Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lan egiteko modu berrietan sakondu nahi du Aldundiak, telelanean “salto kualitatiboa” emanez

Lan egiteko modu berrietan sakondu nahi du Aldundiak, telelanean “salto kualitatiboa” emanez

Foru erakundea aste honetan elkartuko da berriro ere lurraldeko udalekin: bihar 5.000 biztanle baino gehiago dituztenekin, eta ostegunean txikiekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak lan egiteko modu berrietan sakondu nahi du eta aurreko esperientziak oinarri hartuta, “salto kualitatibo” bat eman nahi du telelanean. Honenbestez, modalitate hau irmoki sustatzeko erabakia hartu du, eta beren lana ezinbestean presentziala ez den langile denei emango die horretarako aukera, kontziliaziora gaietara mugatu gabe. “Deialdi honen helburua da esperientzia irabaztea, lan egiteko modu berriekin esperimentatzen jarraitu eta biharko erakundea prestatzen hasteko. Zeren eta argi dago digitalizazioa etorkizuna dela eta, bere eskutik, eta betiere posible denean, telelana etorriko dela. COVID-19 gaitzaren pandemiak prozesu hau azeleratu besterik ez du egin eta, hori dela eta, Aldundiak aurrera pausoa eman nahi du arlo honetan”, esan du Eider Mendoza Aldundiaren bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Hasteko, azken egunetan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak pandemiaren hedapena geldiarazteko hartu dituzten neurriei egin die erreferentzia, eta beharrezkotzat jo ditu erabakiak. “Bigarren olatu betean gaude, eta datozen asteak gogorrak izango dira; beraz, herritarrei dei egin nahi diegu arduraz jokatzen jarraitzeko, eta osasun agintariek hartu dituzten eta hartuko dituzten neurriak errespetatzen segitzeko”, adierazi du. Gaineratu duenez, pandemiari aurre egitea da momentu honetan Aldundiak eta gainerako erakundeek esku artean duten erronka nagusia eta, norabide honetan, erakundeak lankidetzan aritzeko duen borondate osoa berretsi du, “bai osasun agintariekin zein gainerako erakunde eta eragileekin”.


Telelanaren gaira itzulita,  eta Mendozak azaldu duenez, foru erakundea lantzen ari den deialdia denboran mugatua izango da, hau da, ekainaren 30era arte luzatuko da eta deialdi irekia izango da, “modalitate hau onartzen duten lanpostu guztiei zuzendua”. “Bitarte horretan, lan presentziala eta etxetik eginikoa konbinatuko dira, harremanetan eta talde-lanean eragin negatiborik izan ez dezan. Deialdi irekia izango da eta ondoren, zerbitzuz zerbitzu azterketa egingo dugu, eskainiko dugun zerbitzuaren egokitasuna bermatzeko. Funtzio publikoak hartuko du azken erabakia ikuspegi global batekin”, azaldu du. Bozeramailearen ustetan, garrantzitsua izango da oso datozen hilabetetan jasoko den esperientzia, “etorkizuneko administrazioa eraikitzeko oinarri izango baita”. 
Gogoratu duenez, pandemiaren lehen olatuan, martxotik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak sekulako erronkari egin behar izan zion aurre lan egiteko moldeei dagokionean. “2020 hasieran 16 ziren baino ez ziren telelana egiten zuten foru langileak eta, konfinamendu egoerarekin, egun batetik bestera ia 1.000 lagun etxetik lanean jarri behar izan genituen. Zorionez, emaitza ona izan zen, oinarrizko zerbitzuak mantentzea lortu baikenuen, alternatiba telematikoak eskainiz, esaterako, Errenta kanpaina online egiteko bideak indartzearena”, nabarmendu du. Behin behineko telelanaren modalitate hau irail hasiera arte luzatu zuen Aldundiak kontziliazio behar bereziak zituzten langileentzat. Gaur egun, bozeramaileak argitu duenez, eta COVID-19 gaitza eragiten ari den egoera dela eta, badaude modalitate honetan lanean ari diren langileak. Honek “antolakuntza lan handia” eskatzen duela ere nabarmendu du Mendozak, eta eskerrak eman dizkie prebentzio ataleko eta funtzio publiko eta zerbitzu orokorretako langileei, egiten ari diren lan onagatik. 

 

Herriekin bilera
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarraipena emango dio pasa den astean lurraldeko udalekin izan zuen bilerari: asteazkenean 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herriekin, eta ostegunean udalerri txikiekin. Pasa den asteartea, zehazki, 70 alkate elkartu ziren Aldundiarekin, modu telematikoan eta foru erakundeak deituta. Bilera hartan, aipatutako alkate horiek Markel Olano diputatu nagusiarekin; Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuarekin; eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin elkartu ziren. Batzarrak pandemiaren bilakaerari elkarrekin heltzeko balio izan zuen, bai eta Aldundiak eta udalek Gipuzkoako kutsatzeen gorakada mugatzeko Osakidetzak abian jarritako osasun-mekanismoetan lagun ditzaketen neurriak aztertzeko ere. “Orduan eta orain, helburua da Gipuzkoako erakundeen arteko lankidetzan sakontzen jarraitzea, elkarlanean askoz modu eraginkorragoan egingo baitiogu aurre pandemiari eta bere ondorioei”, esan du Mendozak.  

 

Gizarte politikako partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 72 kasu positibo daude, honela banatuta: kasu 1 Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan; 24 Donostiako Alai-Etxen; 4 Bergarako Mizpirualden; 1 Donostiako La Paz-en; 8 Donostiako Berran; 22 Donostiako Lamourousen; 19 Zumarragako Argixaon; 1 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan; eta beste kasu 1 Donostiako Txara II-n. Hauetatik 8 ospitaleratuta daude, eta beste 47 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 36 egoiliar hil dira, eta 84 sendatu. 
Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 62 kasu positibo daude, 27 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 126 langile sendatu dira, eta guztira 47 zentrotan egon dira kasu positiboak langileen artean. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 8 positibo berri atzeman dira, eta 22 desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan: 2 eguneko zentroetan, 17 egoitzetan eta 3 etxebizitzan. Sare honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan 4 positibo atzeman dira, eta gogoratu behar da sare honetan 54 baliabide daudela, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan dituztenak. Azkenik, adingabeei arreta emateko baliabideen sarean, non 400 plaza dauden, 4 positibo jazo dira. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 32.171 proba egin ditu, hauetatik 3.825 pasa den astean: egoiliarren artean 1.730 eta egoitzetako langileen artean 2.095

  

1857