“LH DuaLa euskaraz” Limousin Kartoiak enpresan nola garatzen den ikusteko bisita
“LH DuaLa euskaraz” Limousin Kartoiak enpresan nola garatzen den ikusteko bisita
“LH DuaLa Euskaraz” egitasmoaren baitan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Laneki elkarteko ordezkariek bisita egin dute Tolosan kokatutako Cartonajes Limousin enpresara.
Bisitaren arrazoi nagusia lantokiaren egunerokoan euskarak duen papera aitortzea izan da. “LH DuaLa Euskaraz” egitasmoaren helburu nagusia lan arloan euskararen erabateko normalizazioa ahalbidetzeko baliabide egokiak eskaintzea da, eta honekin aurrera egiteko ezinbestekoa da Limousin Kartoiak bezalako lantokien jarrera eta lana.
Lantokiaren egunerokoan murgiltzen
Iñaki Ormazabal, Limousin Kartoiak enpresako gerentea, izan da ordezkarien bisita gidatzearen arduraduna, eta bisita egin dute Garbiñe Mendizabal (Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria), Iker Estensoro (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari), Ainitze Blanco (Lanekiko presidentea), Olatz Imazek (Lanekiko koordinatzailea), eta Patxi Amantegik (Tolosako Udaleko alkateordea).
Bisitan zehar lantokiaren instalazioak ezagutzeko aukera izan dute, eta gertuagotik ezagutu euskararen erabilera sustatzeko bertan hartutako neurriak. Instalazioei bisita egin ondoren, lan bilera bat izan dute, etorkizunera begira lantokiaren egunerokoan euskarak duen presentzia mantendu edo areagotzeko aukerak aztertuz.
“Gipuzkoan baditugu hainbat esperientzia eta, haiek erakusten diguten moduan, euskara gainontzeko hizkuntzekin berdintasunean erabili ahal izateko aukerak eta espazioak sortzen direnean, horrek bultzatu dezake lantegi edo enpresa bateko langileen arteko kohesioa indartzea eta merkatura ateratzen duten produktuaren hobekuntza. Hau da, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik egindako aurrerapenaz gain, euskara inbertsio errentagarria da enpresarentzat”, adierazi du Iker Estensorok.
Ainitze Blancok nabarmendu du Gipuzkoan Lanbide Heziketa euskaraz sustatzeko gero eta baliabide gehiago garatzen ari direla, eta hau posible egiteko lantoki ezberdinen jarrera eskertu nahi izan du: “Gero eta ikasle gehiago ditugu euskaraz beraien ikasketak egiten, eta
hauen heziketa osotasunez euskaraz garatu ahal izateko Limousin Kartoiak bezalako lantokiak izatea ezinbestekoa dugu, beraz eskerrak eman nahi dizkiegu”.
3569