Zumarragako TEKa, Euskadin formalizatutako eta martxan dagoen lehen autokontsumo partekatua
Zumarragako TEKa, Euskadin formalizatutako eta martxan dagoen lehen autokontsumo partekatua
Gipuzkoan eratu den lehen energia-komunitateak abian du, jada, energiaren autokontsumo partekatua, udal-eraikinen estalkietako instalazio fotovoltaikoen bidez.
TEKaren lehenengo urtean 500 euro aurreztu dira, erosketa mankomunatuaren bidez bakarrik, TEKak negoziatutako tarifari esker.
2023. urteari begira, autokontsumo kolektiboa abian jarrita, hornidura konbentzionalaren bidezko elektrizitate-eskaria txikiagoa izango da, eta erosketa mankomunatua eginda, elektrizitatearen merkatuko batez besteko prezioek baino tarifa hobea lortuko da, eta, beraz, kide bakoitzarentzako fakturaren % 25eko aurrezpena aurreikusten da.
Udal-eraikinen estalkietan instalatutako 350 eguzki-plakek 160 kWp energia berriztagarri sortzen dituzte, herriko 180 etxe eta saltoki txiki hornitzeko.
Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren lege-zabaltze berriari esker, instalazioetatik bi kilometrora dauden bizilagun eta merkatariak TEKeko bazkide bihur daitezke orain.
Jose Ignacio Asensio: «Zumarragako TEKak, Euskadin autokontsumo partekatuko formatuan errendimendu osoz funtzionatzen duen lehenengoak, aurrezki handiak lortu ditu familientzat lehen hilabeteetan. Eredu energetiko sozial berri bat da, herritarrei bermea eta segurtasuna ematen diena, batez ere energia-merkatuaren egoera zail honetan».
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Zumarragako TEKaren lehen urteko emaitzak aurkeztu dituzte, Juan Diego Edinonerreko kontseilariarekin eta Rubén Riaño, CaixaBankeko Erakundeen zuzendariarekin batera. Erakunde horrek kudeatu du TEKaren finantziazioa MicroBank CaixaBanken gizarte-bankuaren bidez
Zumarragako Tokiko Energia Komunitatea, Edinorrek diseinatutako TEK (Tokiko Energia Komunitatea) ereduaren arabera eratua, Euskadiko lehena da errendimendu osoz funtzionatzen. Zumarragako TEKa 2022ko apirilean sortu zen ofizialki, eta hilabete batzuk daramatza lanean eta aurrezki ekonomikoak lortzen, TEKak berak kudeatzen duen erosketa mankomunatuari esker. 2022ko abenduan, Zumarragako TEKa errendimendu osoz funtzionatzen hasi zen autokontsumo partekatuko formatuarekin, eta Euskadiko lehen komunitatea bihurtu zen udal-eraikinen estalkietako instalazio fotovoltaikoen bidez energiaren autokontsumo partekatua abian duena.
Horrela, Zumarragako TEKak 160 kWp sortzen ditu dagoeneko, eta energia berriztagarriz hornitzen ditu inguruko 180 etxe eta saltoki txiki. TEKeko bazkideek onura ateratzen diete energia jasangarriaren autokontsumo partekatuko sistema horrek eskaintzen dituen abantailei, Izazpiko kantxaren, Argixao futbol-zelaiaren, Kultur Etxearen eta beste bi udal-eraikinen estalkietan instalatutako 350 plaka fotovoltaikoak martxan jartzeari esker.
Zumarragako TEKa, autokontsumo partekatuan eratu eta jarduteko aitzindaria izateaz gain, autokontsumo partekatuko bost instalazio fotovoltaiko martxan jarri dituen lehena izan da Gipuzkoan. Orain, 180 bizilagun eta saltoki txiki elkartuk erosketa mankomunatutik zein autokontsumo partekatutik datorren aurrezpen ekonomikoaren onura jaso dezakete.
Funtzionamenduko lehen hilabeteetan, eta TEKaren erosketa mankomunatuaren bidez lortzen diren etekinak soilik kontuan hartuta, bertako bazkideek urtean batez beste 500 euro aurreztu dituzte etxeko, eta 2.560 euro saltoki bakoitzeko. 2023. urteari begira, autokontsumo kolektiboa abian jarrita, hornidura konbentzionalaren bidezko elektrizitate-eskaria txikiagoa izango da, eta erosketa mankomunatua eginda, elektrizitatearen merkatuko batez besteko prezioek baino tarifa hobea lortuko da, eta, beraz, kide bakoitzarentzako fakturaren % 25eko aurrezpena aurreikusten da.
Zumarragan gauzatutako instalazioek 1.100 m2-ko azalera dute, eta bertan 350 plaka fotovoltaiko daude, 25 urterako. 160kWp-ko potentzia dute, eta eguzki-energia berdea sortzen dute, instalaziotik 1.000 metroko erradioan dauden 180 etxe eta negozio txiki hornitzeko.
Izan ere, eta Zumarragako TEKaren arrakastaren erakusgarri, gaur egun 50 pertsona baino gehiago daude bertan sartu nahi dutenak eta itxaron-zerrendan daudenak. Ildo horretan, nabarmendu behar da duela gutxi legeria aldatu dela; horren arabera, orain badaukate sartzea TEKean baita eguzki-instalaziotik bi kilometro ingurura bizi direnak eta saltoki txikiak ere, eta, beraz, eskaera horietako askori erantzun ahal izango zaie. Ildo horretan, Zumarragako Udala TEKa instalazio berriekin handitzeko aukera aztertzen ari da.
Energia-eredu sozial berri gisa eratzeaz gain, TEKak udalerriaren jasangarritasunari laguntzen dio, lortzen baita Zumarragan urtean 675 tona CO2 ez isurtzea. Hau CO2 xurgatzen duten 2.700 zuhaitz 25 urtez landatzearen pareko litzateke. Gainera, trantsizio energetikoaren prozesuan inplikatzeko aukera ematen die herritarrei eta tokiko erakundeei, energia modu garbiagoan, solidarioagoan eta jasangarriagoan sortuz eta partekatuz.
3237