jarduera uztea ere eragin izan dute. Horrekin batera, kaltetu egiten dira Gipuzkoak lor ditzakeen emaitzak eta proiekzioa, ezinbesteko direnak, bestalde, harrobia sustatzeko eta balio berriak txertatzea lortzeko.
Arazo horri aurre egiteko, Kultura eta Kirol Departamentuak kirolarientzako laguntza lerro bat diseinatu du, eta zerbitzu eta laguntza ugari eskainiko dizkie goi mailako kirolariei Kirolgi Fundazioaren bidez eta beste entitate batzuekin lankidetzan. Programaren hartzaileak hauek izango dira nagusiki: hainbat selekziotan parte hartzen duten nazioarteko gipuzkoarrak, Rioko Joko Olinpikoetan parte hartu duten kirolarietatik hasita. Zerbitzuak aldakorrak eta malguak izango dira eta behar jakinetara egokituko dira, baina, funtsean, arlo hauek babestuko dituzte:
- Mediku arreta; mediku arretari eta errekuperazio prozesuari lotutako aholkularitza eta laguntza.
- Prestakuntza fisikoa eta errekuperazioa; lesioen ostean, bereziki, behar bezala indarberritzen direla eta kirol errendimendu betera itzultzen direla ziurtatzeko.
- Komunikazio eta marketing pertsonala; laguntza eta babesa norberaren gaitasunak kudeatzeko, proiekzio profesional handiagoa lortzeko eta entitate eta babesleekiko harremanak kudeatzeko.
- Logistika; laguntzak tramitatzeko eta kontu administratibo eta burokratikoetarako laguntza zerbitzuak.
Aipatutako arlo horiez gain, lerro berezi bat abian jartzea aurreikusten da, kirolariei lehiaketatik erretiratzeko prozesua errazteko eta gizartean eta lan munduan integratzen laguntzeko. Aro berriari aurre egiteko aholkularitza, laguntza eta prestakuntza eskaini nahi zaizkie, eta, gainera, goi mailako lehian eskuratutako esperientziak sortutako aktiboaren balioa azpimarratu.
Kirolarientzako laguntza programa Kirolgiren bitartez jarriko da abian, beste entitate eta enpresa batzuekin egindako hitzarmenen bidez. Proiektuaren lehen fasean Real Sociedad Fundazioaren, Eibar Fundazioaren eta Ibilizen laguntza eta partaidetza izango da. Programak eskainiko dituen laguntzak eskatzeko deialdia 2017ko otsailean irekiko da, eta goi mailako kirolari guztiek har dezakete parte, bai olinpikoek, bai nazioarteko selekzioetakoek, bai eta Gipuzkoarentzat erreferente izan eta lurraldearen marka kanpoan proiektatzen laguntzen duten gainerakoek ere.
1607