Urrezko domina Gipuzkoaren memoriari
Urrezko domina Gipuzkoaren memoriari
Aurtengo honetan, 1936ko estatu kolpearen ondoren balio eta erakunde demokratikoak defendatzeko borroka egin, eta gerraondoko errepresio frankista jasan zuten gipuzkoar guztientzat izango da Foru Aldundiak ematen duen Gipuzkoako izendapen gorena.
Gipuzkoarren ordezkari naizen aldetik, ohore handia da niretzat Gipuzkoaren izenean aitortu ahal izatea, gaur arratsaldean egingo den ekitaldi hunkigarrian, belaunaldi oso baten borroka eta frankismoak erail, errepresaliatu eta zigortutako milaka lagunek jasan behar izan zutena.
Milaka gipuzkoarren istorioak dardara eragiten digu oraindik. Estatu kolpearen ondoren gerra iritsi zen, eta milaka lagun hil ziren frontean balio demokratikoen alde; ehunka gizon-emakume eta haurrek galdu zuten bizia gizarte zibilaren aurkako erasoetan; erregimen frankista krudelak milaka lagun exekutatu zituen gure lurraldean. Horri gehitu beharrekoak dira, gainera, kontzentrazio edo lan esparruetan sarraskitu zituztenak, bai eta gosearen, gaixotasunen edo kartzelaren ondorioz hil zirenak ere. Horrela hasi ziren erregimenaren etsaiak deuseztatzen, herri euskalduna azpiratzen eta Falangearena ez zen edozein ideologia jazartzen.
Oinazeak, torturak, erbesteak eta heriotzak jarraitu egin zuten gerraondoan ere; hala, milaka izan ziren beren etxeak, negozioak eta ondasunak galdu zituzten biktimak, miseriara eta ostrazismora kondenatuak. Sufrimendua isilean jasan behar izan zuten, erregimenak istorio horiek isilarazi nahi izan zituelako.
Isiltasunaren zamak lurperatu zituen. Izan ere, diktadura ankerrak isiltasuna inposatu zuen hainbat hamarkadatan, eta trantsizio garaian luzatu egin zen isiltasun hori. Familia askok ere isiltasun luzea ezarri zioten beren buruei «iragana gogora ez ekartzeko» eta «sufrimendua ez areagotzeko». Baina isiltasun hori berori ez zen gai izan bizitako injustiziari aurre egiteko. Hizkuntzaren zorigaiztoko mututasun bat, hizkuntza bera ere ez baita gai hitz eta ulermen orori ihes egiten dion halako izugarrikeria bat kontatzeko.
Ez dira lekuko zuzen asko izango gaur arratsaldean, foru jauregian ospatuko dugun ekitaldian. Makina bat urte igaro dira ordutik. Haien ondorengoak bertan izango dira, ordea. Nahi nuke omenaldi eta oroitzapen honek laguntzea pertsona hauen aitortza publiko ongi merezitakoa egiten, haien nahigabea nolabait arintzen, eta gure historiaren zati bat ezagutarazten, ez baitago hain urrun ere, gure oraina eta etorkizuna baldintzatzen duen garai hori.
Urrezko plaka foru jauregiaren leku nabarmen batean ezarriko dugu, gure herriaren askatasuna eta demokrazia babesteko borrokatu ziren gipuzkoar haien oroitzapena ohoratzeko. Izan ere, 1936ko udan, matxinatuen aurkako erresistentziaren erdigunea Gipuzkoako Foru Aldundian bertan egon baitzen. Etxe honetatik zuzendu zen matxinatuei aurre egiteko antolamendua, lehen asteetako borroketan ehunka zauritu, kaltetu eta elbarritu artatu ziren hemen, gure lurraldean barrena zetorren altxamendu militarra geldiarazteko batasuna sortu zutenean indar demokratiko guztiek. Matxinatuek, berriz, Aldundia mendean hartu orduko, garbiketa espedienteak abiarazi zituzten 1.000 bat funtzionarioren aurka; horietatik 400 bat kaleratu zituzten, ehunka familia hondamendira eta behartasun gorrira bidalita. Beste langile askok, fusilatuko ez bazituzten, Fronte Popularraren aurka borrokatu behar izan zuten.
Urte asko joan dira orduz geroztik; belaunaldi haren seme-alabak, bilobak eta birbilobak gara orain oroitzapen honen egile. Izan ere, oroitzapena behar dugu historiaren zati hau ezagutzeko, transmititzeko eta gogoan hartzeko, etorkizun bidezko eta itzalik gabeko bat eraiki nahi badugu gure herriarentzat.
Ezin dugu ukatu, noski, gure gizarteak aurrera egin duela, baina, hala eta guztiz ere, bide luzea gelditzen zaigu oraindik belaunaldi oso baten borrokak babestu zuen kultura demokratikoa lantzeko. Gertatutakoaren oroipen argi bat transmititu behar dugu, ezin izango genioke geure buruari barkatu historiaren atal hau hutsunez eta isiltasunez ixtea. Gure eginbeharra da gazteei helaraztea. Oroitzapen osatu gabe bat, hutsunez betetako bat, zama handiegia izango litzateke etorkizuneko belaunaldientzat. Ezinbestekoa zaigu oroitzapena berreskuratu eta osatzea, etorkizunari geure barne lasaitasunez begiratu ahal izateko, honezkero gure artean ez direnen oroitza aintzat hartzen dugula jakinik.
Gaur pertsona haiek guztiak ohoratzen ditugu gure oroitzapenean. 81 urte geroago, lanean jarraitu beharra daukagu gure erakundea izan dadin giza eskubideen aldeko eta ahanzturaren aurkako gotorleku bat. Urrezko plakaren ikur honek dei bat izan nahi du, frankismoaren biktima hauek ez daitezen, gainera, ahanzturaren biktima ere izan; urrats txiki bat izan nahi du, egiaren, justiziaren eta aitortzaren eskubide oraindik osatu gabearen bidean. Eskubide hori, izan ere, gipuzkoar guztiona baita.
Milaka lagun eta familiarteko kendu zizkiguten, baina, aldi berean, ukatu ziguten gure hizkuntza, kultura eta hezkuntza izateko eskubidea; kendu zizkiguten emakumeek urte luzetan irabazitako eskubide sozialak; debekatu zituzten alderdi politikoak; ezabatu zuten kultu askatasuna... Galera militarra pairatuta ere, gure herriak burua jaso zuen bizirik irauteko; oinordekotza hori gorde behar dugu altxor baten eran.
Egia, justizia eta erreparazioa behar ditugu, gaur arratsaldean omenduko ditugun biktima errugabe guztiek gerran eta frankismoan pairatu zuten oinazearen ordain. Biktima haien familiek jakin bezate harro sentitzen garela belaunaldi hartaz, asko zor diegula.
1696